60 hizlari adituk baino gehiagok aztertuko dute itsas sektorearen gaurkotasuna World Maritime Week-en

Estatu mailako eta nazioarteko 60 hizlari adituk baino gehiagok aztertuko dute itsas sektoreak gaur egun bizi duen egoera Bilbao Exhibition Centren 2023ko martxoaren 21etik 23ra bitartean egingo den WORLD MARITIME WEEKen. Lehenengo jardunaldian, osoko bilkura egingo da eta komuna izango da lau kongresuetarako: EUROFISHING, SINAVAL, FUTUREPORT eta OCEAN ENERGY CONFERENCE. Martin Stopfordek eskainiko du saio magistral hau: Klima-aldaketa eta nabigazio adimentsua. Itsas Industriaren aurreikuspenak 2050erako. Stopfordek hainbat kargu izan du: British Shipbuilders-en Garapeneko zuzendaria izan da; Lloyds Maritime Information Services-en zuzendari exekutiboa, edo Clarkson Research-en zuzendari kudeatzailea. Gaur egun, MarEcon Ltd-eko zuzendari exekutiboa da.

EUROFISHINGek Itsasoko Espazioaren Plangintzarekin lotutako erronkak landuko ditu kasu errealekin. Gainera, hitzaldi magistralak egongo dira eta, aldi berean, atunontzien jardunaldia egingo dute. Jorge Santos Gonçalvesek, ikerlari seniorrak eta CCMAReko Batzordeko kideak, edo María Isabel Artimek, Arrantza arloko idazkari nagusiak, hartuko dute parte jardunaldietan.

SINAVAL da kongresu beteranoena eta WORLD MARITIME WEEK astearen bizkarrezurra. Bertan, Itsas Industriak Lehiakortasuna eta Erresilientzia, eta sektoreko Digitalizazioa landuko dituzte besteak beste, gai hauen inguruan: Ontziola 4.0, Biki Digitala eta Tripulatu gabeko Itsasontziak. Prestigio handiko hizlariek hartuko dute parte: José Ubaldo Dégano, Produkzio Prozesuen Eraldaketako arduraduna Navantian; Jon Lasa, Branka Solutions SLU enpresaren sortzailea edo Manuel Ruiz, Business Development Managerra Lloyd´s-en.

Portuen inguruko kongresuan, FUTUREPORTen, gai nagusiak Eraldaketa Digitala eta portu berdeak izenekoak izango dira. Jose Ramon Iribarrenek, SIPORT21eko zuzendari nagusiak, azpiegiturak adimentsu bihurtzeko beharrezko sentsorizazioaren moduko gaiak jorratuko ditu adibidez. Gainera, SINAVALek eta FUTUREPORTek zeharkako konferentzia antolatuko dute. Bertan, jasangarritasuna eta deskarbonizazioa izango dituzte hizpide ontzi-enpresen, portuen eta hornitzaileen ikuspegitik.

Bestalde, OCEAN ENERGY CONFERENCEk Itsasoko Energia Berriztagarrietan adituak direnak bilduko ditu eta konferentziaren ardatz nagusia izango da Erosketa Publiko Berritzailea. Patxi Etxanizek IDOMeko Itsasoko Energietan adituak, olatuen teknologiaren garapenean finantzaketa publikoaren gaia jorratuko du besteak beste. Ondoren, Ontzigintzako PERTErako aukeratutako proiektuak, eta Itsasoko ongintzako ekosistema dibertsifikatzeko eta modernizatzeko eraldaketa ekonomikorako eta susperraldirako proiektu estrategikoa aurkeztuko dituzte.

Aurtengo berritasun gisa, WMW AWARDS sariak banatuko dituzte. Lau sari izango dira; kongresu bakoitzean ordezkatutako sektore bakoitzeko bana. Otsailaren 28ra arte aurkez daitezke hautagaitzak. Udalerri mailan, eskualde mailan, estatuan edo nazioartean garatutako egitasmoak izan daitezke. WMWko Lantaldeetako eta Idazkaritza Zientifikoko ordezkariek, hau da, itsas sektoreko prestigio handiko profesionalek, osatuko dute epaimahaia. Horiek arduratuko dira WMW Awards sariketako balorazioa egiteaz eta epaia emateaz. Sari-banaketa ekitaldia martxoaren 22an egingo da, jardunaldia ixtean, 18:15ean, Bilbao Exhibition Centren. Bertan, partaideek koktel esklusiboaz eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango dute, itsas sektorearen gardentasuna, lehiakortasuna, eraldaketa eta berrikuntza baloratzen dituzten profesionalen sarearekin batera.

Sektoreko 80 enpresa nagusi baino gehiago egongo dira erakusketen gunean. Atzerriko enpresei dagokienez, foroan izango direla baieztatu dute honako hauek, besteak beste: Rumaniako Glo Marine-k, Estatu Batuetako TWGk edo Frantziako Olen-ek. SEA Europe ere bertan izango da. Erakunde horrek Europako ontzigintza-industria ordezkatzen du eta honako lan hauek biltzen ditu: era guztietako (komertzialak zein ontzigintzakoak) itsasontzien eta egitura flotatzaileen produkzioa, mantentzea, konponketa, modernizazioa eta bihurketa, itsasoko sistemen, ekipamenduko materialen eta zerbitzuen ekoizleek eskainitako hornidura-kate osoa barne. Estatu mailako enpresei eta erakundeei dagokienez, baieztatu dute bertan izango direla honako enpresa hauek eta/edo ordezkariek: Euskal Herriko Itsas Foroa, Bilboko Portu Agintaritza, Uniport, PYMAR, Eusko Jaurlaritza, Astilleros de Murueta, Bombas Azcue, Espainiako Itsasoko Klusterraren Elkartea, Branka Solutions, Industrias Ferri, Navantia, Panelship, Trafag, Volvo Group España edo Vulkan, besteak beste.

Hosted Buyers’ Programme erosleen programak bermatuko du bertan izango direla Estatuko eta nazioarteko enpresa armadoreak, ontziolak eta ontzi-enpresak. Haien profilak interes handia sortzen du enpresa erakusketarien artean eta elkarrizketa-agendak itxiko dituzte haiekin. Duela gutxi, World Maritime Weekek Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak emandako “Erabateko Nazioartekoa” garaikurra jaso du.

-ek idatzirik|2023-02-20T12:46:58+01:0020 de otsaila de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top