Subcontrataciónen 23. edizioa Bilbao Exhibition Centren egingo dute 2027ko otsailaren 23tik 25era bitarte, eta prozesu eta hornigai industrialei begirako topagune nagusia da estatuan. Ingurune industriala gero eta exijenteagoa da eta globalizatuago dago. Horiek horrela, azpikontratista diren enpresa txiki eta ertainak balio-katearen maila estrategiko bat dira: espezializazioa, malgutasuna eta gaitasun teknologikoa ematen dituzte, eta, hala, fabrikatzaile handiek lehiakortasuna manten dezakete, eta gero eta fabrikazio aurreratuagoa, efizienteagoa eta berritzaileagoa bultzatu.

Enpresa-ehun horri ikusgaitasuna eman eta hazteko aukerak indartzeko xedearekin, Subcontratación 2027k enpresen ordezkaritza handia bilduko du, zehazki, fabrikazio-prozesu hauetan espezializatuta dauden enpresena: mekanizazioa, galdaketa, gainazaleko tratamenduak eta estaldura, neurrira egindako piezen fabrikazioa eta industriarako funtsezkoak diren beste jarduera batzuk. Haiekin batera, hornigai industrialak eta makineria osagarria egiten dituzten enpresek ere parte hartuko dute, eta ondoriozko ekosistema horrek manufaktura-industriaren indarra eta aniztasuna islatzen ditu.

Azoka ingurune ezin hobea da parte hartzen duten enpresek beren gaitasunak, teknologiak eta balio-proposamenak aurkezteko sektore industrial estrategikoetako fabrikatzaile eta konpainia handien aurrean. Erakusketa-eremuaz harago, Sucontratación 2027k plataforma moduan jokatuko du, merkataritza-kontaktu berriak bultzatzeko, aliantzak sustatzeko eta bezero zein merkatu berriak lortzea erazteko. Horrenbestez, lagungarria izango da azpikontratista diren enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna indartzeko eta etorkizuneko industriaren garapenerako nahitaezko bazkide gisa daukaten papera sendotzeko.

Alde horretatik, Subcontratación 2027ren balio bereizgarri handienetako bat izango da Azpikontratazio Industrialaren Europako XXII. Topaketa egitea. Zehazki, Cambra Barcelonak, Bilboko Ganberak eta Bilbao Exhibition Centrek antolatu dute, Espainiako Merkataritza Ganberekin elkarlanean. Topaketa sendotu da, dagoeneko, enpresa azpikontratisten eta erosle industrialen arteko B2B bileren Europako foro nagusietako baten gisara. Hala, topaketa erreferentziazko plataforma bat da merkataritza-harreman berriak eta elkarlaneko proiektuak sustatzeko manufakturako balio-katearen barruan.

Programak hornidura-premia zehatzak dituzten erosle industrialak bilduko ditu, eta aldez aurretik finkatutako bilerak egingo dituzte Subcontratación 2027ko enpresa erakusketariekin. Azken edizioan, ehundik gora izan ziren erosle nazionalak eta nazioartekoak, Alemania, Italia, Belgika, Espainia, Frantzia, Finlandia, Bulgaria, Suedia, Suitza, Maroko eta Danimarkatik etorritakoak, besteak beste. Eta sektore estrategikoen ordezkari gisa aritu ziren; adibidez, sektore hauen ordezkari: automobilgintza, aeronautika, eraikuntza, robotika, ekipamendu medikoa, trengintza, defentsa eta energia.

Topaketaren ibilbideak inpaktua bermatzen du: Subcontrataciónen azken bost edizioetan, 5.500 B2B elkarrizketa baino gehiago egin dituzte. Emaitza horiek ikusita, Azpikontratazio Industrialaren Europako XXII. Topaketa tresna giltzarri da Subcontratación 2027ko enpresa erakusketarien lehiakortasuna eta nazioartekotzea areagotzeko.

Azoka +INDUSTRY ekimenaren barruan, herrialdeko smart manufacturing arloko plataformarik handienean, egingo da. Bertan, zazpi industria-azoka osagarri bilduko dira ingurune berean: AdditƐD, BeDIGITAL, Maintenance, Pumps & Valves, Subcontratación eta weAR, WORKinn Talent Hub enplegu-foroarekin batera. Elkarrekin antolatzeak fabrikazio aurreratuaren balio-kate osoaren arteko loturak indartzea ahalbidetuko du.

Subcontratación +INDUSTRYren barruan antolatzeak erabakiak hartzeko gaitasuna duten profesionalak erakarriko ditu funtsezko sektoreetatik, hala nola automobilgintza, defentsa, elikadura eta edariak, aeronautika eta aeroespaziala, energia, ekipamendu-ondasunak, siderurgia, kimika eta petrokimika, trengintza eta beste hainbat arlotatik.

Nazioarteko dimentsioa, gainera, ekitaldiaren elementu bereizgarria da, eta enpresa erakusketarien zein bisitarien profilean islatzen da. Azken edizioan, 2025ean, +INDUSTRYk 47 herrialdetatik iritsitako 12.120 profesional bildu zituen. Nazioarteko merkatuei dagokienez, ordezkaritza handiena izan zuten herrialdeak honako hauek izan ziren: Frantzia, Italia, Alemania, Portugal, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Maroko, Txina, Taiwan eta Hego Korea.

Subcontratación azokaren ibilbide historikoa herrialdeko merkataritza-ganbera, elkarte eta kluster nagusiekin zuzenean egindako lankidetzarekin lotuta egon izan da. Erakunde horiek taldeko formatu bidez erakundeko bazkide direnek azokan parte hartzea errazten dute. Hain zuzen ere, formatu horrek abantaila interesgarriak eskaintzen dizkie.

Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta, halaber, Subcontrataciónek Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SPRI – Eusko Jaurlaritzaren babesa du kide instituzional gisa.