Milaka pertsonak gozatu dute eskulanez Tendencias Creativas azokan

Esperotako hitzordua zen, eta aurreikuspenak bete egin dira: 16.980 bisitari izan ditu Tendencias Creativas azokak; hortaz, edizio arrakastatsua izan da. Bi urte azoka aurrez aurre egin ezinik igaro ostean, publikoa gogoz itzuli da. Hala, jende asko ibili da 2. pabiloiko korridoreetan, patchwork, mix media, scrapbooking, ehoziri-lan edota pintura dekoratiboaren arloko azken berriak ezagutzeko, beste diziplina askoren artean. Ia 90 erakusketarik haien sorkuntzak erakutsi dituzte eta lau egun hauetan zehar Bilbao Exhibition Centrera gerturatu diren bisitarien sormena pizteko materialak eskaini dituzte. “Oso egun onak izan dira; jendeak gogoa zuen honen gisako aurrez aurreko edizio baterako”, adierazi dute erakusketari askok.

Horrez gain, bisitariek aukera izan dute teknika berriak ikasteko edo lehendik ezagutzen zituztenak hobetzeko. Izan ere, 450 tailer eta ikastaro baino gehiago eskaini dituzte ekitaldiak iraun duen lau egunetan zehar, bai prestakuntzarako gordetako eremuan, bai erakusketarien standetan. Gainera, erakusketa eremuak honakoak jaso ditu, beste batzuen artean: Gueñeseko Paperezko Soinekoen Nazioarteko Lehiaketaren irabazleak; Luis de Pedroren antzinako josteko makinen bilduma; Eva Berraderen “Aniztasuna” erakusketa; dekorazioaren eta Dayka scrapbookingaren inguruko erakusketa, “Urteetan zehar” izenekoa; Maite Hamonen brodatu japoniarra; Portugaleteko Log Cabin elkartearen sorkuntzak; edota Macranova Macrameren makrame modernoaren artea.

Amaia Campo Barakaldoko alkateak inauguratu zuen Tendencias Creativas azoka ostegunean. Pertsona, zaletasun eta adin guztietarako proposamenak ditu. Izan ere, helduek, esaterako, patchworkaren, akuarelen edo bitxigintzaren gaineko teknikak ikasi dituzte. Txikienek, berriz, tartak apaintzeko edo fomi material moldagarriarekin landareak sortzeko aukera izan dute, beste tailer batzuen artean. Izatez, Bilbao Exhibition Centreko Tendencias Creativas azokara joatea bisita klasikoa da bizkaitarrentzat eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta alboko erkidegoetako pertsonentzat. Bisitari gehienak Bizkaia, Kantabria, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Burgos, Asturias, Errioxa edo Palentziakoak izan dira.

-ek idatzirik|2023-02-07T10:07:35+01:007 de otsaila de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top