45. edizioa egingo du maiatzaren 9tik 11ra, Bilbao Exhibition Centre-n

Expovacaciones-ek, penintsulako iparraldean liderra den turismo-sustapeneko azokak, 45. edizioa egingo du maiatzaren 9tik 11ra Bilbao Exhibition Centre-n. Bidaiak maite dituztenek milaka plan, turismogune, esperientzia eta zapore ezagutuko dituzte, amestu, bidaiatu, bizi lelopean. Aurreko edizioari jarraipena emanez, Esperimentatu eta Dastatu izango da, beste behin, azokaren eskaintza erakargarriaren ardatz nagusia.

Bisitariek mundu osoko kulturetan barneratzeko, jarduera berrietan saiatzeko eta historiaz eta arimaz betetako tokiak ezagutzeko aukera izango dute, bost zentzumenak erabilita. Bertan, turismogune basatietako zein hiri modernoenetako edertasuna miresteko, produktu exotikoenak dastatzeko eta usaintzeko, eta urruneko tokietako eta leku ezezagunetako soinuak eta ukipena sentitzeko aukera egongo da.

BECeko 1. pabiloira datozenek Estatuko eta nazioarteko turismogune askotako eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute. Euskadiko proposamenak ere ugariak izango dira: mendi ibilbideak edota bizikletaz egiteko ihesaldiak, kostaldeko edo barrualdeko herrietatik osteratxoak, zein hiriburuetan egin daitezkeen plan entretenigarriak, adibidez.

Gainera, data horietan, BECen Euskadiko Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka (FVO) eta Caravaning Euskadi azoka (kanpinlarien kultura maite dutenentzako hitzordua) ere egingo dira. Aurreko edizioetan karabanen hitzorduak izandako harrera onaren ondoren, sektoreko konpainia nagusiek beren proposamenak aurkeztuko dizkiete bisitariei: merkaturatutako azken ibilgailuak, atoiak, osagarriak eta altzariak, ibilbideei buruzko informazioa, atsedenerako geldialdiak, kanpineko egonaldiak eta resortak, eta abar.