300 hizlari baino gehiagok europako politika energetikoan izandako aurrerapenak aztertuko dituzte WindEurope 2022 Urteroko Ekitaldian, Bilbon

Ekitaldia Europako energiaren segurtasunerako une erabakigarrian helduko da

Bilbao Exhibition Centrek Kopenhageren lekukotza jaso du eta bigarren aldiz hartuko du WindEurope urteroko ekitaldia, apirilaren 5etik 7ra bitartean. Ekitaldiaren hitzaldi-programak  300 hizlari baino gehiago bilduko ditu eta energia eolikoaren balio-katearen alderdi guztietako erakusketarien eskaintza zabala izango da ikusgai.

 Hilabete baino gutxiago falta da eta WindEuropeko hitzaldien egitarauak 300 hizlari baino gehiago izango ditu, sektorearentzat gai esanguratsuak jorratuko dituztenak, hala nola hornikuntza-katearen lehiakortasuna, itsasoko energia eoliko flotagarria, energiaren prezioak, jasangarritasuna edo digitalizazioa. Bilbao Exhibition Centrek jasoko du beste behin ekitaldia, eta offshore eta onshore energia eolikoaren sektoreko enpresen eta profesionalen ordezkaritza handia bilduko du erakusketa eta kongresua uztartuko dituen ekitaldi honetan.

Giles Dickson WindEuropeko CEOak aipatu du ekitaldia “Europako politika energetikoaren une erabakigarrian heldu” dela. EBk argi du inportatutako erregai fosilen mendekotasuna murriztu nahi duela, eta arrazoizko prezioa duen elektrizitatea mantendu. Horretarako, funtsezkoa da energia berriztagarriak azkar hedatzea. Bilboko WindEurope 2022 urteroko ekitaldiaren ardatz nagusia izango da Europako energiaren segurtasunak behar duen energia eolikoaren hedapen masibo eta azkarra nola eskaini”.

2019ko ekitaldi arrakastatsuan 80 herrialdetako 8.500 profesionalek hartu zuten parte eta 10,5 milioi euroko eragin ekonomikoa utzi zuen barne-produktu gordinari dagokionez. Aurten, BECera itzuliko da WindEurope ekitaldia eta berriro ere 8.000 parte-hartzaile baino gehiago izatea aurreikusten da. Eusko Jaurlaritzako energia-agentzia den Euskal Energia Erakundeko Zuzendari Nagusi Iñigo Ansolarentzat “Euskadik industria-ekosistema eta teknologiko oso erakargarria du sektore eolikoan, Bilbon WindEurope gisako industria-topaketa egin ahal izateko. Izan ere, negozio-aukera paregabeak ditu sektore osoarentzat. Euskadi erreferente teknologikoa da eta bere berrikuntza mundu osora esportatzen jakin du. Une hauetan beharrezkoa da halako mendekotasunik eragiten ez duen beste errealitate energetiko baterantz pausoak ematea, eta energia eoliko flotagarrian ere liderra izan nahi du, hori baita datozen urteetan gailenduko den sektorearen muga berria”.

Europako energia eolikoaren balio-kate osoa, bai lurrekoa bai itsasokoa, BECen izango da. José Ignacio Hormaeche Energia Klusterreko Zuzendari Kudeatzailearen esanetan: “WindEurope Bilbon egitea Euskadiko energia eolikoaren balio-katearen garrantziari eginiko aitortza da. Aukera paregabea da gure gaitasunak eta potentzial teknologikoa ikusarazteko, harremanak indartu, hitzarmenak lortu eta energia-eraldaketaren prozesurako gakoa den merkatu hau erabakimenez sustatu ahal izateko”. Euskadi da Estatuko industria eolikoaren erdigunea eta funtsezko rola betetzen du sektore eolikoaren hornidura-katean. Egun, lurreko lau parke eoliko ditu eta 153 MWko indarra dago instalatuta.

EBrentzat eta gobernu nazionalentzat energia eolikoa da Europan finkatu diren helburu klimatikoak eta energetikoak lortzeko oinarria. Egun, energia eolikoak Europa osoko elektrizitate-kontsumoaren % 15 asetzen du. Espainia da Europa barruan energia eolikoaren gaitasun osoari dagokionez bigarren herrialderik garrantzitsuena. Energia eolikoak 3.000 milioi euroko ekarpena egiten dio Espainiako BGPdri eta 30.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu. Orain, Espainia itsasoko energia eolikoa ere egokitzen ari da, eta ibilbide-orriaren arabera, 2030erako 3GWrainoko itsasoko energia eoliko flotagarria izan lezake.

Juan Virgilio Márquez AEE-Espainiako Eolikoaren Elkarteko Zuzendari Nagusiak hau nabarmendu du: “WindEurope Bilbao 2022 sektore eolikoko eragileentzat funtsezko topaketa da eta Espainiako sektore eolikoaren lidergoa agerian jartzen du.  2030 eta 2050era begira energia eolikoaren hurrengo erronkak eta ibilbide-orriak zein diren aztertzeko aukera da, horiek izango baitira Energiaren eta Klimaren Plan Nazional Integratuaren (PNIEC) helburuetarako urte garrantzitsuak. Alde horretatik, sektore eolikoa pieza funtsezkoa eta estrategikoa da Espainiako ekonomiarako, eta gure herrialdean eraldaketa energetikoa zuzentzeko aukera ere bada. Apustu teknologiko honek % 23ko ekarpena egiten dio dagoeneko sistemari, 30.000 profesional baino gehiago ditu, 3.106,4 milioi euroko ekarpena egiten dio Espainiako BPGdri (% 0,30) eta geografia osoan zehar banatuta dauden 250 industria-zentro baino gehiago ditu. Espainiako energia eolikoa garapen industrialaren eta teknologikoaren arrakasta esanguratsua da, eta baita energia garbiaren hornidurarena ere. Gainera, balio-katearen % 100ean du presentzia. Hazkundearen bide horretan aurrera egiteko eta industria eta berrikuntzaren erreferentziazko zentro gisa, erronka handiak ditugu aurretik: enkante berriak, sarbideetarako eta konexioetarako araudi berria, lehenengo parke hibridoak abian jartzea eta H2 berriztagarriaren gaineko oinarrien planteamendua, itsasoko energia eoliko flotagarriaren garapena eta adostasun sozialaren garrantzia, besteak beste. WindEurope Bilbao 2022k erreferentziazko industria gisa hazten jarraitzera bultzatuko gaitu, klima-aldaketaren eta ekonomiaren deskarbonizazioaren aurkako borrokan ekarpenak egiteko”.

Euskadiko enpresa eta erakundeen ordezkaritza handia

WindEurope 2022ko erakusketen eremuan haien berrikuntzak eta abangoardiako azkeneko produktuak erakutsi ahal izango dituzten sektoreko enpresa eta talde liderrak izango dira. Horien artean, nabarmentzekoa izango da euskal presentzia. Edizio honetan, ordezkaritza Energiaren Euskal Klusterrak koordinatuko du, Energiaren Euskal Erakundearekin (EEE) elkarlanean. “Wind Energy Basque Country” izenpean Euskadiko 50 enpresa eta erakundek hartuko dute parte. Gainera, eremu horretan telebistako plato bat izango dute energia eolikoaren balio-katearen gaitasunak promozionatzeko eta erakusketarien azken garapenak ezagutarazteko, sektorean adituak diren pertsonei egindako elkarrizketen bitartez.

Halaber, European Enterprise Networkeko ordezkaria den SPRI taldearekin elkarlanean, matchmakingeko ekimen bat prestatu dute, eta ekitaldiaren barruan balizko bezeroekin, kolaboratzaileekin edo hornitzaileekin harremanak egiteko aukera gehigarria izango da. Azkenik, SPRI taldearekin eta WindEuropekin elkarlanean, WindTalks for innovation izenekoak antolatuko dira; hau da, egun bakoitzean gai baten inguruko aurkezpenak egingo dituzte Euskadiko eta nazioarteko enpresek eta adituek. Offshore & Floating Wind Energy (apirilak 5); Energy Clusters Summit & Technology Day (apirilak 6); eta Talent Day (apirilak 7).

Macquarie-Green Investment Group, Iberdrola, Repsol eta Siemens Gamesa Renewable Energy dira WindEurope 2022ko enbaxadoreetako batzuk.

-ek idatzirik|2022-03-17T15:41:28+01:0017 de martxoa de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top