BIEMH-ek Madrilen eta Bartzelonan aurkeztu ditu merkataritza kanpainaren aurrerapen nagusiak

Antolakuntza-taldeko arlo ugarietako arduradunak enpresa parte-hartzaileekin, elkarteekin eta aldizkari espezializatuekin bildu dira bi hirietan

BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoaren antolakuntza-taldea erakusketan parte hartuko duten enpresekin eta bezero potentzialekin bildu da gaur Madrilen, ekitaldiaren kanpainek arlo komertzialean, bisitarien arloan eta komunikazio arloan izandako aurrerapen nagusiak aurkezteko. Gainera, sektorearen egoera ona egiaztatzeko balio izan du bilerak, baita arlo ugarietako arduradunekin lan-lerro zuzena irekitzeko eta antolakuntzari eta sustapenari lotutako alderdiak lantzeko ere. Ordezkaritza Bartzelonara joango da bihar, helburu berarekin.

Ekitaldian Thais Basañez BIEMHeko event managerrak nabarmendu duenez, “More BIEMH than ever leloa errealitate bat da jada. Indar handiz eta nazioarteko eskaintza zabalarekin itzuliko da azoka. Munduko aitzindariak diren enpresa nagusiek aurkezpen aparta egingo dute, eta funtzionamenduan erakutsiko dituzte makinak eta ekipoak”. Enpresen ordezkariak, elkarteak eta komunikabideak bildu dira gaur eguerdian egindako topaketan, eta bertan BIEMHen aldi berean egingo diren ADDIT3D eta BeDIGITAL azoken berri ere eman diete.

BIEMHen ekaineko deialdiari erantzun ona ematen ari dira enpresak, eta urte honetarako aurreikuspen onak baieztatzen ari dira: ia 750 enpresak, dagoeneko, eskuragarri dagoen azaleraren % 90 erreserbatu dute. Nazioarteko saila ere erritmo onean ari da hazten, eta Alemaniako, Italiako, Portugalgo edo Taiwango erakusketariak nabarmentzen dira, beste batzuen artean. Lau hilabete falta diren honetan, planoak diseinatzen hasi dira jada, eremu handiak non kokatu ikusteko eta azoka sektoreen arabera banatzeko. Guztira, 6 pabiloitan bilduko dira sektore hauetako enpresak: harroketako makineria eta deformazioko makineria, osagaiak eta osagarriak, erremintak eta robotika.

Bestetik, bisitarien kanpaina aurrera egiten ari da, eta dagoeneko egin dira lehen harremanak sektorerako lehentasuna duten herrialdeetan. Espainian jarri dute fokua, eta bertan ekintza bereziak garatuko dituzte industriako enpresa gehien dauden eremuetan. Dena den, beste herrialde batzuetan ere martxan dago VIP erosleak gonbidatzeko Hosted Buyers’ Programme programa: Frantzian, Portugalen, Alemanian, Italian, Erresuma Batuan, Txekiar Errepublikan, Polonian, Turkian, Estatu Batuetan, Indian eta Mexikon. Egitasmo horrek erakusketarien euren eskaerak jasotzen ditu, eta funtsezkoa da azokan interes gorena duten ehunka profesionalek parte har dezaten eta negozio-bilerak kudeatzeko. Aldi berean, sektoreko elkarte nagusiekin –estatukoak zein nazioartekoak– zuzeneko elkarlana izatea da BIEMH azokaren arrakastaren beste gakoetako bat.

Fabrikazio aurreratuan eta makina-erremintaren sektorean aitzindariak diren enpresak bilduko ditu BIEMH azokaren 31. edizioak BECen, ekainaren 13tik 17ra. Egun horietan zehar, BeDIGITAL eta ADDIT3D 4.0 industria-azokak ere egingo dituzte BECeko pabiloietan, baita IMIC-Industrial Maintenance Innovation Conference kongresua ere.

 

-ek idatzirik|2022-02-10T10:39:18+01:009 de otsaila de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top