Biki digitalak eta adimen artifiziala, mantentze-lanen eremuko berrikuntzei buruzko IMIC 2020 biltzarraren gaiak

Topaketa maiatzean BECen egingo da, BIEMH azokaren esparruan

Industriarik aurreratuenak mundu fisikoa eta birtuala elkartzen ditu dagoeneko bere ekipamenduen eta instalazioen mantentze-lanetarako. Biki digitala du izena eta produktu, zerbitzu edo sistema fisiko baten erreplika birtualean datza; helburua gerta litezkeen arazoak aurreikustea eta arriskurik gabe saiakuntzak egitea da. Biki digitalaren aurrerapenei, aplikazioei eta metodologiari buruz sakonduko da industria-mantentze sektoreko berrikuntzei buruzko biltzarrean; 2020ko maiatzaren 26tik 27ra Bilbao Exhibition Centre-n egingo dena.

Industrial Maintenance Innovation Conference (IMIC) industria-mantentze sektoreko azken berrikuntzei eta garapenari buruz diharduen egun eta erdiko biltzarra da. Halaber, aktiboen eta instalazioen kudeaketan dihardu eta baita produkzioaren fidagarritasunean ere, mantentze aurreratuaren baitan. Biltzarrak BIEMH-Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoarekin eta aldi berean egingo diren beste azoka batzuekin, hala nola BeDigital eta ADDIT3D azokekin, partekatuko du denbora eta espazioa. Honela, Smart Manufacturing eremura zuzendutako topagunerik handiena burutuko da eta sinergia interesgarriak sortuko dira.

Biltzarrean egongo diren adituek biki digitalen inguruko ezagutzak partekatuko dituzte, esparru hau garapen bide luzea duen iraultza handia baita mantentze-lanen munduan. Halaber, Data Science-ari buruz hitz egingo dute, aipatutako adimen artifizialean arreta berezia jarriz. 4.0 langilea izango da, hain zuzen ere, saio baten gai nagusia, errealitate areagotuarekin eta wearables-ekin batera. Laugarren gai-multzoa mantentze-lan prediktiboez (PDM) arduratuko da. Atal hauetaz gain, beste gai batzuk jorratuko dira baita ere: zibersegurtasuna, mantentze-lanetara aplikaturiko robotika, dronen bidezko ikuskapena eta fabrikazioaren sektoreko mantentze-lanak.

Biltzarrarekin batera, IMICen parte-hartzaileek networking-erako aukerez beteriko eremuaz gozatu ahalko dute. Izan ere, biltzarkideek, hizlariek eta babesleek hitz egin ahal izango dute bertan. Horretarako, lounge eremu bat eskainiko zaie lan egiteko eta haien bilerak gauzatzeko.

Planteamendu hauek biltzarraren batzorde zientifikoaren lanaren emaitza dira; talde honek hile honetan izan du lehenengo bilera. Batzordearen kideak ondorengoak dira: Diego Galar, Condition Monitoring-ari buruzko doktoregoaren irakaslea Luleå University of Technology-n, Lorraine University eta IK4, Tekniker, Tecnalia, ITP, Sisteplant, Nortegas Energía Distribución, Bahía de Bizkaia Electricidad eta Petronor bezalako zentro teknologikoetako ordezkariak.

IMIC bi urtero behin egiten den biltzarra da, bisitarien artean onarpen handia duena.  2020an hirugarren edizioa egingo du. 2018an, ia 300 biltzarkidek parte hartu zuten hitzaldietan eta networking-ean, eta nota altua eman zieten bai gaiei eta bai hizlariei; zehazki, puntuazio orokorra 5 puntutik 3,92koa izan zen.

-ek idatzirik|2019-11-19T09:13:19+01:0019 de azaroa de 2019|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top