UGP balioa hartzen doa

Ekosistemak babestearen garrantziaz ohartaraztea; gizarte-bazterketa arriskuan dauden adingabeekin elkartasuna; gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren defentsa argia; bizimodu osasuntsua izatearen garrantzia; giza garapenean familiaren garrantzia eta bizitzaren alderdi guztietan ondokoa errespetatzea, zibergizabideari dagokionez gehienbat…

Horiek dira abenduaren 19tik urtarrilaren 5era Umeen Gabonetako Parkeak bere 54. edizioa Bilbao Exhibition Centren ospatzeko bere egin dituen sei balioak eta sei erronkak. 3. eta 5. pabiloiak atrakzioz, tailerrez eta kirol lehiaketez beteko dira, eta txikienek gozatzeko aisialdiko proposamen anitz eskaintzeko. Halere, aurten arreta berezia emango zaio haurren artean hezkuntza zein kultura arloetako hainbat balio sustatzeari. Eusko Jaurlaritza; EEE; Bizkaiko Foru Aldundia, Garbiker eta suhiltzaileekin; hainbat udal; Emakunde; BBK Banku Fundazioa; Interbiak; Telepizza, eta komunikabideak oso gertutik hartuko dute parte edizio honetan, zeina hilak 19an inauguratuko den Pedro Aspiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuaren eskutik.

Jasangarritasuna da Umeen Gabonetako Parkearen edizio honetan balioetsiko diren balioetako bat. Ekosistema babestea guztion erantzukizuna da, txiki zein nagusi, eta, horregatik, birziklatzeko edukiontziak jarriko dira barrutian. Eta, ingurumena zaintzearen garrantziaz jabetzeko, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Bizkaiko Garraio Partzuegoak (BGP) kart elektrikoen indoor zirkuitu bat jarriko dute, non ibilgailuak gidatzeko aukera izateaz aparte, umeek ibilgailu mota honen berezitasunak eta abantailak ezagutu ahal izango dituzten. Horrez gain, nagusiek ere ibilgailu elektrikoak probatu ahal izango dituzte Hyundai eta Renault etxeei esker (Gaursa). Urtarrilaren 2, 3, 4 eta 5ean erabili ahal izango dira lehenak; bigarrenak, aldiz, abenduaren 28, 29, 30 eta 31n.

Ez da UGP gizarte-bazterketa arriskuan dauden adingabeei laguntzeko ekintzetan parte hartzen duen lehenengo aldia. Elkartasuna beti egon da hor. Horren isla dugu iazko edizioan Bizkaiko Gurutze Gorriarekin eta Bizkaiko Cáritas-ekin jostailuen bilketako Gabonetako kanpainan elkarlanean hasi ginela, eta aurten ere arituko gara, informazio-puntuaren ondoko atariko Gabonetako Zuhaitzean jostailuak biltzeko puntuarekin. Keinu solidario horri esker, egoera okerrak bizi dituzten haurren Gabonak desberdinak izatea lortu dezakegu.

Kirola izan da UGP hasieratik bereizi duen ezaugarri bat. Bizimodu osasungarriaren alde egitea funtsezko helburua izan da betidanik, nahiz eta balioak nabarmendu nahi direla-eta, aurten esanahi are bereziagoa duen. Saskibaloiko, mahai-teniseko eta eskubaloiko txapelketak egingo dira. Eta beisboleko entrenatzeko-kaiola bat egongo da, datorren guztiak bateaz jotzea probatzeko. Bizkaiko Foru Aldundiari esker, izotz pista jarriko da aurten berriz ere. UGP Gabonetako Lasterketa eta BEC Miniatletismoko Txapelketa ezin dira falta, eta haien bigarren edizioa izango da aurtengoa, iazko arrakastaren ondorioz.

Berdintasunari dagokionez, Umeen Gabonetako Parkea oraingoan ere erreferentea izango da gizonezkoen eta emakumezkoen diskriminazioaren aurkako borrokan. Badira jadanik hainbat urte hezkuntza ez-sexistari zuzendutako tailerrak egiten direla, jarduerak egiteko orduan neskak eta mutilak bereizten ez dituztenak. Konpromiso hori kontrasinatzeko, UGPren edizio honetan Emakundek ere hartuko du parte, zeinak bi asteetan zehar handik hona dabilen autobusa aparkatuko duen Barakaldon.

Eta UGP-ren ezaugarri nagusia ere hor izango da, familia-giroa, hain zuzen, tailerren, barraken eta jardueren inguruan. Familia haurren garapenean biziki garrantzitsua denez, nagusiek guneak eta jarduerak haurrekin partekatzeko jarduerak antolatu dira. Horren adibide dira kirolak, baina elkarrekin gozatzeko hainbat tailer eta jarduera egin ahal izango dira.

Azkenik, Umeen Gabonetako Parke honen seigarren balore edo seigarren erronka gisa jarri dugu zibergizalegea, aurrerapen teknologikoen ondorioz sortu berri den kontzeptua; haren esanahia online jardunbide egokietan eta ondokoa errespetatzean oinarritzen da, gizarte sareen bitartezko harremanetan bereziki, non ohikoa den ziberjazarpenaz edo ziberbullying-az hitz egiten entzutea. Kasu honetan, ekimena jolastuz ikastea izango da: mamorrojale joko tradizionalaren egokitzapen oso interesgarriarekin haurrei zibersegurtasunari buruz irakatsiko zaie. Bitxikeria gisa, jokoa ez da online jokatuko, papiroflexia bitartez baizik. Haren bitartez, haurrek Interneteko segurtasunari buruzko jarraibideak modu dibertigarrian ikasiko dituzte.

ZINEMA EUSKARAZ, AURTENGO EDIZIOAN LEHENENGO ALDIZ


Haurren eta gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzea da Umeen Gabonetako Parkeak hartutako beste konpromisoetako bat. Euskararen erabilera ludikoa indartzeko asmoz, hainbat jarduera antolatzen dira, zenbait urteetatik hona, haurrek jolasean eta besteekin harremanetan euskara erabiltzeko ohitura hartzeko xedearekin, baita aisialdian ere.

Horregatik, aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat haurrentzako bi filmen emanaldia da, bi adin-tarteko haurrei zuzenduak: 4tik 7ra, eta 7tik 10era. Gazteenentzat, Zikoinak filma aukeratu da, animaziokoa. Filmaren protagonista Richard izeneko txolarre zurtz bat da, zeinak zikoina dela uste duen haien artean eta haiekin batera hazi delako. Migrazio-garaia heltzen denean, bere benetako nortasuna ezagutuko du eta bere familiari agur esan beharko dio. Beste filma, haur nagusiagoentzako, Batman Lego izango da, ordenagailu bidez animatutako abenturen filma. BEC-eko Auditorioan emango dira, arratsaldeko 18:00etatik aurrera, abenduaren 22an eta urtarrilaren 3an, Zikoinak, eta abenduaren 23an eta urtarrilaren 4an, Batman Lego, hain zuzen ere.

Doan sartu ahal izango da, UGPren sarrera orokorrean sartzen baita, baina aldez aurretik izena eman beharko da UGPren web orrian (www.pin-ugp.com), edukiera bete arte, filma atzeratuko luketen ilarak saihesteko. Zineman sartzeko, izen-emate orria eta UGP sarrera aurkeztu beharko dira.

DIBERTSIOA ADIN GUZTIENTZAKO


Tradizio bilakatu da. Patinatzeko izotz-pista inoiz baino indartsuago dator Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, zeina aurten ere lurraldeko aisialdi gune izoztu ezagunena ekarriko duen. Foru erakundearen Jasangarritasun Sailak, gainera, Garbikerrekin eta herri kiroletan oinarritutako hondakinen kudeaketari lotutako hainbat dinamikarekin hartuko du parte: Lokotxak, hondakin bilketa eta saskian uztea; Txingak, zaborra edukiontzira eramatea; Kontrabandoa, aste batean sortutako zaborra eramatea; eta Harrijasotzea, hilabete batean sortutako zaborra jasotzen saiatzea. Txikienek BFAko Suhiltzaileekin gozatuko dute: haien lanaren erakustaldiak eta jarduerak eskainiko dituzte. Bestetik, Interbiak-ek Bizkaiko ehunka ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako haurrek egindako Olentzeroren eta Mari Domingiren panpinen lehiaketa antolatuko du. Egindako panpinen erakusketaz gain, onena aukeratzeko boto-ontzia jarriko da.

Eusko Jaurlaritzak, bestetik, ordenagailuko joko dibertigarri bat aurkeztuko du, 8 urtetik gorako haurrei egokitua, non Ekonomia Ituna balioetsiko den, haren 140. urtemugan. Horretarako, 18 tableta jarriko dira stand-ean, Peiori eta Nereari laguntzeko, KonEvo-V programaren protagonistak, Euskadiko Erakundeen Arkitekturan zehar egingo duten bidaian. Jokoa abenduaren 19tik aurrera egongo da erabilgarri Google Play Storen eta Appstoren. Gainera, azaldu den bezala, EEEk eta BGPk aurten ere jasangarritasunaren alde egin dute eta kart elektrikoekin etorriko dira, iazko arrakasta ikusita. Bestetik, Emakundek berdintasunaren inguruko tailerrak antolatuko ditu.

Portu agintaritzak ihes-gela oso berezi bat ekarriko du UGPra. Bilboko Portuaren biltegi bat da, eta handik irteteko hainbat proba gainditu beharko dira. Sei urtetik gorakoentzat gomendatutako jarduera izango da. Gainera, adin guztietako pertsonentzako makillaje-zona egongo da.

BBK Banku Fundazioak ere UGPren balioak barneratu ditu eta hainbat jarduera antolatu ditu bereizitako hiru guneetan haiek defendatzeko. Urdaibai Centerren aurkituko dugu jasangarritasuna, zuhaitzak nola landatu eta zaindu azaltzeko tailerretan, adibidez. Ingurumena zaintzearen inguruko lau erronka hartuko dituen ihes-gela bat ere nabarmendu beharra dago. Proposatuko den bigarren gunea Jagon Proiektua da, zeinaren xedea haurrei bullying-aren eta ziberbullying-aren inguruan ohartaraztea izango den. Ordenagailuko joko baten bidez eta penaltien jaurtiketa-lehiaketa baten bitartez egingo da. Irabazleek San Mamesen jokatuko den partida baten atsedenaldian Athletic-eko atezainari hiru penalty jaurtitzeko aukera izango du. Eta, azkenik, BBKren hirugarren gunea Family Zentrum delakoa izango da, non gurasoek txikiekin batera jolastu beharko duten.

Telepizzak txikienentzat jarduera ugari jarriko ditu aurtengoan ere bere standean. Aurpegia margotzea, eskulanen tailerrak, karetak egitea… Eta 10 urtera arteko haurrentzako txirrista puzgarria ere izango du.

Bestetik, komunikabideek Umeen Gabonetako Parkeari beti eman diote arreta handia. Ondorioz, DEIAk bubble balls direlakoekin itzuliko da bere Gabonetako gunera, Radio Nervión-ek karaoke lehiaketa antolatuko du, beste hainbat jarduera eta lehiaketaz gain, eta ETBk photocall-a jarriko du haurrentzako programen jarraitzaileek nahiago dituzten serieen oroigarri bat eraman ahal izango dute.

UGP-k, gainera, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren eta Nortegasen lankidetza ere jasoko du.

BARRAKAK 5. PABILOIAN


Ohikoa denez, haurren gustuko barrakak 5. pabiloian izango dira. Aurten, hogeita hamar inguru atrakzio jarriko dira, adin guztientzat sailkatuak: haurrentzat, familientzat eta helduentzat.

Mendebaldeko orga, Fantasiazko Gaztelua, Autotxokeak, Abentura Oihana, Eltzea eta Eltzetxoa itzuliko dira, betiko Ohe Elastikoak, Sorginaren Trena, Dragoia edo Matxinsaltoaz gain, besteak beste. Aurtengo berrikuntza Donuts atrakzioa izango da, arrapaletatik behera irristatuko diren biribil erraldoiak.

Eta, berrikuntza gisa, aurten jende gehien dituztenetan itxaron beharko den denboraren berri emateko sistema jarriko da, zeinari esker ilarak arinduko diren eta txikienek gogoko duten barrakan ibiltzeko zenbat denbora itxaron beharko duten ez jakiteak eragiten duen kezka saihestuko den. Bertara hurbilduko direnen artean arrakasta gehien duten zenbait atrakzioetan probatuko da sistema pilotua.

ABENDUAK 29, GURASOEN GAUA


Nork ez du inoiz amestu UGP-ra joatea derrigorrezkoa zen haurtzaroa berriro bizitzea? Orain, posible da. Abenduaren 29an, Umeen Gabonetako Parkea denboraren tunela bihurtuko da, gurasoek haurrak zirenean gozatu zuten bezala, berriz ere atrakzio guztiez gozatzeko.

Autotxokeak, Zezen mekanikoa, Piraten itsasontzia, Ohe elastikoak, Sorginaren trena… Oroitzapenak burura etorriko dira gau magiko horretan, non, barraken ondoan jarriko diren bentak jai-giroa izango duten lokalak bihurtuko diren, musika zuzenean entzuteko, afaltzeko, mokadutxoren bat jateko eta kopa batzuk edateko.

Sarreraren prezioa gainerako egunetakoa izango da: 8 €; eta mozorrotuta etortzen direnentzat sarrera 5 €-koa izango da. Poltsa-opari bat emango zaie sartzen diren lehenengo 1.000 lagunei.

SEGURTASUNEKO ESKUMUTURREKOAK ETA EDOSKITZE-GELA

Umeen Gabonetako Parkeak segurtasuneko eskumuturrekoen zerbitzu bat erabiliko du UGP barruan dauden bitartean txikienak errazago kontrolatu ahal izateko. Hura erabiltzeko, gurasoek atariko informazio-gunera jo beharko dute eta eskumuturrekoak han hartu.

Horrez gain, behar dutenek, edoskitze-gela ere edukiko dute, mikro-uhin labearekin, haurtxoak lasai elikatzeko. Gela horretan, jolas-txoko bat egongo da, anaia-arreba nagusiek itxaroten duten bitartean goza dezaten.

ORDUTEGIA

11:00etatik 20:00etara

(Leihatilak barrutiaren ordutegia baino 30 minutu lehenago irekiko eta itxiko dira)

ZINEMA EUSKARAZ

(aurretik izena eman)

Zikoinak (4-7 urte)

Batman Lego (7-10 urte)

 

Abenduak 22 / urtarrilak 3

Abenduak 23 / urtarrilak 4

18:00etan

MINIATLETISMOKO II. TXAPELKETA Abenduak 22, larunbata

(goizez eta arratsaldez)

 GABONETAKO II. LASTERKETA Urtarrilak 3, osteguna

10:00etatik aurrera

IV. GURASOEN GAUA Abenduak 29, larunbata

21:00 – 02:00etara

Abenduak 24, 31 eta urtarrilak 5 11:00etatik – 17:00etara
Abenduak 25 eta urtarrilak 1 eta 6 Itxita

SARRERAREN PREZIOA

Tarifa orokorra 8 € leihatilan eta makina saltzaileetan. Sarrera orokorra Kutxabanken zerbitzu anitzeko kutxazainetan ere erosi ahal izango da.
Familia-bonua (10 sarrera) 70 € (leihatilan bakarrik)
Talde laguntzaileak:
Familia ugariak (Eusko Jaurlaritza eta Hirukide), Ikea Family, Gazte Txartela
eta Fnac Klubeko Bazkide Txartela
 7 € (dagokion agiria edo txartela aurkeztuta leihatilan bakarrik salduko da. NAN edo familia-liburua aurkeztu behar da.)
Haurrak, 2 urtera arte barne  Sarrera doan
IV. Gurasoen gaua  8 € (ohiko sarrera)

5 € (mozorrotuta bazatoz)

|2018-12-14T13:35:45+02:00December 14th, 2018|Albistea @eu|0 Iruzkin

Utziguzu iruzkin bat