Umeen Gabonetako Parkea erritmo betean ari da funtzionatzen lehen bi asteak igaro ondoren; aste horiek jarduera bizikoak izan dira pabiloietan. Milaka familia, lagun-talde eta ikastetxek gozatu dute jada atrakzio, jarduera eta kirol-proposamenen eskaintza zabalaz, PIN/UGP Gabonetako plan nagusietako bat bihurtuz beste behin ere.

Edizioaren hasierako une nabarmenetako bat Olentzero eta Mari Domingiren bisita izan zen, abenduaren 13an eta 14an, familia ugari bildu eta giro bereziki jai-zale eta hunkigarria sortu baitzuen erakustazokan. Gabonetako pertsonaien presentzia txikien artean gogotsu hartu zen, PIN/UGPren izaera familiarra indartuz.

Ikastetxeen astean, abenduaren 15etik 19ra bitartean, parkera ikasle ugari hurbildu ziren, oporrak hasi aurreko azken eskola-egunak jardunaldi dibertigarri eta hezitzaile batez gozatzeko aprobetxatuz. Kantabria, Gipuzkoa, Araba, Burgos eta Nafarroatik etorritako talde ugariren presentziak —Bizkaiaz gain— PIN/UGPren rola berresten du, lurralde desberdinetako ikastetxeentzako aisialdi pedagogikoko eta elkarbizitzako baliabide gisa.

Testuinguru honetan, STEAM Gunea harrera oso ona izaten ari da edizio honetan, familien presentzia nabarmenarekin, baita ikastetxeetako taldeek parte hartuta ere. Bertaratutako pertsonek modu positiboan baloratzen dute eskaintza osoagoa, aurreko edizioarekin alderatuta proposamen hezitzaileak zabaltzen dituena. Parte-hartze familiar horrek zuzenean egiten du bat PIN/UGPren balioekin, eta zientzia eta esperimentazioa hezkuntza-esparrutik harago eramaten laguntzen du, familian partekatutako aisialdiaren parte bihurtuz.

Parkearen programazioak erakargarri izaten jarraitzen du, adin eta gustu guztietara egokitutako atrakzio, kirol eta jarduera parte-hartzaileen arteko oreka eskainiz, betiere balioetan oinarritutako dibertsioarekiko konpromisoaren baitan. Elkartasuna, jasangarritasuna, berdintasuna, zibismoa, bizimodu osasungarria eta familia dira PIN/UGPren esperientzia egituratzen duten ardatzak. Gainera, euskarak zeharkako balioa izaten jarraitzen du, programazioan zein bisitariekin duen harremanean modu aktiboan presente.

Bi asteko balantze oso positiboaren ondoren, Umeen Gabonetako Parkeak elkargune, ilusio eta gozamen partekaturako gune gisa garatzen jarraitzen du, haur, gazte eta familien Gabonetako oporretan.

PIN/UGP Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta honako erakundeen babesa du: Bilboko Portu Agintaritza, BBK, Bizkaiko Foru Aldundia, Energiaren Euskal Erakundea, Garbiker, Eusko Jaurlaritza, Interbiak, Laboral Kutxa eta Telepizza.

INFORMAZIO PRAKTIKOA
BECek segurtasun-identifikazioko eskumuturrekoen zerbitzua jarriko du bisitarien eskura, txikien kontrola errazteko. zerbitzu hori erabiltzeko, 1. pabiloitik gertu dagoen atrioko informazio-gunera jo beharko da.

Ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara izango da, abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean izan ezik; egun horietan 11:00etatik 17:00etara izango da. Urtarrilaren 1ean PIN-UGP itxita egongo da. Sarrera guztiak ekitaldiaren webgunean erosi ahal izango dira.