Bilbao Exhibition Centre-k bere eguzki planta zabalduko du eta potentzia megawatt batera handituko da

Bilbao Exhibition Centrek bere eguzki-planta fotovoltaikoa handituko du megawatt-eko potentziara iritsi ahal izateko. Egitura horri esker, % 10 eta % 12 arteko autohornidura lortu ahal izango du, eta 2010ean instalatutakoari gehituko zaio (EAEko eguzki-energiaren parke handienetako bat, lortutako elektrizitatea sarera isurtzen jarraituko duena). Halaxe adierazi dute gaur eguerdian prentsaurrekoan bildutako Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak; Iñigo Ansolak, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak; eta Xabier Basañezek, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusiak.

Zabalkuntza hori egiteko, 650.000 euroko inbertsioa beharko da eta BEC Solarren (EEE-Energiaren Euskal Erakundeak eta Bilbao Exhibition Centrek osatutako sozietate mugatua) funts propioekin egingo da. Elektrizitate garbia eta berriztagarria ematen duten gailuak, sorgailu fotovoltaikoak, 6. pabilioiko estalkian 10 graduko inklinazioa izango duten egituretan jarrita egongo dira. Guztira, 550 kW-ko 1.850 eguzki-plaka instalatuko dira autokontsumorako 900 Kw-ko potentzia duen energia elektrikoa sortu ahal izateko soberakinik gabe.  Proiektua erabilgarri egongo da 2023ko martxoan.

Duela gutxi entregatu dizkio BEC-i eguzki-panelak proiektuaren enpresa esleipendunak, ORGAUS SYSTEMSek. Hurrengo data garrantzitsuak urriaren amaierakoak izango dira. Une hartan, material estrukturalak entregatuko dituzte eta, handik egun gutxitara, material hori sabaira igoko dute. Elementu horiek guztiak bildu ondoren, instalazioaren muntaketa hasiko da eta hiru hilabete inguru iraungo du.

Bilbao Exhibition Centre-ren moduko kokapenean elektrizitatea sortzeko eguzki-energia erabiltzea energia-hornidurarako alternatiba oso interesgarria da esparruaren dimentsioa dela eta. Ekintza hori 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuen agendarekin eta jasangarritasunarekin lotuta BEC-ek bere gain hartutako konpromisoaren baitan sartuta dago. Hain zuzen ere, BEC-en helburu nagusietako bat da bere gune baitan eta bere hornitzaileekin ekitaldiak antolatzeko garaian jasangarritasuna kudeatzea, energia ardatz nagusitzat hartuta.

Horregatik, BEC Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoarekin, IHOBE-rekin, elkarlanean hasi da bertan antolatutako ekitaldiak Erronka Garbia zigiluarekin ziurtatzeko asmoz. Prozedura horren bidez, ekitaldien antolaketarekin lotuta ingurumenean egon daitezkeen inpaktu negatiboak gutxitu eta ondare positiboa plantea daiteke erakunde antolatzaileen eta lan horietan sartutako eragileen kasuan. Expovacaciones eta Egurtek azokek badute ziurtagiri hori dagoeneko.

Estatuko handienetako bat

BEC-ek eguzki-planta bat du martxan 2004tik, esparrua inauguratu zenetik, BEC Solar enpresaren sorrerari esker. Eguzki-instalazio fotovoltaikoa sare elektrikora konektatuta dago eta 99,8 kWp-ko potentzia du instalatuta. Instalazio fotovoltaikoak sortutako energia sare elektrikoari saltzen zaio, eta sortze-puntuaren eta kontsumo-puntuaren arteko kointzidentziak energia garraiatzeak dakartzan galerak saihesten ditu. Horregatik guztiagatik, energia elikatzeko iturri bat da, eta eragina du ingurumenaren hobekuntzan eta BEC-eko bezero eta erabiltzaileentzako aurrezpen ekonomikoan.

Planta hori, orduan Estatuko handienetakoa, aprobetxamendu potentzial handieneko energia sistema berriztagarrietako bat izan da. Instalazioak 5. eta 6. pabiloien estalkien artean integratuta daude, eta mila metro karratuko azalera hartzen dute, gutxi gorabehera. Sistema sortzailea 628 eguzki-moduluz osatuta dago, eta instalatutako eguzki-potentzia osoa 99,852 kWp da. Eguzki-panelek arkupe motako metalezko egiturak dituzte euskarri, estalkien hormigoizko habeen gainean.

Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako 2021-2024 Plana

Trantsizio energetiko-klimatikoaren erronkaren aurrean, eta larrialdi energetikoko egoeran, Eusko Jaurlaritzak Trantsizio Energetikorako eta Klima Aldaketarako 2021-2024 Plana onartu zuen, emisioak murrizteko eta energia berriztagarriak indartzeko helburuak lortzeko eta lurraldea klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko. Zehazki, Planaren helburua da berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea eta energia berriztagarrien kuota 2024rako energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea. Proiektu hori, beraz, erakundeak Euskadiri zero kilometroko energia garbiak emateko egiten ari diren ahaleginaren barruan kokatzen da.

BEC Solar elektrizitate berriztagarria sortzeko proiektu nagusietako bat da, Eusko Jaurlaritzak egindako Kontingentzia Energetikoaren Planean jasotakoa. Plan hori epe laburrean abiaraztea espero da, eta sustatzaileen artean Energiaren Euskal Erakundea dago.

-ek idatzirik|2022-10-17T12:44:17+02:0017 de urria de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top