Steel Tech, sektore siderurgikoan nazioarteko erreferentzia izango den ekitaldi berria

2021eko urriaren 19tik 21era Bilbao Exhibition Centre-n

Bilbao Exhibition Centre-k eta Siderex, Siderurgiaren Kluster Elkarteak, STEEL TECH, Congress & Expo aurkezten dute. Ekitaldi profesional hau bi urtez behin egingo da, eta altzairuaren sektorean Europako hegoaldeko nazioarteko erreferentzia izango den topagune izatea du helburu. Balio-kate osoan izandako aurrerapen teknologikoak, abian diren ikerketa-lan esperantzagarrienak eta altzairuaren industriako berrikuntza teknologikoa izango dira topaguneko protagonista nagusiak. 2021eko urriaren 19tik 21era egingo da lehen aldiz, BECen. Altzairugintza lurraldearen DNAn dago; izan ere, Euskal Herri osoan barrena zabaltzen den industria eraldatzaile sendoa du, eta altzairugintzaren Europako sailkapeneko 12. tokian dago, Espainian ekoizten denaren % 39 ekoizten baitu.

Siderex-en presidente den Carlos Álvarezen hitzetan, “STEEL TECH industria siderurgikoaren erreferentzia-puntu gisa sortu da, sektoreak etorkizun hurbilean izango dituen erronka nagusiak aztertu eta haiei erantzuna emateko foro gisa”. “Tradizionalki, Euskal Herrian siderurgia eta industria ugari egon da, Estaturako eta Europarako lanean, tartean altzairugintzaren prozesuko balio-kate osoko enpresak eta industria laguntzaileetakoak. Hori dela eta, uste dugu zentzua duela halako ekitaldi bat gure lurraldean antolatzeak”, azaltzen du Carlos Álvarezek.

Bere aldetik, Xabier Basañezek, Bilbao Exhibition Centre-ren zuzendari nagusiak aitortu duenez, “BEC hainbat proiektu estrategiko lantzen ari da, eta datozen urteotan garatuko diren beste batzuen oinarriak ezartzen. Jarduera ez da gelditzen eta hain zuzen ere arlo honetan herrialdeko funtsezko sektore batekin zorretan geunden; hots, burdingintzarekin”. “Hori dela eta, oso ekitaldi modernoa proposatzen dugu, berrikuntzari lotua, sektorerako ezinbesteko topagunea izango dena. Siderurgiaren erronka handiei erantzuna emateko gaiak eta edukia zeharka izango ditu; alegia, eraldaketa teknologikoari eta ekonomia zirkularrari”, gehitu du Basañezek.

Siderex-ek eta BEC-ek STEEL TECH-en antolaketan eta sustapenean elkarrekin lan egitea helburu duen lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute. Ekitaldiak biltzarrak eta erakusketa-gunea konbinatuko ditu, eta ezagutzaren transferentzia eta networking-a sustatuko. Helburu hori lortzeko, erakusketaren antolatzaileak jada lanean ari dira sektore siderurgikoko berrikuntzara eta teknologiara bideratutako goi-mailako hitzaldi eta jardueren egitarau zabal bat prestatzeko.

Bi egun osoz, ospe handiko hizlari nazionalek eta nazioartekoek sektorearen erronka handiak eta joera nagusiak aztertu eta beren esperientziak azalduko dituzte. Lehenengo eguneko biltzarrak globalagoak izango dira, eta altzairua erabiltzen duten sektore estrategikoetan (esaterako, automobilgintza, energia, ontzigintza, tren-industria eta eraikuntza) zer soluzio erabiltzen diren eta altzairua nola aplikatzen den aztertuko dute. Ezagutza-esparru horren barruan, erabilera-kasu desberdinak ezagutaraziko dira.

Bigarren egunean, urriak 20, «etorkizuneko altzairua eta erronkak» gaia landuko da. Hitzaldietan, trantsizio digital eta jasangarri bikoitzak (gauzak adimendun bihurtzea, adimen artifiziala eta ekonomia zirkularra –txatarren balorizazioa, birziklapena eta kudeaketa– eta zibersegurtasuna) dakartzan erronkak aztertuko dira. Ekitaldiaren hirugarren egunean, bisita teknikoak egingo dira hainbat instalaziotara.

Steel Tech-en erakusketa-eremuan, sektore siderurgikoko balio-katea osatzen duten maila guztietako hornikuntza-enpresek hartuko dute parte. Enpresa horiek kalitate handiko erakusketa-eremu bat izango dute beren produktu eta zerbitzuak ezagutarazi ahal izateko. Batez ere negozio-arlo hauek izango dira bertan: altzairugintza, hotzeko eta beroko altzairu-eraldatzaileak, makineria, ekipamendu, osagarri, ordezkoen eta lehengaien fabrikatzaileak eta banatzaileak, zerbitzu-zentroak, zentro teknologikoak eta beste zerbitzu batzuk (adibidez, hondakinen kudeatzaileak, garabiak eta makinen garbiketa).

Erakusketa-eremuan parte hartu eta biltzarrera joateaz gain, erakusketariek beren proposamen teknikoak eta komertzialak aurkeztu ahal izango dituzte topaketako jarduera paraleloetan. Halaber, harreman nazionalak eta nazioartekoak indartzeko aukera izango dute, networking-a sustatzeko sortutako eremu ugarien bidez; horretarako, B2B bilerak eta hainbat ekitaldi sozial egingo dira, besteak beste.

Steel Tech ondorengoei zuzenduta dago: altzairu-ekoizleak; ingeniaritzak eta EPCak; inportatzaileak, banatzaileak, merkatariak eta zerbitzu-zentroak; hotzeko eta beroko altzairu-eraldatzaileak; altzairua erabiltzen duten hainbat sektoretako osagarrien eta makinen fabrikatzaileak; zentro teknologikoak eta ikerketakoak; erakundeak eta administrazioa; unibertsitateak eta lanbide-heziketako ikastetxeak; ziurtatzaileak eta aholkularitza-enpresak. Haiek guztiek aukera paregabea izango dute merkatua zuzenean aztertzeko, aukera berriak ezagutzeko eta harreman komertzial sendoak sortzeko.

Steel Tech Bilbao Exhibition Centre-k eta Siderex-ek antolatuko dute, UNESIDek (Siderurgia Enpresen Elkartea), SPRI taldeak eta Eusko Jaurlaritzak lagunduta.

-ek idatzirik|2020-12-03T12:17:15+01:003 de abendua de 2020|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top