Gustokok elikagai-merkatu handia bihurtuko du BEC, bertako produktu jasangarriekin eta kalitatekoekin, martxoaren 6tik 8ra

Azokaren hirugarren edizioa sendotu egin da Estatuko nekazal-munduaren erreferente gisa

Bilbao Exhibition Centre-k 1. pabiloia elikagai-merkatu handi batean bilakatuko du Gustoko azoka egiteko, bi urtean behin egiten den elikagaien eta produktu gastronomikoen azoka, martxoaren 6tik 8ra. Estatuko ia lurralde guztietatik, eta Portugaletik eta Frantziatik, etorritako 300 bat ekoizlek beren eguneroko lanaren emaitzak erakutsiko dituzte, jatorriarekin eta ekoizpen jasangarriarekin, bertakoarekin eta artisautzarekin konprometituta. Gustokok slow food mugimenduaren ordezkaritza zabala ere izango du, topaketaz baliatuko dena ekimenari atxikitako komunitate berriak gizartean aurkezteko eta euskal Slow Food komunitate eta ekoizleak senidetzeko ekitaldi bat egiteko.

Gustoko unibertsoak kaleak dituen herrixka baten moduan banatzen du espazioa: Jatorri-deitura kalea, Euskadiko Ekologikoak kalea, Slow Food kale nagusia, Gozokiak eta Edariak kalea eta Nekazaritza eta Landa kalea. Elikagai-merkatu berezi horrek, gainera, kultura-etxe bat izango du, non Arbasoko kideek beren lanak erakutsiko dituzten eta artisautza teknikarik onenei eta modernoenei buruzko tailerrak emango dituzten. Bertako produktuak izango dituen txosna bat ere egongo da, eta Orfeoi Jarrilleroak, berriz, herriari bizitza emango dio bere kalejirekin.

Gustoko azoka paregabea da, profesionalak eta publiko orokorra elkartzen baititu topaketa berean. Ildo horretatik, lehen taldearentzat dastatze pribatuak antolatu dira eta B2B topaketak prestatu dira. Azoka honen alderantzizko misioa garrantzitsua izango da, erosketa-zentralek, mota guztietako banatzaileek eta kanal espezializatuek ekoizleak bisitatuko baitituzte. Publiko orokorrari irekitako programazioari dagokionez, Bilbao Ostalaritza Goi Eskolak zuzendutako hainbat show cooking antolatuko dira, eta unibertsitateko katedradunek emandako dibulgaziozko hitzaldi zientifikoak egongo dira ere.

TOKIKO EKOIZLEENTZAKO ERREFERENTEA

Zuzeneko salmenta eta produktuen dastatzea oso presente egongo dira Gustokoren hirugarren edizio honetan, Estatu osoko nekazal-munduko erreferente bihurtu baita. Izan ere, ia autonomia-erkidego guztietako ekoizleek standa izango dute BECen. Horietako asko, gainera, beren lurraldeetako organismo edo erakunderen baten babespean elkartuko dira.

Ekoizleen artean Burgos, Ávila, Salamanca, Kantabria eta Asturias, Nafarroa, Errioxa, Katalunia, Andaluzia, Galizia eta Extremadurako ordezkariak etorriko dira, besteak beste. Eta Gustokon erakutsiko duten generoaren artean, honako hauek egongo dira: sagardoa, txakolina, garagardoa, eztia, arrautzak, urdaitegia… Ehunka produktu zentzumen guztiak esnatzeko, horietako askok Jatorri-deituraren edo Adierazpen Geografiko Babestuaren ziurtagiria baitute.

Ildo horretatik, edizio honetako berrikuntzetako bat Euskadiko ekoizle ekologikoentzako kale bat izatea da. Esparrura iritsi bezain laster, Slow Food kale nagusiaren parean aurkituko du bisitariak. Hain zuzen ere, lehengaien jatorrian eta horiek prestatzeko moduan arreta jartzen duen mugimendu hori oso presente egongo da Gustokoren edizio honetan. Bere show cooking propioak zuzentzeaz gain, kideek azoka honen esparrua baliatuko dute Slow Food komunitate berriak aurkezteko eta euskal komunitate eta ekoizleen arteko senidetze bat ospatzeko. Ekitaldia martxoaren 7an izango da, larunbata.

Goiz horretan bertan biziko da baita ere aurtengo beste ekimen berritako bat. Makilaren Kofradiaren eskutik, BECen egingo da Gustoko 2020 Gastronomia Lehiaketaren lehen edizioa, porrusalda on bat egitean datzana. Jende guztiak har dezake parte lehiaketan, eta proba hasi arte eman daiteke izena. Horrelako ekitaldietan ohikoa den mekanika erabiliko da: gisatuak jendearen aurrean prestatuko dira; aldez aurretik prestatutako osagairen bat erabiltzeak berehalako deskalifikazioa suposatuko du, eta kazola bakoitzak gutxienez lau errazio izan beharko ditu. Epaimahai profesional batek lehiaketarako egindako lanak baloratuko ditu, José Antonio Bastegietak, Markok, eta Jose Muruaga bermeotarrak aurkeztutako ekitaldi batean.

HITZALDI ZIENTIFIKOAK ETA MEDIKUNTZAREN ERREGE AKADEMIAREN SARIAK

Gustoko bezalako azoka baten planteamendua tokiko ekoizpenaren alderdi guztietan sakontzea da, baita haren kontsumoak osasunarentzat dituen onuretan ere. Hala, azokaren hiru egunetan, dibulgaziozko hitzaldi zientifikoak antolatu dira, gehienez ere 20 minutuko formatu laburrarekin, eta Nutrizioan, Fisiologian eta Prebentzio Medikuntzan espezializatutako unibertsitateko katedradunek emango dituzte, besteak beste.

Ostiraleko inaugurazio-hitzaldia ondorengoa izango da: Nola irakurri eta interpretatu elikagaien etiketak: Nutriscore aurreko etiketa berria. Carmen Pérez Rodrigo, Nutrizio Komunitarioko Espainiako Elkarteko (SENC) presidentea eta UPV/EHUko Fisiologia Medikoko irakaslea, izango da hizlaria. Larunbatean hitzordu bikoitza izango da: Frijituak osasungarriak dira?: Sukaldaritzako teknikak eta osasuna, Purificación García Segovia doktorearena (Valentziako Unibertsitate Politeknikoko Dietetikako irakaslea), goizez, eta Elikadura eta minbizia: prebentzio-baliabideak, Luis Casis UPV/EHUko Fisiologiako katedradunaren eskutik, arratsaldez. Azkenik, igandean, Km0 elikagaien eta produktu ekologikoen ahuleziak eta indarrak aztertuko ditu Lluis Serra Majemek, Prebentzio Medikuntzako eta Osasun Publikoko katedradunak eta Espainiako Nutrizio Akademiako presidenteak.

Halaber, Gastronomia eta Nutrizioko Adituen Bilera Nazionala egingo da Gustokon. Estatuko unibertsitate entzutetsuenetatik iritsitako gai horretako aditu nagusiak biltzen ditu urteroko ekitaldi honek. Euskal Herriko Medikuntzaren Errege Akademia (EHMEA) anfitrioia izango da antolatutako bi jardunaldietan, hitzaldi eta mahai-inguru ugari izango dituztenak. Ekitaldia Gustoko azokako larunbat eta igandean egingo da eta erabat pribatua izango da.

Azkenik, eta EHMEAk sustatuta, bere lehendakari Javier Aranceta Bartrina buru dela, lehen RAMPV-Makila-Gustoko 2020 sariak banatuko zaizkie hainbat ataletan nabarmendu diren pertsonei. Atalak honako hauek izango dira, beste batzuen artean: berrikuntza, ibilbide profesionala, bikaintasuna, gazte-ekimena edo tokiko produktuekiko konpromisoa. Sariak igandean banatuko dira, azokaren azken egunean.

Gustoko 2020 azokak martxoaren 6an irekiko ditu ateak. Goiza sektore profesionalarentzat erreserbatuta egongo da, baina 14:00etatik aurrera jende guztiari sartzen utziko zaio. Larunbatean, hilak 7, 11:00etatik 21:00etara izango da ordutegia; igandean, berriz, 11:00etatik 19:00etara. Sarrerak 2 euro balioko du eta doakoa izango da 13 urtetik beherakoentzat eta profesional akreditatuentzat. Gustokok haurtzaindegi zerbitzua izango du, txikienek puzgarriak eta beste joko batzuk izan ditzaten; eta baita edoskitze gela bat eta familientzako atseden gune bat ere. Gainera, azokako sarreran kontsigna bat jarriko da doan, egindako erosketak bertan uzteko eta egunaz gozatzen jarraitzeko.

-ek idatzirik|2021-11-22T17:27:41+01:004 de martxoa de 2020|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top