UGP-k 217.000 pertsona baino gehiagoren ilusioa jaso du

Bi urtez egin gabe egon ondoren, publikoak emozioz hartu du Bilbao Exhibition Centreko hiru pabilioitan egindako Eguberrietako hitzordu hau 

Esperantza handiko urte honetan, Umeen Gabonetako Parkearen edizioa arrakastatsua izan da; 217.443  haur eta familiak betiko atrakzioez gozatu ahal izan dute 5. pabilioian, baita 3. pabilioiko jarduerez eta 1. pabilioian protagonista izan diren balioez eta kirolaz ere. Izan ere, tradizioa eta gizarteak eskatzen dituen proposamenak uztartzea da duela 56 urtetik iparraldeko milaka pertsonaren Eguberrietako egutegiko ezinbesteko hitzordu honen arrakastaren gakoa.

Izatez, Bilbao Exhibition Centreko UGPra joatea bisita klasikoa da Bizkaiko familientzat eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta alboko erkidegoetako familientzat. Aurtengo bisitarien jatorria aurreko edizioetako ildo beretik doa: jende gehiena Bizkaia, Kantabria, Araba, Gipuzkoa, Burgos, Valladolid, Errioxa, Madril eta Nafarroatik etorri da.

Abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra bitartean, UGPk txikienen dibertsioarekin eta funtsezko sei balioren ikaskuntzarekin duen konpromisoari eutsi dio. Erakundeekin eta enpresekin batera, jasangarritasuna, familia, bizitza osasuntsua, elkartasuna, berdintasuna eta zibikotasuna bezalako balioak txertatzera bideratutako jarduera-programa osoa garatu dugu. Hain zuzen ere, helburu horretara bideratuta egon dira Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, EEEren, Bizkaibusen, BBKren, Banku Fundazioaren, Bizkaiko Fundazioaren, Athletic Fundazioaren, Euskadi Fundazioaren, Bilbao Basket Fundazioaren, Garbikerren, Interbiaken, Radio Nerviónen edo Telepizzaren proposamenak, besteak beste.

UGPren inguruan dagoen lan-ildo konprometitu horretan, iragan urtarrilaren 7an BECek eta Bizkaiko Atleten Federazioak antolatutako V. Eguberrietako lasterketa egin zen. Familientzako hitzordu horretan 488 pertsonak hartu zuten parte, probaren hainbat kategoriatan banatuta, eta erakutsi zuten garrantzitsuena parte hartzea dela.

Gainera, UGPren 1. pabilioian BizkaiBizi aurkeztu zuen Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Sailak. Halaber, dagokien federazioek antolatutako saskibaloi eta eskubaloi txapelketak eta Miniatletismoko Eguberrietako Torneoa izan ziren. Beisboleko bateatzeko tunelak eta mahai-tenisak ere arrakasta handia izan dute egunero.

UGPk bat egin du, beste behin ere, Bizkaiko Gurutze Gorriak Gabonetarako prestatu duen jostailu berri, ez beliko eta ez-sexistak biltzeko kanpainarekin. Halaber, urtarrilaren 4ra arte, jostailuak jaso dira 1. pabiloiko sarreraren ondoan dagoen atrioko informazio-gunean.

Gainera, lehen astean zehar, eskola-oporrak oraindik hasi gabe zeudelako jende gutxiago biltzen zela aprobetxatuz, UGP inklusiboagoa eta eskuragarriagoa egiteko neurriak hartu ziren. Leihatiletan lehentasunez sartzea edo argiztapena egokitzea eta pabiloietako soinua egokitzea izan ziren dibertsitate funtzionala duten pertsonei laguntzeko eta haien gozamena bultzatzeko ezarri ziren neurrietako batzuk.

Bilbao Exhibition Centrek lanean jarraitzen du publiko guztientzako interesak batzen dituen jarduera-programa egiteko, adina edozein delarik ere. Umeen Gabonetako Parkea horren adibide da, txikienentzako urteko unerik garrantzitsuenetako batean egiten baita, Eguberrietan.

-ek idatzirik|2023-01-11T09:55:16+01:0011 de urtarrila de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top