Tendencias Creativas-ek eskulanetan aditu handienak bilduko ditu

Urtarrilaren 31tik otsailaren 3ra Bilbao Exhibition Centre-en

Tendencias Creativas-ek, Eskulanen Azokak, 13. edizioa ospatuko du urtarrilaren 31tik, osteguna, otsailaren 3ra, igandea, Bilbao Exhibition Centre-en. Publiko guztietara zuzenduta dagoen azoka honek artikulu-eskaintza zabala erosteko eta eskulanekin lotutako hainbat proposamenetan parte hartzeko aukera eskaintzen du. Erakusketak ehungintza-lanekin, eskulanekin, dekorazioarekin, gozogintzarekin eta bitxigintzaren diseinuarekin lotutako sektoreetako ehun bat erakusketariren parte hartzea izango du.

Urtarrilaren 31n, osteguna, izango da Tendencias Creativas 2019 azokaren inaugurazio ofiziala, 12:00etan, Barakaldoko alkate den Amaia del Camporen eskutik.

Euskadiko, Kataluniako, Madrilgo, Valentziako, Gaztela eta Leoneko, Asturiaseko, Kantabriako, Errioxako, Nafarroako, Aragoiko, Andaluziako, Kanarietako, Avilako eta Gaztela-Mantxako enpresak izango dira, gehienbat, azokan parte hartuko duten erakusketariak. Aipagarria da hainbat herrialdetatik, hala nola Frantziatik, Italiatik eta Ingalaterratik, datozen nazioarteko erakusketariak egongo direla. Gainera, aipatu beharra dago, Tendencias Creativas Bilbao-k Ekonomia, Industria eta Lehiakortasuneko Ministerioaren “nazioartekotasun osoa” saria irabazi berri duela.

400 tailer baino gehiagok eta erakusketak egiteko eremu batek osatzen dute erakusketa-gunea

Tendencias Creativas 2019 azokaren helburua hainbat eskulan mota ezagutu, ikasi eta haiekin gozatzeko gogoa duten ikusleak erakartzea da eta, horretarako, azokak haren erakusketarien eta zenbait erakunderen eskutik, 400 ikastaro, demostrazio, ikasgai magistral eta tailerretik gora dituen prestakuntza-eskaintza antolatu du. Modu honetan, azokara gerturatzen direnek zenbait jardueratan parte hartzeko aukera izango dute. Eskaintzen diren jarduera batzuk hauek dira: xaboia edo kosmetika naturala sortzea, furoshiki (opariak biltzeko Japoniako artea), margo apaingarria, koadernaketa, kakorratzaren hastapena, brodatua, kapazu apainketa, oihalezko kuxinak, patchwork, decopatch eta chalk paint pinturarekin dekorazioa, harribitxizko paparrekoak, makramea eta sormenezko gozogintzari buruzko tailerrak.

Ildo beretik, txikienentzat, Tendencias Creativas-ek tailer ugari prestatu ditu, haiek ere eskulanen munduaz etengabe goza dezaten. Horren adibide dira, besteak beste, gaileta apainketaren, oihalezko kuxinen, bainu-gatzen, koloretako buztinarekin egindako animalien, lumez egindako eskulanen eta pertsonalizatutako itsulapikoen tailerrak.

Bestalde, aldi berean, “Erakusketa Guneak” hainbat estilo eta teknikatako erakustaldiak hartuko ditu. Hauen artean, “Los jardines de Kyoto” erakusketa aipa daiteke, Japoniako kulturan oinarritutako osagai apaingarriak izango dituena eta Japoniatik ibilaldi bat bere arteetan zehar eskainiko duena: Bonsaiak, Ikebanak eta Kakimoak, Sumi-e pintura, Sho do kaligrafia. Mercedes Henry artistaren dimentsio anitzeko margolanak izango dira ere erakusketa-gunean. Margolan hauek erliebe eta sakontasun handia ematen dien pintura eta hotzeko portzelanazko teknika mistoaren bidez eginda daude. Gainera, eremu honetan hauek egongo dira baita ere: Luis de Pedroren (Gernikakoa) bildumako antzinako josteko makina “txiki eta bakar”en erakusketa; Gueñeseko paperezko soinekoen lehiaketaren azken soineko irabazleen hautaketa; “bebés reborn” izeneko haur hiperrealisten erakusketa; margolari ospetsuen lanak islatzen dituzten eskuz margotutako soinekoak eta beste jantzi original batzuk; argazkigintza, patchwork-a, testuak, koloreak eta marrazkiak erabiliz eta konbinatuz sorturiko dekorazio proiektu originalak; eta Jejoma-k eta Diancor-ek aurkeztutako patchwork-eko quilt-en erakusketa.

Urtarrilak 3, Ehoziri Topaketa

Azokaren azken egunean, Ehoziri Topaketaren bosgarren edizioa egingo da. Topaketa honetan Mª Victoria Miguel (Alfajarín-Zaragozatik etorritakoa) egongo da artista gonbidatu gisa eta, beste parpailagile aditu batzuekin batera, bere teknikak eta gaitasunak erakutsiko dizkie bertaratzen diren guztiei. Gerturatuko direnek bere teknika ikasi eta bere lanak ikusteko aukera aparta izango dute. Halaber, topaketa izango den gunearen ondoan, artista gonbidatuaren hainbat lan erakutsiko dira.

Azokara gerturatuko direnek hainbat zozketatan parte hartzeko aukera izango dute. Zozketa hauen sariak Puerta de Bilbao hotelean 2 pertsonentzako 2 egonaldi, OG erregimean, eta Puerta de Bilbao hotelaren La Ribera jatetxean 2 pertsonentzako 2 asteburuko menu izango dira.

Tendencias Creativas-en ordutegia ostegun, ostiral eta larunbatean 10:00etatik 20:00etara bitartean eta igandean 10:00etatik 19:00ak arte da.

Azokaren azken edizioetan bezala, sarreraren prezioa 8 € izango da pertsona eta egun bakoitzeko. 10 urtera arteko umeak doan sartu daitezke. Taldeentzako sarreraren prezioa, 10 pertsona gutxienez, 7 € izango da. Era berean, azokaren lau egunetarako sarrera eros daiteke 15 eurotan.

-ek idatzirik|2019-01-31T09:05:04+01:0028 de urtarrila de 2019|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top