Bilbao Exhibition Centren jardueraz betetako asteburua izan da; izan ere, hitzordu horrez gain, SET Congress, Caravaning eta Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka eta Bad Religionen eta United Festivalen kontzertuak ere izan dira
Itxi ditu ateak Expovacacionesek. Asteburuan, Bilbao Exhibition Centreko 1. pabiloiak 31.269 bisitari bildu ditu hurrengo esperientzia turistikoaren bila eta hainbat tokitatik iritsi dira: Burgos, Kantabria, Errioxa, Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta beste leku batzuk. Beste behin, azoka honen 45. edizioak agerian utzi du emozioak bilatzea eta abentura berri batean barneratzeko gogoa dela bidaiariak bultzatzen dituen hori. Hala, bidaiariek proposamen pertsonalizatuak bizi eta bisitatzen dituzten tokiekin lotura sortu nahi dute.
45. edizio honen inaugurazio-ekitaldia zuzentzeaz arduratu zen Turismo eta Merkataritza sailburuordea, Jakes Agirrezabal, eta bertan izan ziren honako hauek ere: Barakaldoko alkatea, Amaia del Campo; Garraio, Mugikortasun eta Turismoko foru-diputatua, Sonia Pérez; Enplegu, Kohesio Sozial eta Berdintasuneko foru-diputatua, M. Teresa Laespada; Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia, Daniel Solana; eta Gobernuaren ordezkariordea, Carlos García Buendía, beste agintari batzuekin batera.
Experimenta eta Saborea ardatzek indartsu jarraitzen dute, sentsazioen bilaketa bidaiaren zati baita. Hala, jarduera sentsorialek jendetza bildu dute asteburuan zehar: dastaketak eta adrenalina pizteko esperientziak (parapente-simulagailua, adibidez).
Urtez urte, azokak inpaktu argia sortzen du Euskadiko turismoaren sektorean industria horren gainean duen efektu dinamizatzailea dela eta. Gainera, sailburuordeak berak honako hau adierazi zuen irekierako ekitaldi ofizialean: “sektoreak une ona bizi du, eta ez soilik gorakada erakusten duten zifrei dagokienez, baita garapenaren kalitateari eta jasangarritasunari dagokienez ere”. Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Aldundiaren standari esker, azokara gerturatu direnek txoko esanguratsuenetako batzuk berriro ezagutzeko aukera izan dute.
200 enpresa erakusketari baino gehiago bildu dira eta publikoaren kalitatea eta bildutako jende kopurua dela eta pozik agertu dira: bidaiatzeko gogoa duten pertsonak, bidaiatzeko moduari buruzko ideia garbiak eta kultura eta tradizioarekiko interes handia izan dira nagusi. Stand bakoitzean, teknikariek gidari lanak egin dituzte, balio handiko informazio espezializatua eta berezia eskainiz.
Gainera, Expovacacioneseko eskaintzarekin bat egin zuten azoka eta ekimen batzuek eta, horiei guztiei esker, BECen “beteta” kartela jarri behar izan dute asteburuan. Caravaningek, SET Congressek (pantaila-turismoaren Europako lehen kongresua) eta Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azokak, eta bi kontzertuk (Bad Religion eta United Festival) animazioa eta erritmoa jarri diote aurreko asteburuko programazioari.
Iruzkin bat utzi