• Espainia iparraldeko ibilgailu klasikoen azoka nagusia motorzaleen elkargune bihurtuko da berriro ere.
  • Ospakizunez betetako edizioa izango da, hala nola Bizkaiko Motorzaleen Errege Taldearen edo BMW Motorradena.
  • Ibilgailu klasikoen aparkalekuan azken edizioetako eredu arrakastatsua errepikatuko dute, ahalik eta ibilgailu gehien sartu ahal izateko aukera ematen baitu.

 

Retroclásica Bilbao-k, Espainiako iparraldeko ibilgailu eta motozikleta klasikoen azoka liderrak, hamabigarren edizioa ospatuko du Bilbao Exhibition Centren, azaroaren 10etikl 12ra.

Urteroko ekitaldi hau, garaiko motorraren zaleentzako topagune kuttuna dena, egitarau erakargarria eta erakusketa aparta eskaintzen jarraitzen du, ohikoa den bezala.

BECeko 5. pabilioian egingo da azoka eta zaleek ibilgailu eta motozikleta klasikoen munduan murgiltzeko aukera izango dute. 100 erakusketari baino gehiagorekin, Retroclásica Bilbao-k erakusketa gune paregabea eskainiko die bisitariei, urteurrenekin, kontzentrazioekin, hitzaldiekin eta beste hainbat ekimen izango dira, motor klasikoaren ekosistema sutsuari ekarpena egiteko.

Edukiak

Zale sutsuek gozatu egingo dute ibilgailu klasikoen bilduma zabalarekin; 50eko eta 60ko kabriolet ikonikoak zein hurrengo hamarkadetako ibilgailu eta motozikleta legendarioak bilduko dituzte azokan. Aurten, Bizkaiko Motorzaleen Errege Taldearen eta BMW Motorraden ehungarren urteurrena ospatuko dute, eta emozio ukitua emango dio horrek erakusketari.

 50eko eta 60ko hamarkadako klasikoen aukera handia

Euskadiko Citroenaren Lagunak elkarteak zabalduko du erakusketa 50eko eta 60ko kabriolet ibilgailuen glamourrarekin. Ford Thunderbird, Mercedes 190 SL, eta Austin Healey 3000 modelo ikonikoek espazioa partekatuko dute Triumph, Seat, Renault eta Volkswagenenen kabriolet eleganteekin, eta garaiko gizartea liluratu zuen sofistikazioa gogora ekarriz.

Bizkaiko Motorzaleen Errege Taldearen ehungarren urteurrena

Aurten, Retroclásica Bilbaok bat egingo du Bizkaiko Motorzaleen Errege Taldearen ehungarren urteurrenarekin, eta rallyen eta igoeren urrezko arorako bidaia nostalgikoa egingo dute.

Zalerik sutsuenek 70eko, 80eko eta 90eko autoen aukeraketa berezi batez gozatu ahal izango dute. Tartean izango dira Audi Quattro, Simca Rally 2 edo FIAT X1-9 Proto gisako harribitxiak, baita Ford Cobra eta Renault 4L 4. talde bat ere.

Firestone Rallyaren diorama batek garaiko Opel Kadett bat aurkeztuko du, eta ikusleek proba entzutetsu horien emozioan murgiltzeko aukera izango dute.

BMW Motorraden 100 urteak

Gaur egun ezagutzen den moto marka garrantzitsuenetako batek, BMW Motorradek, bere mendeurrena ospatuko du Retroclásica Bilbaon, erakustaldi aipagarri batekin Plentziaclassic eta dasMoto Bizkaiaren lankidetzari esker.

Klasikoetatik hasi eta modernoetaraino, BMWren motorren aukera zabala egongo da erakusgai, besteak beste:  R 35, R 26, R 69 S, R 60 sidekarrarekin, R 60/5, R 50/5, R 65 LS, R 100 GS, R 100 RS, eta R 50/2 modeloak, baita “Mendeurrena” edizio berriko modelo batzuk ere.

Loizaga Dorre Museoa

Loizaga Dorre Museoan dago Rolls Roycen munduko bilduma pribatu handienetariko bat, eta BECera eramango dituzte Phantom ezagunen unitate batzuk. Standean lau ibilgailu izango dira, Springfielden fabrikatutako bi eta Ingalaterran fabrikatutako beste bi. Hala, bi kontinentetan fabrikatutako bi modelo berdinen arteko desberdintasunak ikusi ahal izango dituzte zaleek.

Beste eduki nabarmen batzuk

Euskadiko Automobil Klasikoen Clubak Dakarraren munduan murgiltzeko aukera eskainiko du Ignacio Corcuerak lasterketan parte hartzeko erabili zituen bi ibilgailurekin; Volkswagen Iltis batekin eta Toyota BJ40 batekin. Corcuerak Dakarren datorren edizioan klasikoen kategorian erabiliko duen Mercedes Unimog kamioia ere erakusketan izango da.

Bultacoren zaleek ere izango dute Espainiako markari eskainitako txokoa. 60ko hamarkadatik 80kora bitarte egindako hogei bat modelo izango dira erakusgai, tartean, El Bandido, Pursang, Frontera eta Mercurio.

Goggomobil Clubak Euskadin fabrikatutako mikro autoen eta motozikleten historia kontatuko du, eta jatorrizko eta zaharberritutako modelo batzuk aurkeztuko ditu. 1962an fabrikatutako eta berriki garaje batetik erreskatatutako lehen edizioko Goggomobil bat izango da zaleentzako erakargarritasun nagusietako bat.

Omenaldiz eta erakusketa bereziz betetako egitarau osoari esker, Retroclásica Bilbaok herrialdearen iparraldeko eta Frantzia hegoaldeko milaka zale erakartzea espero du. Antolakuntzak parte-hartzaileentzat esperientzia hobetzen jarraitzen du, eta ibilgailu klasikoentzako aparkaleku esklusiboak eta sarreren aurretiazko salmenta eskaintzen ditu.

Kontzentrazioak

Retroclásica Bilbaoren hamabigarren edizioan ez dira erakusketak soilik izango, ibilgailu klasikoen zaleek ere parte-hartze aktiboa izango dute. Zaleek esperientzia berdingabe hori haien ibilgailu klasikoekin osatzeko aukera izango dute, ekitaldiaren dibertsitatea eta giro nostalgikoa are gehiago aberastuz.

Larunbatean, azaroaren 11n, BECeko 1. eta 3. pabilioietan elkartuko diren hainbat kontzentrazio iristea espero dute. Adierazgarrienen artean daude Renaulten kontzentrazioa, hainbat garaitako Renaulten miresleak biltzen dituena, edo Renault 11rena. Horrez gain, Z Norte Cluba, Subaruren zaleak, Rotary Spain Clubaren Mazda kontzentrazioa, Volvoren zaleak eta Amerikako kirolen zaleak etorriko dira egun horretan.

Retroclásica Bilbao erakusketatik harago doan ekitaldi gisa indartzen ari da, eta ibilgailu klasikoekiko duten pasioa partekatzeko eta esperientzia aberasgarriaz gozatzeko espazioa eskaintzen die zaleei. Askotariko kontzentrazioak daudenez, ekitaldia topaleku ahaztezina bihurtuko da motor klasikoak maite dituzten pertsonentzat.

Klasikoen aparkalekua eta aurretiazko salmenta

 Matrikula historikoa edo 30 urtetik gorakoa duten ibilgailuetan joaten diren pertsonek klasikoentzako aparkaleku esklusiboa izango dute eskuragarri 3. pabilioian, ohikoa den moduan, eta, gainera, deskontua izango dute sarreran (ibilgailuko bi pertsonarentzat balio du soilik).

Gainera, ahalik eta zale gehienen eskariari egokitzeko, antolakuntzak azken edizioetan egindako eredu arrakastatsu berbera errepikatuko du; azaroaren 11n, larunbatean, aparkaleku gehigarri bat jarriko du 1. pabilioian 25 eta 30 urte bitarteko ibilgailuentzat, kontzentrazioentzat eta mugatutako serieentzat.

Bestalde, aurtengo edizioan, hainbat berrikuntza adierazgarri egin dituzte Retroclásica Bilbaoren sarbide-sisteman, ibilgailu klasikoen sarbidea errazte aldera batez ere. Berrikuntza horien helburua da parte-hartzaileen esperientzia erosoagoa izatea, eta garaiko ibilgailuak maite dituzten pertsonek ekitaldiaz ahalik eta gehien gozatu ahal izatea.

Matrikula historikoa duen ibilgailuan bertaratzen direnentzako sarrerak (7€ pertsonako) eta sarrera orokorrak (10€ pertsonako) eskuragarri daude azokaren webgune ofizialean, www.eventosmotor.com. Gainera, ekitaldian zehar leihatilan ere erosi ahal izango dira. 10 urtera arteko adingabeak doan sartu ahal izango dira.

Ordutegia

  • Ostirala, 10: 16:00etatik 20:00etara
  • Larunbata, 11: 10:00etatik 21:00etara
  • Igandea, 12: 10:00etatik 20:00etara