BEC!ek etorkizunera begira ospatu du 15. urteurrena

  • Ekitaldi bat antolatu du, urteurrena ospatzeko etalehen mailako eragile ekonomiko eta sozial gisa duen tokia nabarmentzeko
  • 500 lagun inguru izan dira irudiz eta musikaz betetako arte digitaleko muntaketa handi honetan, eta, elkarrekin, BEC!-en iragana, oraina eta etorkizuna aztertu dituzte
  • Esparru politiko, ekonomiko, sozial eta kulturaleko eta kirol-esparruko ezagun asko izan dira BEC! Batzarreko eraikineko Luxua aretoan, hala nola Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua eta Administrazio Kontseiluko presidentea
  • 348 ekitaldi eta 15 milioi bisitari baino gehiago hartu ditu BEC!-ek, eta 1.243 milioi euroko eragin ekonomikoa izan du. Gaur egun, erreferentzia da nazioartean, eta hazteko asmoz begiratzen du etorkizunera

Bilbao Exhibition Centre-k festa bat egin du arratsaldean hamabosgarren urteurrena ospatzeko. Hiru bosturteko pasatu dira Ansioko (Barakaldo) lehengo labe garaien lurretan eraiki zenetik. Denboraldi horretan, inguruko enpresa-, elkarte- eta gizarte-ehunaren eragile dinamizatzaile eta estrategiko gisa kokatu da mapa ekonomikoan, eta Euskadi nazioarteko erreferentziako helmuga gisa sustatu du.

BEC! Batzarreko Luxua aretoan ospatu da 15. urteurrena, eta esparru politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko eta kirol-esparruko 500 pertsona inguru elkartu dira. BEC!-en zuzendari nagusia, Xabier Basañez, izan da anfitrioia, eta hitza eman die Arantxa Tapiari (Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburua eta Bilbao Exhibition Centre-ren Administrazio Kontseiluaren presidentea), José Ángel Corresi (Merkataritza Ganberaren presidentea), Amaia del Campori (Barakaldoko alkatea), Juan Mari Aburtori (Bilboko alkatea), Unai Rementeriari (ahaldun nagusia) eta, bloke instituzionalari amaiera emateko, Iñigo Urkulluri (lehendakaria).

 “2004an, Euskadiren garai berrien sinbolo bat sortu zen, eta, orduz geroztik, helburu bakarra izan dugu: topagune, ezagutzarako esparru eta ideia berrien sorgune bihurtzea, herrialdearen erronkei aurre egiteko”, aitortu du Xabier Basañezek ekitaldiaren hasierako hitzaldian.

BEC!-en zuzendari nagusiak nabarmendu du oso garrantzitsua dela urteurrena, iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura gisa: “Urte hauetan egindako lanak eta partekatu ditugun lorpenek indarra ematen digute etorkizunera begira. Ari baikara aurrera begira. Berrikuntza, sormenak eta teknologiak beste aukera batzuk sortzeko duen ahalmena biderkatuko dute. Eta, horrez gain, lan-eredu berriak etorriko dira. Asmo handiko etorkizuna dator, eta erronka horiei erakundeekin batera egin behar diegu aurre”.

Erakundeen hitzaldiekin batera, irudi- eta musika-ikuskizun bat eskaini da; arte digitaleko muntaketa handi bat izan da, BEC!-en iragana, oraina eta etorkizuna modu berritzailean aztertzeko bitarteko gisa. Ataletako bakoitzak sorrera propioa izan du: lehenengoak Bauhaus arkitektura izan du ardatz, zeinaren diseinu funtzionalista barrutia eraikitzeko inspirazio-iturria izan baita; bigarrenak gorazarre egin dio Ennio Morricone maisuaren legatuari, Once Upon a time in America eta El bueno, el feo y el malo mitikoak entzun baitira gaur egun zer azoka eta biltzar antolatzen diren aztertzen zen bitartean; eta, azkenik, hirugarren atalak etorkizunari begiratu dio, ikuskizunaz jabetu den mundu abstraktu baten bidez.

Besteak beste, hauek izan dira BEC!-en 15. urteurrena ospatzeko ekitaldian: Eusko Jaurlaritzako zenbait sailburu (hala nola Pedro Aspiazu eta Cristina Uriarte), foru-diputatuak (esaterako, Imanol Pradales eta Jose María Iruarrizaga) eta alkateak (Sestaokoa, Josu Bergara; eta Portugaletekoa, Mikel Torres), baita Barakaldoko eta Bilboko udaletako hainbat zinegotzi ere. Haiez gain, han izan dira Eusko Legebiltzarraren presidentea, Bakartxo Tejeria, eta Batzar Nagusietakoa, Ana Otadui. Enpresen ordezkari ugari ere bertaratu dira; esaterako, Confebaskeko presidentea, Eduardo Arechaga; Cecobikoa, Pedro Campo, eta Cebekekoa, Iñaki Garcinuño. Bizkaiko enpresetako ordezkariek, hedabideek eta musika-sustatzaileek ere ez dute hutsik egin.

2.348 EKITALDI ETA 15 MILIOI BISITARI

Bilbao Exhibition Centre-ren 15 urteotako datuak oso esanguratsuak dira. Hiru bosturteko hauetan, guztira 2.348 ekitaldi antolatu dira, hainbat eratakoak; esaterako, 358 azoka; 1.764 ekitaldi (kongresuak eta batzarrak, baina baita talde edo elkarteen bilerak, enpresen zuzendaritza-kontseiluak, oposizio publikoko azterketak…) eta, azkenik, 226 ikuskizun (nagusiki musikakoak, baina baita kirol-ekitaldiak ere). Gainera, 15 milioi pertsona izan dira azoka-instalazioetako atarian ekitaldi horietako batera joateko.

Hiru lan-ildo nagusiek (azokak, biltzarrak eta Bizkaia Arena) gaur egun testuinguru ekonomikoan duen tokian kokatu dute BEC!. 2004an, Bilboko azoka-kontzeptuak asmo handiagoko beste bati utzi zion lekua, eta atzerrira mugak ireki zituen. Hain zuzen ere, urte hauetan egin diren eta nazioarteko aditu askoren partaidetza izan duten ekitaldietako asko —Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa, MTV-ren EMA sariak, Wind Europe, ŠKODA Kontzesionarioen Munduko Biltzarra…— ez ziratekeen errealitate izango Ansioren orube zaharrean eraikitakoaren moduko esparrurik ez balego. Zenbakiek garbi erakusten dute: hamabost urteotan, 1.240 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izan du, eta iaz izan zuen une gorena, 134,7 milioi eurorekin.

-ek idatzirik|2019-10-01T19:24:42+02:001 de urria de 2019|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top