Tendencias Creativas-ek 450 tailerrekin eta erakusketa ugarirekin indartu du programa urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra

Eskulanen Azoka aukera ona da teknika berritzaileak ezagutzeko eta BECera gerturatuko diren ehunka erakusketariekin esperientziak partekatzeko

Tendencias Creativas-ek, Bilbao Exhibition Centre-ko Eskulanen Azokak, urtarrilaren 30etik otsailaren 2ra, 14. edizioa egingo du; jardueraz betetako eta 450 tailer baino gehiago dituen programa batekin. Azoka jende guztiarentzat dago zabalik, eta aukera bikaina da sormena eta irudimena islatzeko; bai eta teknika berriak probatzeko, esperientziak eta gustuak partekatzeko eta estiloa eraberritzeko ere. Hori guztia edizio honetarako prestatutako agenda oso bati esker egin ahal izango da. Agenda hori, besteak beste, erakustaldi eta klase magistral ugari, erakusketa-gune bat eta otsailaren 2an, igandea, ohiko ehoziri topaketan parte hartuko duten 600 parpailagilek osatzen dute.

Urtarrilaren 31n, osteguna, izango da Tendencias Creativas 2020 azokaren inaugurazio ofiziala, 13:00etan, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde den Isabel Muelaren eskutik.

Eskulanen Azokaren lau egunetan, ehun erakusketari inguruk beren sorkuntzak eta diseinuetarako erabili dituzten teknikak erakutsiko dizkiete ikusleei, baita beren produktuak saldu ere. Estatuko hainbat lekutatik etorriko dira, besteak beste, Kataluniatik, Asturiasetik, Ávilatik, Valentziako Erkidegotik, Kanarietatik, Nafarroatik eta Euskal Herritik; eta baita beste herrialdeetatik ere, hala nola Frantziatik, Erresuma Batutik, Italiatik, Txiletik, Ekuadorretik eta Portugaletik ere. Ildo horretatik, Tendencias Creativas-era atzerriko erakusketari asko hurbiltzen direnez, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak 2020rako Nazioartekotasun Osoa eman dio azokari berriki.

JARDUERAZ BETETAKO PROGRAMA: TAILERRAK, IKASTAROAK ETA ERAKUSKETAK

Tendencias Creativas-en programak bostehun tailer inguru biltzen ditu; bai horretarako bereziki prestatutako eremu batean, bai BECeko 2. pabiloiko standetan egingo direnak. Klase magistral horiek hainbat adituk emango dituzte, eta haien talentua ikusleekin partekatuko dute. Askotariko gaiak landuko dira: helduentzako gozogintza sortzaileko eskolak, Jacqueline Bahirekin patchwork hastapenak, akuarelak eta bitxigintza, besteak beste. Gainera, sublimazio-teknikak irakatsiko dira, irudi inprimatuak janzkietara transferitzeko; punch needle, brodatzeko teknika berezia, edo amigurimiak, kakorratz tekniken bidez panpina txikiak egiteko Japoniako joera. Era berean, standetan hainbat arlori buruzko bitxikeriak ezagutu ahalko dira: bonsaiak zaintzeari buruzkoak, kalamua, osin edo zeta bezalako landare-zuntz naturalak ehotzeko eta brodatzeko erabiltzeari buruzkoak edo landare-boli izenez ezagutzen den tagua hazitik sortutako sorkuntzei buruzkoak, alegia.

Horrekin batera, programak haurrentzako tailerrak ere antolatu ditu, hala nola gozogintzakoak edo fomi materialez egindako eskuz moldatutako landare haragijaleena. Tailer horietako edozeinetan parte hartzeko Tendencias Creativas-en web orrian sartzea beharrezkoa da. Bertan, ikastaroaren informazioa eta izena emateko modua azaltzen dira. https://tendenciascreativas.bilbaoexhibitioncentre.com/actividades/talleres/

Jarduera-eskaintza zabal horretaz gain, Tendencias Creativas-ek benetako artelanak erakutsiko dituen erakusketa-eremu bat erreserbatu du. Eremu horretan, adibidez, 2019ko Güeñeseko Paperezko Soinekoen Nazioarteko Lehiaketako hainbat lan irabazle eta finalista ikusi ahal izango dira; Merueloko (Kantabria) Emakumeen Elkarteko quilt-ak; El Búho de Cloe-ren sormenak, altzarietan eta ispiluetan fantasiazko dekorazioak egiten dituenak…; El Mundo de Lolita eta bere kartoigintzarako, scrap-erako eta stencil-erako teknikak…; edo Gloria Patchwork-eko neurrira egindako jantzi originalak eta esklusiboak.

IGANDEA, PARPAILAGILEEN EGUNA

Aurten seigarren edizioa egingo duen tradizioa bilakatu da. Tendencias Creativas-en igandeko goizak ehoziriei eta beren eskuekin magia egiten duten emakume parpailagileei dedikatuta daude. Otsailaren 2rako, igandea, 600 pertsona baino gehiagok eman dute izena jada. Jardunaldiaren protagonista nagusia Aída Pau izango da. Parpaila egiteko 1.500 eta 2.000 ehoziri artean erabiltzen dituen munduan bakarra den ehoziri teknika bat erakutsiko du.

Aída Pauk onenetatik ikasi zuen; ikastuna zela, herritik Tarragonako Behe Penedésen dagoen Arboseraino jaisten zen, bertan, belaunaldiz belaunaldi gordetzen den teknika ikasteko. Gaur egun, ikasleak maistrak gainditu ditu, eta Aída Pau parpailaren munduko pertsonaia garrantzitsuenetako bat bihurtu da. Aída Pauk bere trebetasunak partekatuko ditu BECera gerturatzen den publikoarekin 10:00etatik 14:00etara.

Tendencias Creativas-ek urtarrilaren 30ean, osteguna, irekiko ditu ateak, eta otsailaren 2an, igandea, amaituko da. Ostegun, ostiral eta larunbaterako ordutegia 10:00etatik 20:00etara izango da, etenik gabe; igandean, berriz, ordu berean irekiko da, baina ateak ordubete lehenago itxiko dira, 19:00etan.

Azokara hurbiltzen direnek zozketetan parte hartu ahal izango dute. Zozketen sariak hauek izango dira: bi lagunentzako bi egonaldi Puerta de Bilbao hotelean, ostatua eta gosaria erregimenean, eta asteburuko menuko beste bi sari, Barakaldoko hotel-establezimendu bereko La Ribera jatetxean.

Prezioei dagokienez, sarrerak 8€ balioko du pertsona bakoitzeko, doakoa izanik 10 urtetik beherakoentzat. Gainera, 10 tiket baino gehiago erostekotan, tiket bakoitzaren salneurria 7 eurotara murriztuko da, eta lau egunetarako sarrera-bonu bat eros daiteke 15 euroren truke.

|2020-01-27T16:08:50+02:00January 27th, 2020|Albistea @eu|0 Iruzkin

Utziguzu iruzkin bat