2018ko jarduera ikusgarriaren ostean, BEC nazioarteko ekitaldi berriak jasotzeko prestatzen ari da

Bai esparruarentzat bai hiriarentzat ikusgarria izan den urte honetan, EMA MTV sarien gala, Routes Europe, EuroPM edo BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa hartu ondoren, Bilbao Exhibition Centre buru-belarri sartuta dago goi-mailako hainbat ekitaldiren programazioan. Nazioarteko mugimendua aurrera doa eta, 2019ko egutegian, nabarmentzekoak dira arkitekturari, haize-energiari eta tren-garraioari eskainitako ekitaldiak, aipatutako sektoreetan aski ezagunak diren marken eskutik: Architect at Work, Rail Live eta WindEurope Congress & Exhibition.

Otsailaren 20an eta 21ean, eta lehenengoz BECen, lur hartuko du eta errotuko da Architect at Work, arkitektoen, diseinatzaileen, ingeniarien, hirigileen eta higiezin-sustatzaileen bisita jasoko duen diseinu originaleko azoka profesionala. Denera 15 herritan marka hau erabiltzen duen Headquarters Kortrijk Xpo-k antolatutako ekitaldi honek erakusketaren berritzailetasuna azpimarratzen du; izan ere, epaimahaiak produktu bakoitza berrikuntza-mailaren eta erakusketari berak emandako informazioaren arabera ebaluatuko du.

Martxoaren 5etik 7ra, berriz, Rail Live! ekitaldiaren bigarren edizioa egingo da. Tren-sektoreko operadore, fabrikatzaile eta hornitzaileen intsignia bihurtu den urteroko topaketa hau BECera itzuliko da, ekitaldia antolatzen duen Terrapinn Holdings Ltd. enpresaren hitzetan, “espero zen parte-hartzea gainditu zuen 2018ko estreinaldi dinamiko eta arrakastatsuaren” ondoren. Bereziki interesagarria da azoka eta kongresua elkartzen dituen deialdi honen hitzaldi-programa, mundu osoko adituek hartuko baitute parte mundu-mailako tren-industriak aurrean dituen erronka nagusiak zeintzuk diren aztertzeko.

Bestetik, Energia Eolikoaren Europako Elkarteak “WindEurope Conference & Exhibition” ekitaldia egingo du apirilaren 2tik 4ra. Europa mailan espezialitate horretako topaketarik garrantzitsuena da azoka hau. Mundu osotik, batez beste, 8.000 profesional eta 50 herrialdeko 400 enpresa erakusketari baino gehiago etortzen dira. Azken urteotan, haize-energia asko garatu da, eta hazkunde-tasa handieneko energia-iturria da jada; beraz, berrikuntzaren alde apustu egiteko, harreman berriak sortzeko eta etorkizuneko joerak ezagutzeko une garrantzitsuan iristen da azoka. Zentzu horretan, erakusketak eta gaurkotasun-hitzaldiak egiteko guneak elkartuko dira, sektoreko profesionalek jakintza hedatzeko eta merkataritza-trukeak egiteko duten beharrei erantzuteko.

-ek idatzirik|2021-04-14T17:11:04+02:0016 de azaroa de 2018|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top