Kalitatezko produktuen eskaintza zabala izango du Gustoko 2022 azokak

Martxoaren 4tik 6ra egingo dute Gustoko azokaren laugarren edizioa Bilbao Exhibition Centreko azoka esparruan, eta dagoeneko ekin diete azken prestaketa-lanei. Ekitaldiak proposamen anitzak eskainiko dizkie bertaratuko diren bi profilei –profesionalak eta publiko orokorra–. Hainbat puntu geografikotatik etorritako ekoizle eta artisau garrantzitsuak izango dira bertan, eta haien eguneroko lanaren emaitzak erakutsiko dituzte, hau da, jatorriaren eta ekoizpen jasangarriaren aldeko lanaren fruituak, bertakoak eta artisauak.

Edizio honetarako baieztatutako ekoizleen artean, berritasun gisa, nabarmentzekoa da Menorca, 2022ko Gastronomiaren Europako Eskualdea. Bertan izango dira Errioxako upeltegiak, hestekiak, marmeladak eta eztia ere. Gainera, Frantziako ekoizleak, Eusko Label produktuak eta taldekako parte-hartze garrantzitsuak ere izango dira Gustokon, esterako: Burgos, Salamanca, Asturias, Kantabria, Baena Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea eta Estatuko hainbat jatorri-deituratatik eta landa-garapenerako elkarteetatik etorritako ekoizle ugari.

Elikagaien eta gastronomiaren erreferentziazko azoka honek tokiko ekoizpenaren eta biodibertsitatea babestearen alde egiten du, ingurune jasangarriagoa mantenduz eta eskualdeetako ondare kulturala, paisaia eta ingurumena errespetatuz. Hala, jarduera zaporetsuz betetako egitaraua du, dagoeneko, Gustoko azokak. Produktuen zuzeneko salmentaz, dastatze eta uztartzeez edota aurkezpenez gozatzeko aukera izango dute bisitariek, beste jarduera batzuen artean.

Gainera, honako hauek ere izango dira ekitaldi gastronomiko honetan: Eusko Label kalitate-ziurtagiria duten pintxoak eta edariak erosteko txosna bat; hainbat piknik-gune, standetan erositako produktuak jan ahal izateko; eta beUp BEC-ek kudeatutako ludoteka bat. Informazio-gunea pabiloiaren sarreran jarriko da eta doako kontsigna-zerbitzua eskainiko da, bisitariek azokan erositako produktuak bertan utzi ahal izateko.

Sarrerak online eskura daitezke, esteka honen bidez: https://gustoko.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/bisitaria/txartelak-eta-sarrerak/

-ek idatzirik|2022-02-17T13:40:58+01:0017 de otsaila de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top