Bilbao Exhibition Centrek ekainaren 30ean egin du urteroko ingurumen-boluntariotzako jardunaldia. Aurtengo edizioan, Barakaldoko Udalak Ekologistak Martxan elkartearekin batera eta UPV/EHU-Euskal Herriko Unibertsitatearen laguntzarekin sustatutako erakustazokaren ingurunea birnaturalizatzeko proiektua izan da ardatza.

Jardunaldia ekimenaren irismenari eta orain arte egindako aurrerapenei buruzko hitzaldi batekin hasi da. Hitzaldia Alba Delgadok, Barakaldoko Udaleko Garapen Jasangarriaren eta Natura Ingurunearen Arloko zinegotziak, eman du, bere taldeko teknikariek lagunduta.

Bere hitzaldian, Delgadok nabarmendu du BEC birnaturalizatzeko proiektua Uraren Hiria hiri-proiektuaren barruan kokatzen dela. Proiektu horren helburua da “hiri- eta industria-ingurune batera natura itzultzea, biodibertsitatea handituz, bero-irlaren efektua murriztuz eta Barakaldoko herritarren bizi-kalitatea hobetuko duten berdeguneak sortuz”. Halaber, azpimarratu du administrazioen, gizarte-erakundeen eta unibertsitatearen arteko lankidetza “funtsezkoa” dela hiri berdeago, osasungarriago eta erresilienteago baterantz aurrera egiteko.

Bestalde, Xabier Basañez BECeko zuzendari nagusiak erakundeak jasangarritasunaren arloan egindako aurrerapenen errepasoa egin du, eta gogorarazi du erakustazoka udalerriko klima-babesguneen sareko kide dela. Era berean, azpimarratu du Bilbao Exhibition Centrek ekimen honetan parte hartzea jasangarritasunarekiko duen konpromisoaren barruan kokatzen dela; izan ere, jasangarritasuna euskal erakundearen jarduera gidatzen duten ardatz estrategikoetako bat da. Konpromiso horri esker, BECek nazioarteko Biosphere ziurtagiria lortu du. Ziurtagiri horrek erakusten du erakustazokaren eta bertan egiten diren ekitaldien kudeaketan ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-arloko estandarrak betetzen direla.

Ondoren, BECeko taldeak bisita bat egin du kanpoaldean, orain arte egindako lanen bilakaera bertatik bertara ezagutzeko eta BECek lurraldearen zaintzarako lagatako hiru lursailak ikusteko. Ekimenak udazkenean izango du jarraipena. Orduan, taldeak bigarren jardunaldi batean parte hartuko du, lursailak egokitzeko eta landaketak egiteko lanetan.

Barakaldoko Udalaren etorkizuneko Azpiegitura Berdeen Planarekin bat etorriz, proiektuak aurreikusten du 4.000 zuhaitz eta zuhaixka autoktono baino gehiago landatzea erakustazokaren inguruko hainbat eremu estrategikotan. Landaredi autoktonoa txertatzeak lagunduko du CO₂-a finkatzen, euri-ura xurgatzen eta tenperatura, airearen kutsadura eta ingurumen-zarata murrizten.