Bilbao Exhibition Centrek azaroaren 3tik 5era bitartean bilduko ditu industriako eragile nagusiak DS – Decarbonized & Sustainable Industryren lehen edizioan. Nazioarteko topaketa honen bidez, Bizkaia eta Euskadi erreferente bihurtuko dira sektorearen erronka handienetako bati heltzeko: lehiakorragoak, eraginkorragoak eta jasangarriagoak diren ereduetara aurrera egitea.
Bi jardunalditan zehar, DS Industryk erakusketa, kongresua eta networking-a uztartuko ditu BECeko 2. Pabiloian. Egitarauak estatuko zein nazioarteko 140 hizlari baino gehiago, 100 enpresa erakusketari baino gehiago eta aurrez programatutako 190 B2B bilera bilduko dituen proposamena eskainiko du. Horrela, ingurune estrategikoa sortuko du teknologia berriak ezagutzeko, benetako aplikazio-esperientziak bertatik bertara ezagutzeko eta lankidetzarako zein negozioetarako aukerak sortzeko. Hirugarren egunean hainbat industria-instalaziotara egingo dira bisita teknikoak.
Industriarako bereziki garrantzitsua den unean iritsiko da hitzordua, produkzio-prozesuak testuinguru teknologiko, arautzaile eta energetiko berrira egokitzeko beharrak bultzatuta. Testuinguru horretan, Bizkaiak eta Euskadik industria-oinarri sendoa, erreferentziazko ekosistema zientifiko-teknologikoa eta sektorearen eraldaketa sustatzeko erakundeen babes irmoa dituzte.
DS Industryren lehen edizioa gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Ainara Basurkok, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak; Irantzu Allendek, Eusko Jaurlaritzako Energia Trantsizioko sailburuordeak; José Ignacio Hormaechek, Basquenergy Clusterreko zuzendari nagusiak; Olga Martínek, Aclimako zuzendari nagusiak; Xabier Basañezek, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusiak; eta Adriana Martínezek, DS Industryko Event Manager-a.
Etorkizuneko industria sustatzeko hiru ardatz
DS Industryk erabakiak hartzeko ahalmen handia duten sektore industrialetako bisitariak bilduko ditu, hogei sektore industrial baino gehiagotakoak: finketa, orea eta papera, galdaketa, trengintza, aeronautika, ekipo-ondasunak, kimika eta petrokimika, energia (sorkuntza eta banaketa barne), zementua eta karea, siderurgia, automobilgintza, beira, zeramika, elikadura eta edariak, ehunak, plastikoak, eraikuntza, ontzigintza, nekazaritzako elikagaiak eta hondakinen tratamendua. Horrez gain, teknologia- eta ikerketa-zentroetako, ingurumen-kudeaketako enpresetako, azpiegituretako, ingeniaritzetako eta EPCetako ordezkariak joango dira, aholkularitza-enpresa espezializatuekin batera.
Ekitaldian parte hartzen duten sektoreek partekatzen dituzten erronkei erantzuteko, DS Industry hiru arlotan egituratuko da: Knowledge, Innovation eta Networking (ezagutza, berrikuntza eta sareko lana).
Knowledge arloa ezagutza trukatzeko eta eztabaidarako gunea izango da. Nazioarteko irismena izango duen kongresu-programak hirurogei hizlari baino gehiago bilduko ditu, besteak beste, Alemania, Danimarka, Estatu Batuak, Grezia, Herbehereak, Irlanda, Italia, Erresuma Batua, Suitza eta Frantziatik etorritakoak, baina baita estatuko profesionalak ere. Deskarbonizazioarekin, ekonomia zirkularrarekin eta jasangarritasunarekin lotutako joera eta erronka nagusiak aztertuko dituzte.
Kongresuko edukiak hiru gai nagusitan antolatuko dira: Teknologien Trackak soluzioen aplikazioa jorratuko du, hala nola, CO2-a atzitzea eta erabiltzea, biltegiratze termikoa, bero-ponpak eta hidrogeno berdea; Zirkulartasunaren Trackak balio-kate osoa jorratuko dute, ekodiseinutik eta produktuen bizitza erabilgarria luzatzetik hasi eta negozio-eredu berrietara, produktua zerbitzu gisa eskaintzera eta hondakinak balorizatzera arte; eta Sektoreen Trackak deskarbonizazioaren erronkak eta joerak sakon aztertuko ditu hainbat sektoretan, hala nola finketan eta erregai berriztagarrien sektorean, siderurgian, zementuaren industrian, elikaduran eta zeramikan. Programa osatzeko, eztabaida-guneak, mahai-inguruak eta Expert Talks saioak egingo dira. Kongresu eremuan egingo diren topaketa ireki horietan, formatu parte-hartzaileen bidez, adituek eta bertaratuek ideiak, iritziak eta esperientziak partekatuko dituzte.
Gainera, Knowledge eremuak Innovation Workshops saioak jasoko ditu. Bertan, berrogeita hamar enpresa baino gehiagok euren teknologiak eta soluzioak aurkeztuko dituzte ingurune errealetan garatutako esperientzien eta kasu praktikoen bidez. Era berean, Startup Talks gunea ere izango da, industria-enpresak eta startupak konektatzeko sortutako espazioa, soluzioak partekatzeko, sinergiak aztertzeko eta berrikuntza-proiektu berriak sustatzeko.
Guztira, 140 hizlari baino gehiagok hartuko dute parte Knowledge eremua osatzen duten edukietan.
100 erakusketari baino gehiago izango dituen Innovation gunea DS Industryren erakusleiho teknologikoa izango da, profesionalei industrian zuzenean aplika daitezkeen irtenbideak eta garapenak hurbiltzeko sortutako espazioa. Bertan, sektoreko enpresa lider eta erreferenteak bilduko dira, industria-eraldaketaren erronkei erantzuteko soluzio berriak garatzen ari diren startup-ekin batera.
Erakusketa eremuan parte hartuko duten enpresetako batzuk izango dira hauek: Afesa, Agaleus, Ayesa Digital, Brenmiller Europe, Carlo Gavazzi, Dominion, GE Vernova, Global Factor, Iberdrola, Petronor, PKF, PwC España, Rank, Sener, Stratenergy, Tamoin, Telur, Tecnalia, Técnicas Reunidas eta Tempo, besteak beste.
Horrez gain, Innovation eremuak 36 panelez osatutako Poster Eremua ere izango du, sektoreko enpresek garatutako proiektu berritzaileak, teknologia berriak eta soluzioak ezagutarazteko.
Azkenik, Networking arloaren helburua parte hartzen duten profesionalen eta erakundeen arteko zuzeneko harremana sustatzea izango da. Ekimen nagusien artean B2B programa nabarmentzen da, Enterprise Europe Network (EEN) sareak SPRIren bidez antolatutakoa. Programak aurrez hitzartutako bilerak ahalbidetuko ditu enpresa erakusketarien, bisitarien eta deskarbonizazioarekin eta energia-eraginkortasunarekin lotutako erakundeen artean. Sektoreak emandako erantzuna agerian geratu da sortutako interesari erreparatzen badiogu: 190 bilera hitzartu dira Alemania, Eslovenia, Frantzia, Belgika, Italia, Turkia, Pakistan eta nazio mailako profesionalen artean.
Era berean, Hosted Buyers Programme programak erosle esanguratsuen presentzia indartuko du. Besteak beste, finketa, orea eta paperaren, galdaketaren, industria kimikoaren eta petrokimikoaren, energiaren, zementuaren eta karearen, siderurgiaren, beiraren, zeramikaren eta elikaduraren sektoreetako erosleak bilduko ditu.
Gainera, harreman profesionalak sortzeko aukerek erakusketa- eta kongresu-jardueretatik harago jarraituko dute. Lehenengo egunaren amaieran Afterwork Drinks egingo da, ingurune informalago batean kontaktuak eta elkarrizketak zabaltzen jarraitzeko aukera emango duen espazio lasaia. Azaroaren 4an, Gala Dinner afaria egingo da Bilbon, kongresuko parte-hartzaileak, hizlariak, erakusketariak, babesleak eta erosleak bilduko dituen ekitaldi berezian, non, gainera, DS Awards sariak banatuko dira.
Edizioari amaiera emateko, azaroaren 5ean, bisita teknikoak egingo dira Zabalgarbiko, Biscay Eco Aggregateseko, PepsiCoko, Petronorreko eta Bilboko Portuko instalazioetara. Parte-hartzaileek, deskarbonizazioarekin eta industria-jasangarritasunarekin lotutako erreferentziazko proiektuak eta ekimenak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute.
WORKinn for DS Industry
Talentua erakartzea funtsezko faktorea da industriaren etorkizunerako. Sektore horrek aukera profesional interesgarriak eta kalitatezko enplegua eskaintzen ditu. Behar horri erantzuteko, DS Industryk talentuari eskainitako WORKinn for DS Industry gunea hartuko du azaroaren 4ko goizean. 13 enpresa erakusketarik parte hartuko dute. Ekimenaren helburua profil espezializatuak enpresa liderrekin harremanetan jartzea da, industria-trantsiziorako talentua erakartzea errazteko.
WORKinn talentuaren eta enpresen arteko topagunea izango da, benetako enplegu-aukerak, garapen profesionalerako aukerak eta hazteko bideak aztertzeko. Gune horren bidez, belaunaldi-mailako erreleboa sustatu nahi da, eta ikasleei zein profesionalei lan-aukera berriak ezagutzeko eta profil berriak kontratatu nahi dituzten enpresekin harremanetan jartzeko aukera eman.
DS Industry 2026 Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa du Bazkide Instituzional gisa. Iberdrola eta Petronor dira ekitaldiaren Platinozko Babesleak; KPMG Urrezko Babeslea; eta Aclima, Basquenergy Cluster, EEE-Energiaren Euskal Erakundea, IHOBE, Net Zero Basque, SPRI Taldea eta Tecnalia, Bazkide Sektorialak.
Iruzkin bat utzi