BEC-ek bere ekitaldiak Erronka Garbia zigiluarekin jasangarritzat ziurtatzen ditu

Haren ekitaldiak Erronka Garbia zigiluarekin ziurtatzen hasi da Bilbao Exhibition Centre, jasangarritasunarekiko duen konpromisoarekin jarraituz eta 2030erako GJH – Garapen Jasangarrirako Helburuen agenda bide-orri gisa hartuta. Expovacaciones izan da zigilua eskuratzen lehena; turismoari buruzko erreferentziazko ekimena, BECeko 1. pabiloian egin zen azken edizioan, eta 24.000 pertsona izan ziren bertan. Amaierako txostenaren arabera, bisitarien % 34 garraio publikoan joan ziren ekitaldira eta, % 12, oinez. Energiari dagokionez, kontsumitutakoaren % 43 jatorri berriztagarrikoa izan zen. Urak inpaktu nulua eragin zuen ekitaldiaren ingurumen-aztarnan, eta 13.375 hondakin bildu ziren ondoren birziklatzeko.

Egurtek izango da zigilua eskuratzeko hurrengo hautagaia; BECen egingo dute, urriaren 19an eta 20an. Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroak hasieratik azpimarratu du arlo honek duen funtzio eraldatzailea, eta eraikuntza jasangarrian egurrari eman dioten balioaren erakusle argia da. Hortaz, guztiz bat dator ziurtagiri honek defendatzen duen filosofiarekin. Antolaketaz arduratzen den lantaldea, dagoeneko, plana egokitzen ari da, ekitaldiaren behar eta espazio zehatzetara doitzeko.

Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak ematen du Erronka Garbia zigilua, eta ingurumenaren gaineko balizko eragin negatiboak minimizatzeko helburuz diseinuan eta antolaketan ingurumen-neurriak integratzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu. Ziurtagiria lortzeko, eragina duten alderdiak ebaluatzen ditu erakundeak, aurreko edizioetan egindakoa hobetu eta aldea nabarmentzeko.

Honako ekintza hauek, beste gauza askoren artean, erabakigarriak dira ekitaldi bat jasangarri bilakatzeko: argiaren intentsitatea eta tenperatura ordu-faseen arabera doitzea; standen erabilera energetikoa murriztea; seinaleetan elementu jasangarriak erabiltzea; edo sentsibilizazio-mezuak indartzea, komunikazioen, sare sozialen eta webgunearen bidez. Bilbao Exhibition Centrek sei ardatz nagusi hauen gainean lan egiten du: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak.

-ek idatzirik|2022-10-03T16:52:39+02:003 de urria de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top