BECek nazioarteko zazpi azoka berri hartuko ditu

Berriki, ICEXek “Nazioartekotasun osoko aitorpena” eman die Bilbao Exhibition Centrek 2017an antolatuko dituen Tendencias Creativas, World Maritime Week, Apikontratazioa eta Ferroforma azokei. Horrez gain, “Aduanei begirako Nazioarteko Aitorpena” jaso dute Pumps&Valves, Maintenance, Fitmaq, Addit3d eta Expovacaciones azokek.

Ziurtagiri horiek Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dituen azoken kalitatea nabarmentzen dute, bai eta haien gero eta nazioartekotasun handiagoa ere. Hala, BECek antolatzen dituen azokei nazioartekotasun-aitorpen horiek emanda, erakusketariek abantaila fiskalak izango dituzte, Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak eta, zehazki, Merkataritzako Estatuko Idazkaritzak eginiko aitorpenari esker.

Azokek, merkataritza-politikarako tresna diren heinean, ziurtagiri horiek jasotzeko, baldintza jakin batzuk bete behar dira, kasu honetan BECek: hainbat baldintza bete izanaren egiaztapen objektiboa, ikuskapenetan espezializaturiko enpresa batek edo AFEk egina, adibidez, zuzeneko erakusketari atzerritarren kopurua gutxienez zuzeneko erakusketarien % 10ekoa izatea, bisitari atzerritarrak ez izatea guztirako bisitari-kopuruaren % 5etik beherakoa, azoka erregulartasunez egin izana gutxienez aurreko hiru ediziotan, adierazitako parametroek progresio positiboa erakustea azkeneko edizioetan, azokaren ardatz den sektorearen babesa izatea, azokak bide ematea sektoreari teknologia berriak eskuratzeko eta Merkataritzako Lurralde Zuzendaritzaren eta ICEX-en eskutik txosten positiboak jasotzea, azokaren azken edizioa bisitatu ondoren.

Nazioartekotasunaren adierazgarri horrek ziurtatzen du azokak, era berean, tresna garrantzitsua direla nazioarteko merkatuetara iristeko, batik bat enpresa txiki eta ertainentzat.

 2017, NAZIOARTEKOTASUNA BEREIZGARRI

Urtarrilaren 26tik 29ra, Bilbao Exhibition Centre Tendencias Creativas-Eskulanen Erakustokiaren beste edizio baten egoitza izango da. Aurten, azokak, 11. edizioa beteko duenak, ia ehun enpresa erakusketari izango ditu eskulanekin loturiko produktu eta proposamenen eskaintza zabala aurkezteko. Azoka egingo den lau egunetan, eskulanen eta dekorazio-arteen esparruko profesional, denda, sortzaile, banatzaile eta zale ugari bilduko dira BECen, besteak beste ehungintzaren, eskuzko arteen, dekorazioaren, gozogintzaren eta imitaziozko bitxien diseinuaren sektoreetakoak.

2017ko martxoaren 27tik 31ra, BEC nazioarteko erreferentziazko gune bihurtuko da ontzigintzaren, portuen, arrantzaren eta energiaren sektoreetarako, World Maritime Week 2017 azokari esker. Lau sektoreetako bakoitzerako goi-mailako berariazko hitzaldi-programak eta networkinga izango dira, bai eta esparru eta jarduera partekatuak ere, esaterako, inaugurazioko osoko bilkura, erakusketa-gunea, gala-afaria eta sari-banaketa, eta topaketak arlo bakoitzeko espezializazioari eutsiko dio nork bere marka erabiliz. Hala, SINAVAL ontzigintzari eskainiko zaio, EUROFISHING arrantzari, MARINE ENERGY WEEK, EEEk, Tecnaliak, AZTIk eta BECek antolatua, babesle nagusia Iberdrola izanik, itsas-energia berriztagarriei, bereziki offshore eolikoari eta olatuen energiari, eta FUTUREPORT, 2009an merkataritza-erabilera izan ondoren berreskuratua, portuei.

Maiatzaren 5etik 7ra, Expovacacionesen beste edizio bat hartuko du BECek, nazio-mailako eta nazioarteko bidaietarako joerak eta esperientziak zein aisialdi eta denbora librerako aukera berritzaileenak aurkezteko. Azokan bilduko dira bidaia-agentzietako ordezkariak, handizkariak, garraio-enpresak, erakunde ofizialak, hotelak, hedabideak, kanpinak eta karabanak, higiezinen enpresak eta turismo-enpresak, eta horiek guztiek publiko guztietarako proposamen turistiko anitz eskainiko dituzte.

Hilabete geroago, ekainaren 6tik 8ra bitartean, BEC plataforma industrial handia bilakatuko da, hainbat azoka aldi berean egingo baitira: Maintenance eta Pumps & Valves (Prozesu Industrialetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduen Sistemen Nazioarteko Azoka), Ferroforma (Burdingintza, Brikolaje eta Hornidura Industrialaren Nazioarteko Azoka), Azpikontratazioa (Fabrikaziorako Prozesuen eta Ekipoen Nazioarteko Azoka), Fitmaq (Aukerako eta Bigarren Eskuko Makineriaren Nazioarteko Azoka) eta ADDIT3D (Fabrikazio Gehigarriaren eta 3Dren Nazioarteko Azoka). Sektoreen arteko sinergiak eta berrikuntza eta garapen teknologikoarekin hertsiki loturiko bisitarien profil berriak izango dira aparteko hitzordu honen bereizle nagusietakoa.

ICEX-España Exportación e Inversiones nazio-mailako enpresa-erakunde publikoa da, eta Espainiako enpresen nazioartekotasuna sustatzea du helburu.

-ek idatzirik|2017-01-10T17:09:10+01:0010 de urtarrila de 2017|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top