weAR azokaren bigarren edizioa 2027ko otsailaren 23tik 25era egingo da Bilbao Exhibition Centren, eta bi urtean behin automatizazioaren eta robotikaren arloko erreferentziazko hitzordu gisa sendotuko da. Industria inoiz baino erritmo azkarragoan garatzen ari den testuinguru honetan, eta automatizazioak zein robotikak gero eta garrantzi estrategiko handiagoa dutenean, otsailean egingo den azokak aukera emango die enpresa hornitzaileei eta erabiltzaileei inbertsioak eta industria-proiektuak zehazteko une erabakigarrian elkartzeko.

weARek erakusketa eremu zabala izango du, eta, horrez gain, workshopak, hitzaldiak eta zuzeneko erakustaldiak eskainiko ditu. Horien bidez, benetako aplikazioak ezagutzeko, arrakasta-kasuen berri izateko eta automatizazioaren eta robotikaren arloko azken soluzioak industriaren behar zehatzetara hurbiltzeko gune dinamikoa sortuko da. Sektore ugari bilduko dituen azokan honako arlo hauetako fabrikatzaile eta banaketa-enpresek parte hartuko dute: eragiketa-sistemak eta haien osagaiak, sentsoreen teknologia, kontrol-teknologia, IPCak, software industriala, gizakiaren eta makinaren arteko interfazea (HMI), sare elektrikoak eta fabriketarako hornidurak, interfazeak eta interfaze-teknologia, behe-tentsioko kommutazio-gailuak, azpiegitura mekanikoak, komunikazio industriala, muntaketa- eta manipulazio-teknologia, posizionamendu-sistemak, segurtasun- eta babes-teknologia, industria-erabilerarako wearable gailuak, AGVak, robotika eta ikusmen artifiziala.

Azoka +INDUSTRY ekimenaren barruan, herrialdeko smart manufacturing arloko plataformarik handienean, egingo da. Bertan, zazpi industria-azoka osagarri bilduko dira ingurune berean: AdditƐD, BeDIGITAL, Maintenance, Pumps & Valves, Subcontratación eta weAR, WORKinn Talent Hub enplegu-foroarekin batera. Elkarrekin antolatzeak fabrikazio aurreratuaren balio-kate osoaren arteko loturak indartzea ahalbidetuko du.

weAR azoka +INDUSTRY ekimenaren barruan egiteak erabakiak hartzeko gaitasuna duten profesionalak erakarriko ditu funtsezko sektoreetatik, besteak beste, automobilgintza, defentsa, elikagaien eta edarien industria, aeronautika eta aeroespaziala, energia, ekipamendu-ondasunak, siderurgia, kimika eta petrokimika, eta trengintza.

Nazioarteko dimentsioa, gainera, ekitaldiaren elementu bereizgarria da, eta enpresa erakusketarien zein bisitarien profilean islatzen da. Azken edizioan, 2025ean, +INDUSTRYk 47 herrialdetatik iritsitako 12.120 profesional bildu zituen. Nazioarteko merkatuei dagokienez, ordezkaritza handiena izan zuten herrialdeak honako hauek izan ziren: Frantzia, Italia, Alemania, Portugal, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Maroko, Txina, Taiwan eta Hego Korea.

weAR azoka STECHek, Manufacturingaren Industriarako Teknologia Adimendunen Espainiako Elkarteak, eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute. Erakunde mailako bazkideei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren laguntza jasotzen du.