BIEMH-Makina-erremintaren Nazioarteko Bienala indartsu itzuliko da 31. Edizioan

BIEMH-Makina-erremintaren Nazioarteko Bienala indartsu itzuliko da 31. edizioan. Fabrikatzaile nagusiak, inportatzaileak, hornitzaileak eta fabrikazio aurreratuaren arloko erosleak bilduko ditu, ekainak 13 eta 17 bitartean. BECen 2022ko egutegiko topaketarik garrantzitsuenetakoa izango da eta industriarentzako hitzordu garrantzitsua. Fabrikazio aurreratuaren ibilbidea osatuko du aldi berean egingo diren beste azokekin batera: Addit3D-Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azoka, BeDIGITAL-Industriari aplikatutako Eraldaketa Digitalaren Azoka, IMIC-Industrial Maintenance Innovation Conference eta WORKinn-Talent Hub.

Datuak oso positiboak dira. 28 herrialdetatik etorritako 1.446 enpresa erakusketari izango dira; Alemania, Austria, Belgika, Kanada, Txina, Hego Korea, AEB, Finlandia, Frantzia, India, Italia, Japonia, Portugal, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Suitza, Taiwan edo Turkiatik etorriak, besteak beste. BEC lehen mailako erakusleiho teknologiko bihurtuko dute.

BIEMH azokak bere bertsiorik onena eskainiko du, enpresa nagusien eta munduko liderren erakustaldi bikaina izango baitu. Funtzionamendu betean dauden makina eta ekipamenduz betetako agertokia erakutsiko dute erakusketariek. 3.400 makina, produktu, zerbitzu eta berrikuntza baino gehiago egongo dira mundu osotik etorriko diren bisitarientzat. Ekitaldia merkataritza-harremanetarako B2B tresna izango da, eta negoziorako aukera ugari eta ezagutzarako eremua eskainiko ditu. Gainera, edukiz betetako agenda izango da eta horrek baliozko proposamena handituko du.

BIEMH AFM-Advanced Manufacturing Technologies eta Bilbao Exhibition Centrek antolatu dute, eta Eusko Jaurlaritzaren eta  Aimhe-Makina-Erreminta Esportatzaileen Elkartearen babesa du. Makina-erremintaren 31.BIEMH-Nazioarteko Biurtekoa Iñigo Urkullu lehendakariak inauguratuko du datorren astelehenean, ekainaren 13an, 12:00etan.

 

Fabrikazio aurreratuaren ibilbide osoa

BIEMHen eskaintza honela banatuko da: harroketako makineriaren enpresak (% 22), osagaiak eta osagarriak (% 20), automatizazioa eta robotika (% 14), deformazioko makineria (% 13), tresnak (% 12), metrologia eta CAD-CAM (% 9) eta zerbitzuak eta beste batzuk (% 10). Hala, guztiek batera 4.0 Industriako ehunduraren ibilbidea eskainiko dute eta aldi berean egingo diren azokekin osatuko da.

Alde batetik, Addit3D-Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Nazioarteko Azokak 100 enpresa erakusketari nagusi baino gehiago izango ditu, 15 herrialdetatik etorriak. Estatuan sektore aditiboan egiten den azoka profesional bakarra da hau. Erakusketarien eremuan 230 produktu, zerbitzu eta berrikuntza inguru izango dira eta sektore hauek izango dira ordezkari: sistemak eta makineria aurreratua eta 3D inprimaketa, ekipoak eta inprimagailuak, industria-aplikazioak, lehengaiak, kontsumigarriak, 3D inprimaketa-zerbitzuak, softwarea, 3D eskanerrak eta I+G nahiz prestakuntza. Addit3D Addimat-Fabrikazio Aditiboaren eta 3D Teknologien Espainiako Elkarteak eta BECek antolatzen dute, Eusko Jaurlaritza eta SPRIrekin lankidetzan, eta HP, Meltio eta Pixel Sistemasen babesa du.

 

Bestalde, BeDIGITAL-Industriari aplikatutako Eraldaketa Digitalaren Azokan big data, IoT, blockchain, adimen artifiziala eta robot kolaboratzaileen azken berrikuntza teknologikoak izango dira erakusgai. 120 erakusketari izango dira ediziorik parte-hartzaileena izango den honetan eta orain arteko edukirik handiena izango du. Laugarren edizio honetako alderdi nabarmenen artean, aipatzekoa da GAIA-Euskadiko Jakintza eta Teknologia Industrien Elkartea- egingo den elkarlana eta BIND 4.0 azeleragailuarekin lortutako hitzarmena, plataforma horretako enpresek erakusketarien eremuko Startup Villagen parte hartzeko. Ekitaldia AFM-Advanced Manufacturing Technologies Cluster klusterrak eta BECek antolatu dute, GAIAren eta Eusko Jaurlaritza-SPRIren lankidetzarekin, bai eta Bizkaia-Beaz eta Innobasque erakunde-bazkideekin eta Ekon, Lantek, Logitek eta Weroi babesleekin ere.

Bestalde, IMIC-Industrial Maintenance Innovation Conference Kongresuak gogoeta egingo du mantentze-lan prediktiboaren eta aurreratuaren gai nagusien inguruko nazioarteko profesional ezagunekin. BECek eta EasyFairsek antolatu dute kongresua, eta Ondoan eta SpanSet dira Partnerrak. Gainera, AEM-Espainiako Mantentze-lanen Elkartearen eta sektoreko hedabide eta elkarte nagusien laguntza ere jasotzen du.

Halaber, WORKinn-Talent Hub izango da azoka hori talentuarentzako espazio integral bihurtuko duen kontzeptu berria, industriak arlo horretan dituen beharrei erantzunez. Oraingo honetan, enpleguaren azokaz gain (157 lan-eskaintza izango ditu), eremu hauek izango ditu: Learn, Networking, Industry&Art, Knowing the Past, Inspire eta Success Story. Foroa AFM Clúster klusterrak eta BECek antolatu dute eta Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lanbide-Enpleguaren Euskal Zerbitzuaren babesa du.

 

Bisitari estrategikoak

Industria oso azkar garatzen ari den garai honetan, funtsezkoa da enpresa edo erakundeek haien helburuetarako baliagarrienak izan daitezkeen teknologia horiek identifikatzen jakitea, horietan inbertitu ahal izateko. Antolakuntzako taldeak bisitan etorriko diren profesionalen sustapenerako kanpaina zorrotza garatu du, eta haien negozioen lehiakortasuna sustatzeko makinaria, teknologia eta gako berriak aurkitu ahal izango dituzte BIEMHen.

Hosted Buyer´s Programme programaren bidez erosle handiak erakartzea da BIEMH azokaren bisitarien kanpainaren elementu nagusietako bat. Programak erakusketarien eskariak ere jasotzen ditu. Aurtengo edizioan hainbat herrialdetako 300 erosle gonbidatu inguru izango dira, Basque Trade Investment-ekin lankidetzari esker garatutako programa horri esker. Algeria, Argentina, Belgika, Txekiar Errepublika, Kanada, Kolonbia, Egipto, Eslovakia, España, AEB, Finlandia, Guatemala, India, Italia, Mexiko, Nigeria, Polonia, Portugal, Erresuma Batua eta Turkiatik etorriko dira, besteak beste. Azokan izango diren profilak sektore hauetakoak izango dira: piezen, osagaien eta metalezko produktuen fabrikazioa (% 22), moldeak eta matrizeak (% 14), piezen mekanizazioa (% 11) eta metalezko egituren eraikuntza (% 10) nazioarteko arloan, eta, estatuan; piezen, osagaien eta metalezko produktuen fabrikazioa (% 31), piezen mekanizazioa (% 21) eta automobilgintza, autozatiak eta haren industria laguntzailea (% 21).

Bisitariak sustatzeko kanpaina orokorra 100 herrialde baino gehiagotan egin da eta estatuko fabrikazio aurreratuaren espektro osoaren aliantza-sare garrantzitsua izan du. Haien artean nabarmentzekoak dira; AMETIC, Andalucía Aerospace, ANMOPYC, Espainiako Merkataritza Ganbera, CITI Nafarroa, Industria Ingeniarien Elkargoen Kontseilu Nagusia, FEAMM, FEMEVAL, FVEM, PLATEA, PYMETAL Kantabria edo UPM. Nazioartean herrialde hauetakoak izan dira: Italia (ADACI), Portugal (CEFAMOL, AFIA, ANEME, AIMMAP), Turkia (TIAD), Alemania (VDA), Mexiko (ANES, CLUSTER INDUSTRIAL, CLAUTEDOMEX, AMMMT), Erresuma Batua (LONDON CHAMBER OF COMMERCE AND INDUSTRY) Argentina (AIM) edo Kolonbia (Cámara de Comercio Hispano-Colombiana eta ANDI).

 

Edukien agenda garrantzitsua

4.0 Industriak aldatu egin du mota guztietako enpresek eta negozioek jarduteko duten modua, bai eta lehia-eremuak ere. Testuinguru horren ondorioz, ekoizpenerako eta operazioetarako teknikarik aurreratuenak agertu dira, teknologia adimendunekin, eta hainbat erakundetan txertatu dituzte. Zentzu horretan, ezagutzaren garrantzia eta industriaren etorkizunak nahitaez sakondu beharko du funtsezko alderdietan, eta horiek eztabaidarako erronka handiak planteatzen dituzte.

BIEMH azokak edukien programa zabala izango du, estatuko eta nazioarteko 230 hizlarirekin. Lehen aldiz, berezko edukiak izango ditu: Automation & Robotic Talksek industriara aplikatutako robotikaren eta automatizazioaren arloko azken teknologiak eta garapenak jorratuko dituzte, eta 6. Pabilioian aldi berean egingo diren azoken agendetan ere izango dira, Addit3Den Additive Talksekin eta BeDIGITALen Digital Talksekin, industriaren oinarrizko gaietan arreta jartzeko.

Halaber, Addit3D eta BeDIGITAL azokek Innovation Workshopsak izango dituzte Speakers´ Corner eremuan. Topagunerako eremuak izango dira, eta aurkezpen labur teknikoak eta berrikuntzaren arlokoak egingo dituzte, bisitariekin harreman zuzena eduki ahal izateko.

Programazioa osatzeko, berezko telebista-katea izango da, BIEMH TV, eta zuzenean emango ditu saioak. Ikus-entzunezko formatu horrek 50 ikusle ingururentzako platoa izango du, berrikuntzekin, ekitaldiko argazkiekin eta industria-sektorean liderrak diren profesionalen zuzeneko lekukotzekin. Eremu horretan bi berrikuntza ere izango dira: industry TALKSak sektoreko profesionalen arteko topaguneak izango dira, esperientzia profesionalak partekatu ahal izateko; eta Women in Industry programa enpresen arloan genero-berdintasuna lortzeko beharraren inguruan solaseko eremua izango da. Bi programek fabrikazioa aurreratuaren zeharkako kontzeptuak jorratuko dituzte; hala nola digitalizazioa, talentua, berrikuntza, jasangarritasuna eta genero-ikuspegia.

Azkenik, erakusketari, bisitari eta komunikabideei zuzendutako topaketa sozial bat antolatuko da. Herritar guztiei irekitako jarduera izango da, BIEMH azokak ingurunean duen eragina agerian uzteko. Horrela, BIEMH Fest-ek kontzertua eskainiko du ekainaren 15ean, asteazkena, 19:30ean.

-ek idatzirik|2022-06-08T13:42:47+02:008 de ekaina de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top