Subcontratación 2021, ete eta hornitzaileei zuzendutako negozio foroa

Ekainaren 1etik 3ra izango da +INDUSTRY azokaren esparruan

Subcontratación ekitaldiak, Fabrikaziorako Prozesu eta Ekipamenduen Nazioarteko Azokak, 2021eko ekainaren 1etik 3ra antolatuko du hurrengo edizioa Bilbao Exhibition Centre-n. Negozio foro garrantzitsu hau ezinbesteko hitzordua da kontaktu berriak lortu nahi dituzten, euren negozio eredua hobetu eta zabaldu nahi duten eta garapenean aurrera egin nahi duten ETE azpikontratista guztientzat. Topaketa, datorren urtean hogeigarren aldiz antolatuko dena, ETE azpikontratistei zuzendutako fabrikaziorako prozesu eta ekipamenduen arloko Estatuko azoka bakarra da eta, horrez gain, fabrikazio aurreratuko esparru barruko erreferentziako foro ere bilakatu da.

Subcontratación 2021 azokaren erakusketa eremua enpresa mota hauen artean banatuko da: batetik, fabrikazio prozesuei eskainitakoak, galdaketa, piezen mekanikazioa eta moldeak, ereduak, matrizeak eta trokelak egiten dituztenak esaterako eta, bestetik, nagusiki galdaketa, soldadura, burdingintza, forja eta gainazalen tratamendurako makineria eta ekipamenduak egiten dituztenak. Honela, ordezkaritza izango dute prozesu oinarrizkoenek eta teknologia aurreratuenek ere, fabrikazio prozesu osoak ahaztu gabe.

Eskaintza espezializatu honek sektore hauetako nazioarteko bisitariak erakarriko ditu, batik bat: automobilgintza, aeronautika, makina-erreminta, burdingintza, ontzigintza, petrolioa, energia, trenbideak edo ekipamendu ondasunak. Subcontratación azoka merkatu berriak ezagutzeko eta bezero berriengana iristeko interesa duten sektore multzo handi bateko enpresa fabrikatzaileen kudeatzaileei, erosketa arduradunei, azpikontratazio arduradunei, proiektu buru/zuzendariei, ekoizpen buru/zuzendariei eta teknikari kualifikatuei zuzenduta dago.

2021ean topaketak aurreko edizioetako merkataritza eskema mantenduko du, erakusketa eremua eta formatu handiko B2B topaketak uztartzen dituena. Testuinguru honetan, hitzordu honen alderdi erakargarrienetako bat izango da XIX. Azpikontratazioaren Europar Topaketan parte hartzeko aukera. Topaketa hori Bartzelonako Merkataritza Ganberak, Bilboko Merkataritza Ganberak eta Bilbao Exhibition Centre-k antolatuko dute, Espainiako Azpikontratazio Poltsen Sarearekin lankidetzan. 2019an, ekitaldi honen azken edizioan, mila elkarrizketatik gora egin ziren hainbat herrialdetatik etorritako erosleekin, hala nola Alemania, Austria, Belgika, Bulgaria, Espainia, Frantzia, Finlandia, Suitza, Italia, Maroko eta Serbia. Horri esker, erakusketari zein bisitariek kalitateko harremanak ezartzeko eta merkataritza akordio zehatzak gauzatzeko beta izan zuten.

 

+INDUSTRY, AZOKAK BATZEN, INDUSTRIA SORTZEN

+Industry azokaren esparruan garatuko den Subcontratación ekitaldiak sinergia berriak sortuko ditu azoka beraren baitan, eta baita elkar loturak ere beste sei azoka industrial garrantzitsurekin. Honela, Subcontratación 2021-ek bere profila sendotzea lortuko du, negozioetarako eta ezaguera transferentziarako espazio gisa, azoka hauen aldibereko antolaketari esker: ADDIT3D, Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azoka; INDUSTRY TOOLS by Ferroforma, industriarako erreminten eta hornikuntzen nazioarteko azoka; BeDIGITAL, teknologia digitalen aplikazio industrialari buruzko foro esklusiboa; FITMAQ, Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azoka; MAINTENANCE, Mantentze Industrialaren Azoka; eta PUMPS & VALVES, Industria Prozesuetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduko Sistemen Nazioarteko Azoka.

Zazpi azoka hauek espazio bakar batean bateratzearekin, Bilbao Exhibition Centre esparrua herrialdeko Smart Manufacturing arloko topagune handiena bihurtuko da eta bertan elkartuko dira espezializazio handiko bisitariak eta mundu osoko 1.300 enpresa espezializatu baino gehiago.

-ek idatzirik|2020-10-22T12:27:11+02:0022 de urria de 2020|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top