WindEuropen urteroko ekitaldia 2024an itzuliko da Bilbao Exhibition Centrera

WindEuropek gaur iragarri du Bilbao Exhibition Centren izango dela WindEuropen urteroko ekitaldia 2024an, martxoaren 19tik 21era. Hirugarren aldiz egingo da WindEuropen urteroko ekitaldia Bilbon, 2019ko eta 2022ko edizioen ostean. 2024ko ekitaldia aurtengo edizio arrakastatsuan oinarrituko da: 330 erakusketari, 78 herrialdetako 9.800 bisitari eta 19 milioi euro baino gehiago sortu zituen tokiko ekonomiarentzat.

Ekitaldian erakusketa eta hitzaldiak uztartuko dira. Erakusketan, 400 enpresek fabrikazioko, teknologiako, logistikako eta beste zerbitzuetako azken joerak erakutsiko dituzte. Konferentzien egitarau zabalaren barruan 300 hizlari baino gehiago izango dira, eta lurreko eta itsasoko energia eolikoaren, elektrifikazioaren, industria-politikaren, energia eoliko flotagarriaren, hidrogeno berriztagarriaren eta beste gai askoren gainean jardungo dute. Bilbon egingo den 2024ko WindEuropen urteroko ekitaldirako standen salmenta 2023ko martxoan hasiko da.

Orain arte, Espainiako parke eoliko guztiak lurrekoak izan dira. Hala ere, gobernuak 2023rako itsasoko energia eolikoaren lehen enkanteak egitea aurreikusten du. Espainiak 2030erako 3 GW instalatzeko asmoa du eta, horrela, itsasoko energia eoliko flotagarrian lider teknologikoa bihurtzea.

Euskadik funtsezko zeregina izango du prozesu horretan. Egun, erkidegoan energia eolikoaren hornidura-kateko hainbat enpresa daude dagoeneko. Gainera, Bilboko portua logistika-zentro estrategikoa da energia eolikoarentzat. Hortaz, Espainiako itsasoko helburu eolikoek energia eolikoaren inpaktu ekonomikoa indartuko dute Euskadin.

Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak berretsi du: “Trantsizio energetiko bete-betean gaude, eta Europako tentsio geopolitikoak hori azkartzea eskatzen du. Euskadik dituen gaitasun teknologiko eta industrialak aprobetxatu egin behar dira energia berriztagarriak sortzeko behar dugun jauzi kualitatiboa egiteko, energia eolikoa barne. Gaitasun hori nazioartean aitortu dute, eta, horregatik, 20204an, “energia eolikoaren Europako hiriburua” izango gara, Wind Europen kongresuaren edizio berriari esker. Euskal Energia Erakundeak eta energia klusterrak parte hartuko dute hitzordu horretan, eta haien apustuak islada izan beharko du Euskadiko enpresentzako aukera berrietan, enpleguaren sorkuntzan, eta, jakina, energia berria sortu eta kontsumitzea Euskadin errealitatea izan dadin”.

Espainia Europako energia eolikoaren bigarren merkatua da, 28 GW parke eoliko baino gehiago baititu. Energia horrek Espainiako elektrizitatearen eskariaren % 24 baino gehiago asetzen du, 5.500 milioi euro baino gehiagoko ekarpena egiten dio herrialdeko ekonomiari eta 32.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu. Halaber, kontsumitzaileei beraien ordainagiriak kudeatzen laguntzen die: zifra berrien arabera, energia eolikoari esker, batezbesteko kontsumitzaileak ia 10.000 euro aurrezten ditu urtean.

Juan Virgilio Marquez Enpresa Eolikoen Elkarteko zuzendari nagusitzarentzat, Bilbon Europako onshore eta offshore ekitaldi eolikoaren edizio berri bat egitea Espainiak energia eolikoa sortzeko, esportatzeko eta teknologiarako duen lidergoaren froga da: “Espainian energia eolikoa areagotzeko apustu argia egitea ezinbestekoa da Europako energia berriztagarrien helburuak lortzeko. Egungo egoera soziopolitikoan, Europak politika industrialak eta energetikoak ezarri behar ditu, Europako industria eolikoaren lehiakortasuna bermatzeko interes estrategikoa duen industria gisa. Espainiako sektore eolikoaren ezaugarria gure herrialdearen barruan duen balio-kate indartsu eta osoa da. Espainiako energia eolikoaren arrakasta nazioartean aitortu dute. Oso harro gaude WindEuropen urteroko ekitaldia berriro Bilbon izateaz, eta ahal dugun guztia egingo dugu aurreko urteetako arrakasta errepikatzeko, eta, are, gainditzeko”.

WindEurope 2024 Bilbao urteko ekitaldiak Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren babesa du, baita EEEren eta Energia Klusterraren kolaborazioa ere.

-ek idatzirik|2022-12-14T12:34:26+01:0014 de abendua de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top