Itsas sektorea World Maritime Week-en bilduko da, nazioarteko maila altueneko topagunea dena

35 armadore eta ontziola inguru eta lehenengo mailako ehun bat hizlari hartuko dute parte Sinaval, Eurofishing, FuturePort eta Marine Energy Week kongresuetan

Bilbao Exhibition Centre-ek otsailaren 12tik 14ra ateak irekiko dizkio nazioarteko itsas sektoreari WORLD MARITIME WEEK hartuz, foro bakarrean sektoreko lau esparruak barne hartzen dituen topagunea. Hauek dira lau sektoreak eta horien inguruan egingo diren kongresuak: ontzigintza SINAVAL kongresuan, arrantza EUROFISHING kongresuan, portuak FUTUREPORT kongresuan eta itsas energia berriztagarriak MARINE ENERGY WEEK kongresuan. Ekitaldi hau ezinbesteko topagune bihurtzeko ardatzak hiru izan dira: networking eta B2B programa, parte-hartzaileen harrera ona duena eta 35 enpresa inguruko erosleen parte hartzea izango duena; kongresuen programa, maila altueneko ehun hizlari inguru izango duena -erdia gure mugetatik haratagokoa delarik-; eta azkenik, erakusketa gunea, non 100 enpresa baino gehiagok Luxua pabiloian ekonomia urdina izenekoaren azken berrikuntzak erakutsiko dituzten eta bertaratutako 2.000 pertsona ingururekin hausnarketan arituko diren (bisitariak gonbidatuak izan dira). Ardatz hauetako bakoitzak badu bere garrantzia World Maritime Week azokaren osotasunean,  sektoreak azoka hau interesgarritzat jotzen du eta kontutan izaten duelarik agendan.

Inaugurazio ekitaldia otsailaren 12an, asteartea, izango da, 13:30ean, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua den Arantxa Tapiaren eskutik.

AURREZ AURREKO HARREMANA, WMW-REN INDARGUNEA

Ez da World Maritime Week bezalako itsas-eremuko beste topagunerik, horrek nortasun propioa duelako. Biurteko izaerarekin jaio zen 2017an nazioarteko proiekzio handiagoa emango zion indarra lortzeko helburuarekin; hurrengo edizioan, 2019an, goi-errendimenduko negozio-esparru gisa lehenengo edizioaren maila gainditzea lortu du. Networking programak eta B2B topaketek aurrez aurreko harremana eta batzuen beharrak eta besteen eskaintzak ezagutzeko beharrezkoa den elkarrizketa sustatzen dute. Horretarako, preskriptoreen eta hornitzaileen agendak gurutzatzen dira, bi alderdietarako erabilgarria den informazioa trukatuz. Zentzu honetan, 35 ontziola eta armadore inguru baieztatu dute bertaratuko direla B2B topaketetara, horiek 27 herrialdetatik etorriak direlarik, besteak beste, Filipinetatik, Malaysiatik, Singapurretik, Indonesiatik, Thailandiatik, Alemaniatik, Greziatik, Danimarkatik, Erresuma Batutik, Irlandatik, Iranetik, Belgikatik, Marokotik, Turkiatik, Zipretik, Egiptotik, Holandatik, Vietnametik edo Mexikotik.

Bestalde, World Maritime Week-ek gizarte agendan jartzen du arreta ere bai. Horren harira, erakusketarientzako, hizlarientzako, agintarientzako eta erosleen delegazioentzako koktel pribatuez eta bilerez gain, 300 profesionalentzako gala-afaria antolatuko du. Eta, ekitaldi honen esparruan, FINE sariak emango dira, edizio honetan laugarren urteurrena dutenak. Guztira hamar estatuatxo banatuko dira kategoria hauetan nabarmenenak izan direnak aintzatesteko: Itsasontzia, Ontziola, Armadorea, Ingeniaritza-proiektua, Erakundea eta Profesionala. Gainera, arrantza-sektoreari, portuko sektoreari eta itsas energia berriztagarrien sektoreari aintzatespen berezia egingo zaie. Azkenik, ibilbide profesionala berresteko Ohorezko Saria emango da.

INAUGURAZIO SAIO KOMUNA ETA LAU KONGRESU

Sinaval, Eurofishing, FuturePort eta Marine Energy Week kongresuek haien agenda propioa daukate eta, zientziaren alorrean, lau kongresuek lortu dituzte haien hitzaldi edo mahai-inguruetarako itsasoaren sektoreko izen propio nabarmenak biltzea, hala nola Philippe Louis-Dreyfus, Louis-Dreyfus Taldeko presidentea; Alejandro Aznar, Espainiako Itsas Klusterraren eta Grupo Ibaizabal-aren presidentea; Juan Riva, Suardiaz Taldeko presidentea; Alfonso Mingarro, Cepsa Trading Managing Director; Jorge Zickermann, LNG – Naturgy-ren Itsas-garraioko zuzendaria, eta Miguel Luque, Repsoleko Itsas-garraioko zuzendaria, oil&gas-en beste ontzi-enpresa eta ontzidiren ordezkariez gain. Lau kongresuetan, hiru egunetan zehar, goizean, ekitaldi bakoitzari dagozkion hitzaldiak eta mahai-inguru tematikoak egingo dira. Arratsaldean, dagoeneko programatuta dauden bilera sektorialak egingo dira gerturatutakoekin.

World Maritime Week-en programak 12an, asteartea, izango du osoko bilkura, lau biltzarretarako komuna izango dena. Irekiera saioa Antonio Garamendik, Espainiako Enpresaburuen Elkarteen Konfederazioaren (gaztelaniaz, CEOE) presidenteak, egingo du; zeinak Ekonomia urdinak eta sektoreek enpresa- eta gizarte-garapenean duten garrantziari buruz hausnartuko duen. Geroago, Philippe Louis-Dreyfus-ek, Louis-Dreyfus Taldeko presidenteak, nazioarteko itsasoko sektorearen inguruan duen ikuspegia emango du saio magistral batean. Frantsesaren parte hartzea eta gero, Alejandro Aznarrek, Espainiako Itsas Klusterraren eta Grupo Ibaizabal-aren presidenteak, mahai-inguru bat moderatuko du. Aznarrek mahai-inguruaren ondorioak azalduko ditu hau amaitutakoan. Osoko bilkura Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua den Arantxa Tapiak eramango du aurrera eta buru izango da ekitaldiaren itxieran erakusketa guneko standetatik agintarien delegazioarekin egingo den ibilaldian.

SINAVAL kongresurik zaharrena eta World Maritime Week-en bizkarrezurra da. Ontzigintzaren sektoreak urteak daramatza ekitaldi honetara gerturatzen eta, bigarren edizio honetan, ontzi-enpresen eta pleitarien profil berriari buruz hitz egingo da. Aurreko urteetan bezala, Estatu-ontziei buruzko jardunaldi militar bat egongo da, Espainiako Armadaren eta Europako SEA Europe elkartearen ordezkarien parte hartzea izango duena. Berritasun gisa, kongresu honek atal zibil bat izango du, non Itsasoko Salbamenduko, Aduanetako eta Guardia Zibileko profesionalek parte hartuko duten.

EUROFISHING kongresuak flotaren belaunaldi-txandaketaren arazoari sakonki helduko dio. Horretarako, Francisco González Gonzálezek, Asturiasko Printzerriko Arrantza zuzendariak, eta Manuel Bermúdezek, Celeiroko portuko Proiektu zuzendariak, emango dute testigantza; flota eta lurralde guztietan eragina duen arazo honen aurrean hartu dituzten neurriei buruz hitz egingo dute biek. Kongresu honetan ondorengoek parte hartuko dute ere: Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria; Nicolás Sagarzazu, Heziketa eta Ikaskuntza Zuzendaritza zuzendaria; eta Elisabet Gorospe, Hazi Fundazioko Ekintzailetza eta Prestakuntza arduraduna. Gainera, atunontzi-izoztaileak bezalako gaiak jorratuko dira baita ere Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen, Bittor Orozen, parte hartzearekin; eta baita Seychelleetako Arrantza idazkari nagusiaren, Jude Talma-ren, eta Gaboneko arrantza – ministroaren, Prisca Koho Nlende-en, parte hartzearekin ere, beste batzuen artean. World Maritime Week-ek hainbat aholku kontseiluren bilerari bide eman dio eta baita Espainiako Arrantza Konfederazioaren (CEPESCA) Zuzendaritza Batzordearen bilerari ere. Ildo beretik, BECera etorriko den Afrikako ordezkaritza handiak Ozeano Atlantikoa inguratzen duten Afrikako Estatuen Arrantza Lankidetzari buruzko Ministro Konferentziaren (COMHAFAT) bilera bat egingo du Urruneko Uren Aholku Batzordearekin batera.

FUTUREPORT portuko kongresuan, gaiak eraldaketa digitalaren eta portu berdeak izenekoen ingurukoak izango dira. Ports digital transformation 13ko, asteazkeneko, jardunaldiaren izenburua izango da. Jardunaldi hau Ricardo Barkalak, Bilboko Portuko Agintaritzako zuzendariak, gidatuko du eta Terminal Linkeko Boris Wenzelek, Zerga Administrazioko Aduanetako Nerea Rodrígezek eta Noatum-eko Iván Deosdadek parte hartuko dute bertan. Mahai-inguru bat egingo da, non Richard Morton, Portuko Komunitatearen Sistemen Nazioarteko Elkarteko idazkari nagusia, moderatzaile izango den. Bertan, oraina aztertuz eta epe laburreko eraldaketa aurreikusiz, horizonte digitalari buruz hitz egingo da.

Azkenik, offshore energiak MARINE ENERGY WEEK itsas energia berriztagarriei buruzko kongresuaren motorra izango dira. Beste ekitaldiak bezala, erakusketa gunea, hitzaldi programa interesgarria eta networking-a izango ditu. Irekiera saioa Iñigo Ansolaren, Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusiaren, eta Jose Ignacio Hormaecheren, Euskadiko Energia Klusterraren zuzendariaren, eskutik izango da. Azken hori Iberdrola, DG-Mare eta Siemens Gamesa-ko ordezkariak izango dituen mahai-inguru baten moderatzaile izango da ere bai. Beste mahai-inguruak, Jose Luis Villatek, Tecnaliako Offshore Energia Berriztagarrien zuzendariak, moderatutakoak, Nautilus, Vicinay, Iberdrola Renovables eta Idom-en parte hartzea izango du.

ERAKUSKETA EREMUA: EHUN BAT ENPRESA

World Maritime Week-en hirugarren ardatza Bilbao Exhibition Centre-eko Luxua pabiloian egongo den erakusketa-gunea da, non edizio honetan ehun bat enpresak parte hartuko duten. Estatuko ontziola nagusiak ez dira faltako eta Murueta, Zamakona, Balenciaga, Navantia, Armón, Gondan eta Astander-eko ordezkariek dagoeneko han izango direla baieztatu dute. Garrantzitsua da gogoratzea denek hurrengo urteetan garatzen joango den lan karga handia izango dutela aurtengo World Maritime Week-en. Sektoreko enpresa laguntzaileek ere jasoko dituzte egoera honen onurak eta erakusketa-gunean eremu bat izango dute. Esparru honetan, aipagarria da propultsio enpresak BECera itzuliko direla, merkatuan oso indartsuak diren ordezkariekin datozenak.

|2019-02-07T14:56:09+02:00February 7th, 2019|Albistea @eu|0 Iruzkin

Utziguzu iruzkin bat