Umeen Gabonetako Parkeak azken egunei ekin die Bilbao Exhibition Centre-n, hezten duen eta partekatuz bizi den dibertsioa sustatzeko konpromisoa berriz ere indartuz. Jolasak, kirolak eta parte-hartzea oinarri, PIN/UGPk balio hauek jartzen ditu erdigunean: elkartasuna, berdintasuna, bizimodu osasungarria, jasangarritasuna, zibismoa, familia eta euskararen erabilera, zeharkako ardatz gisa.

Kirolak edizio osoan zehar protagonismo berezia izan du, eta haurtzarotik ohitura osasungarriak sustatzeko aliatu izan da; PINek, edizioz edizio, mantentzen duen konpromisoa da hori. Bizkaiko diziplina desberdinetako federazioen lankidetzari esker, neska-mutilek saskibaloia, eskubaloia, beisbola, mini-atletismoa eta mahai-tenisa praktikatzeko aukera izan dute, kirol-diziplina askotara jolasaren bidez hurbilduz. Gainera, Laboral Kutxak skatea gehitu du aurten UGPera, hastapen-klaseen eta saio libre tutelatuen bidez, hiri-kirola txikienei hurbilduz.
59. edizioari amaiera emango dion hitzordua urtarrilaren 5ean, astelehenean, izango da: PINeko Gabonetako VIII. Lasterketa, BECek antolatuta eta Bizkaiko Atletismo Federazioarekin lankidetzan. Adin guztietarako pentsatutako kirol-ekitaldia da, eta azoka-guneko 2. pabilioian egingo da. Lagunartean edo familian kirola partekatzeko aukera eskainiko du, bizimodu osasungarria sustatuz.

Proba parte hartu nahi duten pertsona guztiei irekita egongo da, federatuta egon ala ez, eta gehienez 600 parte-hartzaile izango dira kategoria guztien artean. Goizean zehar, adin-tarte bakoitzera egokitutako lasterketa desberdinak egingo dira, txikien kategorietatik hasi eta familia-lasterketa herrikoira arte.

11:10ean Infantil mailako neska-mutilen lasterketa egingo da (2012-2013), 900 metroko ibilbidearekin (3 bira); 11:20an, Alevin mailakoa (2014-2015), 600 metrorekin (2 bira); 11:25ean, Benjaminen mailakoa (2016-2017), 300 metrorekin (1 bira); 11:30ean, Prebenjaminen mailakoa (2018-2019), 300 metrorekin (1 bira); 11:35ean, Txikia nesken lasterketa (2020 eta ondorengoak), 60 metroko ibilbidearekin; 11:40ean, Txikia mutilena (2020 eta ondorengoak), 60 metroko ibilbidearekin; eta, azkenik, 11:50ean, familia-lasterketa herrikoia egingo da, 300 metroko ibilbidearekin (1 bira).

Izen-ematea esteka honen bidez egingo da: https://pin.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/jarduerak/ugp-ko-zortzigarren-lasterketa/ eta 2026ko urtarrilaren 3ra arte edo plazak agortu arte egongo da zabalik. Dortsalak probaren egun berean jaso ahal izango dira 2. pabilioiko garderoban. Ondoren UGPera sartu nahi duten izena emandako pertsonek 5,5 euro ordaindu beharko dituzte dortsala jasotzean.

Azken hitzordu handi honekin UGP-k agur esango dio edizio honi, eta hurrengoari begira jarriko da: zenbaki biribila izango duen edizioari, 60. edizioa.

PIN/UGP Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta honako hauen babesa du: Bilboko Portu Agintaritza, BBK, Bizkaiko Foru Aldundia, Energiaren Euskal Erakundea, Garbiker, Eusko Jaurlaritza, Interbiak, Laboral Kutxa eta Telepizza.

Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara izango da, urtarrilaren 5ean izan ezik; egun horretan 11:00etatik 17:00etara izango da. Sarrera guztiak ekitaldiaren webgunean eskuratu daitezke.