Bilbao Exhibition Centre-k ehun bat ekitaldi egin ditu 2020an, 340.458 bisitarirekin, pandemiak markatutako urtean

Nahiz eta murrizketa soziosanitarioak egon, 34,8 milioikoa izan da inpaktu ekonomikoa

Bilbao Exhibition Centre-k 94 ekitaldi egin ditu 2020an, urte zaila benetan, eta 340.458 bisitari jaso ditu; 195 egunetan egon da hartuta esparrua. Hiru faktore garrantzitsuri esker, BECek COVID-19aren pandemiaren ondorioei aurre egin ahal izan die, eta ehun ekitaldi inguru egin, urtean zehar murrizketa soziosanitarioak eta mugikortasun-murrizketak izan diren arren. Lehenengo bi hilabeteak bereziki aktiboak izan ziren; horrez gain, segurtasun- eta osasun-protokolo zorrotz bat aplikatu zen, eta topaketa-eredu berrietara egokitu zen, presentziala eta digitala nahasita. Hori guztia funtsezkoa izan zen esparruan lanean jarraitzeko.

Hain zuzen ere, negozio-lerroaren arabera, 2020an 94 ekitaldi egin dira, kategoria hauetan banatuta: 11 Azoka sailean (1.039 erakusketarirekin); 74 Batzar eta Ekitaldi sailean, eta 9 ikuskizun Bizkaia Arenan. Horrez gain, inpaktu ekonomikoa 34,8 milioi eurokoa izan da; 4,3 milioi euroko zergak bildu dira euskal Ogasunarentzat, eta 730 lanpostu sortu. Inpaktu ekonomiko eta soziala aztertzea funtsezkoa da BECek inguruneko enpresa-sare, egitura asoziatibo eta sozialaren eragile dinamizatzaile gisa duen konpromisoan.

Urtea ondo hasi zen BECentzat. 2018an, bere historiako inpaktu ekonomikoaren emaitza onena erregistratu zuen, eta, 2019ari, 15. urteurrenaren urteari, lanez gainezka eta goranzko zifrekin eman zion amaiera. 2020ak oso itxura ona zuen: Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (BIEMH) maiatzerako programatuta zegoen, partaideekin hitz eginda zegoen dena, eta azalera osoaren ia % 100 hartuko zuten; eta hilabete eta erdiz ibilgailu astunen MAN enpresa alemanak azoka-instalazioen zati bat erabiliko zuen. Bi ekitaldi horiek eta agendako gainerako deialdiak kontuan hartuta, urte biribila izango zela ematen zuen urtarrilean.

Hala ere, egoera pandemiatzat eta, martxoaren 14an, osasun-larrialditzat jo ondoren, bat-batean eten egin zen Bilbao Exhibition Centre-ren goranzko joera, eta hutsik geratu ziren pabiloiak, urte-hasierako mugimendu frenetikorik gabe.

URTARRILA-MARTXOA: BI HILABETE ETA ERDI JARDUERAZ BETETA

2020ko egutegiari hasiera emateko, Bilbao Exhibition Centre-k programan ohikoak dituen lehenengo azokak egin zituen. Hala, Umeen Gabonetako Parkearen 55. edizioak bere 3. eta 5. pabiloiak bete zituen, beste urte batez, PIN/UGPk bere konpromisoari eutsiz, txikienei dibertsioa eskainiz eta funtsezko sei balio irakatsiz: jasangarritasuna, familia, bizimodu osasungarria, elkartasuna, berdintasuna, eta zibergizalegea; gainera, euskara ere gehitu zitzaien, zeharkako balio gisa.

Neguko ekitaldi klasiko bat Tendencias Creativas da, eskulanen azoka. Urtarrilaren amaieran, 18.000 pertsona inguru bildu zituen ehun bat erakusketariren eta 450 tailer eta ikastaro programaturen inguruan. Urte-hasierako jardueren artean, Expocadena ere izan zen, otsailean. Hor biltzen dira, urtero, Cadena 88 burdindegien sarera atxikitakoak eta Zerbitzuen Zentralaren hornitzaileak. Martxo-hasieran, Gustoko izan zen, bi urtez behin bezala, eta tokiko ekoizpen jasangarria ekarri zuen. 12.000 pertsona izan ziren bertan. Garai berean, beste ekitaldi batzuk ere izan ziren BECen; esaterako, Architect@Work, Desembalaje eta Chess&Gazte.

Bestalde, Bizkaia Arenak ere egutegi interesgarria zuen urte horretarako. Pandemia-egoera iragarri baino lehen, EiTB-ko Goazen-en festa (2.000 bertaratu); X-trial-eko txapelketa (5.000 pertsona) eta Algara Gauak, Euskaltel-en bakarrizketak (20.000 pertsona, hiru saiotan) hartu zituen.

Baina, zalantzarik gabe, 2020ko jarduera ekonomikoari begira itxaropenez betetzen zuen urte-hasierako ekitaldi handia MAN Bizkaiko azoka-esparruaren instalazioetara etortzea izan zen. Ibilgailu astunen enpresa alemanak BEC aukeratu zuen kamioien azken belaunaldia munduari aurkezteko, eta herrialde guztietatik etorritako 6.000 gonbidatu baino gehiagorentzako bisita pribatuak programatu zituen martxoaren 25era arte. Arrakasta handia izan zuen, bai ordezkari alemanentzat, bai Bilbao Exhibition Centre-rentzat, azoka-esparruaren irudia eta nazioarteko ospea izugarri bultzatu zituelako.

MARTXOA: KONFINAMENDUA ETA EKITALDIAK BERTAN BEHERA GELDITZEA

Biztanleria bi hilabetez konfinatuta egon zenez, jarduera ekonomikoa eten egin zen, eta milaka enpresa kolokan geratu ziren, nahitaez ekoizteari utzi behar izan ziotelako eta, ondorioz, diru-sarrerak jasotzeari.

Bilbao Exhibition Centre-n ere eragina izan zuen egoerak, COVID-19aren ondorioz, besteak beste, 2020rako programatutako 67 ekitaldi atzeratu edo bertan behera utzi behar izan zirelako. Zalantzarik gabe, erabakirik zailena Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoarekin (BIEMH) erlazionatutakoa izan zen. BECeko arduradunak AFMrekin eta AIMHErekin harreman estuan egon ziren, eta zehatz-mehatz aztertu zuten egoera hainbat hilabetez, bezeroekin hartutako konpromisoari erantzuteko asmoz. Enpresen beharrak kontuan hartu ziren, eta haietara egokitzeko ahalegina egin zen, baina, hasieran azarora atzeratu zen arren, azkenean, egoera egokia ez zenez, 2022ra atzeratu zen behin betiko.

Ez zen izan iaz egin ezin izan zen karteleko azoka bakarra. Udaberrian genuenaren moduko egoera sozial eta ekonomiko batean Expovacaciones egitea bideraezina zen; gauza bera Japan Weekend, Retroclásica edo FVO azokekin, aspalditik BECen egutegian dauden ekitaldi finkoetako batzuk aipatzearren.

Merezi du Bizkaia Arena aipatzea, musikaren industria baita pandemiak gehien kaltetutako sektoreetako bat. Haren ondorioz, bertan behera geratu edo atzeratu egin ziren programatutako kontzertu gehienak; esaterako, Izal-ena, Beret-ena, Estopa-rena eta Dani Martín-ena; 2021ean ospatzea aurreikusita daudenak. Halaber, La Pegatina taldeak bertan behera utzi zuen bere emanaldia, sine die, eta hurrengo urtera atzeratu ziren Dantza Moderno eta Urbanoaren Euskadiko Lehiaketa eta Euskalgym.

MAIATZA: FORMATU HANDIKO EKITALDIETARAKO SEGURTASUNEAN AITZINDARIAK  

Deskonfinamendu izenekoa maiatzean hasi zen. Jarduera ere pixkanaka jarri zen martxan industrian, merkataritzan eta, nola ez, azoka-, biltzar- eta ekitaldi-esparruetan. Orduko hitz nagusia segurtasuna zen; hortaz, garbitasun- eta osasun-berme handienak izango zituen protokolo bat prestatzea lehentasunezkoa izan zen BEC berriz ere lanera itzultzeko.

Ekainaren erdialdera, HABEk hizkuntza-eskakizuneko azterketak egin zituen BECen, eta autonomia-erkidego osoko 12.000 pertsonak baino gehiagok hartu zuten parte. Estatuko azoka-esparru batek antolatzen zuen formatu handiko lehenengo ekitaldia izan zen. Horretarako, segurtasun-plan zorrotz bat idatzi behar izan zen; plan horretan, bertaratuen ibilbide osoari eragiten zioten alderdi guztiak hartu ziren kontuan. Protokoloak alderdi hauetan jarri zuen arreta: sarbideen kontrola; urruntze sozialaren eta pertsonen trafikoaren monitorizazioa, fluxuak norabide bakarrean kudeatuz; instalazioen higienizazioa eta ingurumen-segurtasuna, eta agintari eskudunekiko eta osasun-zerbitzuekiko komunikazio eta koordinazio bizkorra.

Une horretatik aurrera, BECeko ekitaldi guztiek neurri horiek aplikatu zituzten. Horren adibide ditugu HAEEren euskarako azterketak, HABEren bigarren deialdia, EBAUren azterketak eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren enplegu-eskaintza publikoa; guztira, 12.000 pertsona baino gehiago elkartu zituzten. Horrekin batera, Desembalaje azokaren udazkeneko edizioa egin zen; garrantzi berezia izan zuen, jendearekin egindako lehenengo azoka izan zelako. Uneren batean beteta ere egon zen lehenengo egunean.

Eta, Bizkaia Arenan, Zerupeko Gauak udako zikloa egin zen BEC Dorrea jatetxean, gastronomia eta musika zuzenean konbinatuz. Zikloak sektore kaltetuenei lagundu nahi zien, hala nola ostalaritzari eta ikuskizunei, batez ere hain nagusiak ez diren taldeei. The Police, Joaquín Sabina, ABBA eta beste batzuen omenez egindako afariak ehun bat pertsonetara murriztuak egon ziren; bertaratu zirenek segurtasuna aipatu zuten gau-emanaldien alderdi positiboenen artean.

Diseinatu zen protokoloa ezarritako arauak baino zorrotzagoa zen, eta AFE-Espainiako Azoken Elkarteak eta APCE-Espainiako Biltzar Jauregien Elkarteak UFI-The Global Association of the Exhibition Industry eta EMECA-European Major Exhibition Centres Association elkarteekin elkarlanean egindako gomendioak hartu zituen erreferentzia gisa.

Egindako lanaren sari gisa, abenduan Bilbao Exhibition Centre-k Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuaren (ICTE) Safe Tourism Certified zigilua jaso zuen, azoka-esparrua eremu segurua dela ziurtatzen duen bereizgarria.

TOPAKETA-EREDU BERRIAK  

Maiatzean lanera itzultzean Bilbao Exhibition Centre azoka eta ekitaldien sektoreak berezko motor ekonomiko izaten jarrai zezan ahalegindu zen, sektore horrek negozioa sortzen baitu, kontaktuak aktibatzen, ezagutza trukatzea ahalbidetzen, eta aukerak zabaltzen. Ahalegin handia egin zen egoerara egokitzeko, ordura arte erabili ez ziren formatuak ezartzen hasi baitzen. Streaming bidez igortzen eta ekitaldi hibridoak egiten hasi zenez (alegia, aurrez aurreko jarduera eta jarduera digitala uztartzen dituztenak), komunikazio- eta topaketa-bide berriak eta interesgarriak zabaldu ziren.

Horren harira, urrian BECek lehenengo erakusketa hibridoa egin zuen. Hizlariak Ameriketako Estatu Batuetatik, Txiletik, Norvegiatik, Irlandatik, Kanadatik eta beste hainbat tokitatik aritu ziren, eta BECeko auditorioan zeuden beste aditu batzuekin hartu zuten parte hitzaldi eta mahai-inguruetan. Egurtek Zurezko Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren edizio berezi honek arrakasta handia izan zuen, hitzaldien mailagatik, eta, horrez gain, agerian utzi zuelako online konexioek partaidetza eta nazioartekotasuna ahalbidetzen eta areagotzen dituztela, beste formatu batzuen osagarri gisa.

Ikuspegi horrekin berarekin, BECek euskarri teknikoa eskaini zien Energia Klusterrak, Eroskik, LAB sindikatuak eta beste zenbaitek egindako ekitaldiei, baita Fun&Serious Game Festival jaialdiari eta Bizkaia Orekan Sakonduz 2020 topaketari ere.

Atal honetan, nabarmentzekoa da Celebra!, ezkontza eta era guztietako ospakizunetarako azoka, haren bigarren edizioa guztiz birtuala izan baita. Emaitza online plataforma tematiko eta aholkularitzakoa izan da, eta martxora arte luzatuko da.

BECen 2020ko jarduera orokor hori guztia haren sare sozialetan islatu zen (Facebook, Twitter, Instagram, LinkedIn eta YouTube). Haietan dituen 173.000 jarraitzaileek sei milioi inpresio utzi zituzten.

2021: GAUZAK PIXKANAKA LEHENERA ITZULTZEA

2021aren etorrerak eta mundu osoan hasitako txertaketa-prozesuak aukera interesgarriak eskaintzen ditu; eta gauzak pixkanaka lehenera itzultzen hasiko direla aurreikusten da,  bilakaera soziosanitarioaren menpe.

Bilbao Exhibition Centre-k badaki zer den jarduerari berrekitea; horren harira, une honetan prestatzen ari den egutegiak 2021erako programatutako azoka eta ekitaldi guztiak ditu, nahiz eta, nola ez, osasun-jarraibideen pean egongo den. Oraingoz, aurreikuspenen arabera, urteko lehenengo seihilekoan oraindik ere nabarituko dira murrizketa-neurriak azoketan; hortaz, alderdi digitalak pisu handiagoa izango du aurrez aurrekoak baino. Egun hauetan, ohiko Tendencias Creativas, Expovacaciones, FVO, Desembalaje eta Euskal Encounter daude programatuta, besteak beste.

Bizkaia Arena ere bere programazioa prestatzen ari da, udaberritik aurrera formatu txikietako jarduera berreskuratzeko asmoz, pixkanaka nazioarteko musikaren talde garrantzitsuenen birak noiz itzuliko zain.

Hala ere, zalantzarik gabe, 2021ean Bilbao Exhibition Centre-n industria-topaketak izango dira nagusi; horren adibide dugu +Industry, Estatuko fabrikazio aurreratuaren plataforma nagusia. Plataforma horrek zazpi azoka biltzen ditu, garai eta leku berean: Industry Tools by Ferroforma, Subcontratación, Fitmaq, Addit3D, BeDigital, Pumps&Valves eta Maintenance. Testuinguru horretan, WORKinn industriako enpleguaren azoka izango da ere.

Urrian, Bilbao Exhibition Centre-k beste industria-ekitaldi bat ikusiko du sortzen: Steel Tech. Bi urtez behin izango da, BECen eskutik, Siderex – Siderurgiako Kluster Elkartearekin elkarlanean, eta Europako hegoaldeko nazioarteko erreferentzia izango den topagune izatea du helburu.

Azkenik, World Maritime Week-en hirugarren edizioa urrian izango da, eta nazioarteko itsas sektorea erakarriko du BECera, ohiko hitzorduekin: Sinaval (ontzigintza), Eurofishing (arrantza), FuturePort (portuak), Oil&Gas Conference, eta Ocean Energy Conference, aurtengo berritasuna.

ERRONKAK ETA KONPROMISOAK

Eraldaketa digitala Bilbao Exhibition Centre-k bere gain hartutako konpromiso handietako bat izan zen, eta are garrantzitsuagoa bihurtu da azken bederatzi hilabeteetan, bizkor ohitu behar izan baitu telelanera. Aspalditik ari da lanean eraldaketa digitalean eta azoka-esparruaren bezero eta bisitarientzako zerbitzua hobetzeko tresna berrien garapenean. Horren harira, BECek marka-webguneak eta -aplikazioak berritu ditu, bere kudeaketa-sistema informatikoak azken bertsiora migratzeko prozesua amaitzen ari da, eta langileen trebakuntza eta gaikuntza digitalerako asmo handiko proiektu bat jarri du martxan, baita zibersegurtasunaren arloan jarduera garrantzitsuak gauzatu ere.

Beste apustu sendo bat jasangarritasunaren aldekoa da. 2021ean, ingurumena errespetatzen duten ekintzak optimizatzen jarraituko da. Horien artean BEC Solar proiektua aurki dezakegu. Proiektu horren bidez, eguzki-plaka gehiago instalatuko dira, potentzia nabarmen handitzeko; hots, 100 kilowatteko egungo potentziatik megawatt batekora. Horrela, sortutako energia autokontsumorako erabiliko da, eta BECen batez besteko kontsumoaren % 12 suposatuz. Halaber, aurten, 18 aparkaleku elektrolindegi bihurtuko dira; hortaz, lehendik dauden hiruekin batera, 21 kargagune izango dira (7,4 kW) ibilgailu elektrikoetarako.

Gizartean eragile aktibo solidario gisa inplikatzeari dagokionez, 2021ean BECek hainbat kanpaina egingo ditu, Puntu bat, opari bat kanpainaren ildoa jarraituz. Iazko Gabonetan egin zen, eta 300 opari inguru bildu ziren Bizkaiko Gurutze Gorriak artatzen dituen gizarte-egoera ahuleko familietako adingabeentzat. Konfinamenduko hilabeteetan, elkarte solidario horrekin elkarlanean, COVID-19ak kaltetutako pertsonei elikagaiak banatzeko zentro logistiko bilakatu zen BEC.

Horrez gain, euskara babesten jarraitu du Bilbao Exhibition Centre-k bere ekintza guztietan. Horrela, urte berriak 2020koaren bidetik jarraituko du. Iaz, BECek Euskararen Nazioarteko Egunean parte hartzera animatu zituen langileak (berrogeita hamar bat pertsona izan ziren ekitaldian), eta, lehen aldiz, Arigunea izan zen Euskaraldian.

Ingurunerako zerbitzu izateari buruzko atalari dagokionez, 2021an, 5.000 metro karratuko Be Up BEC gimnasioko lanak amaituko dira. Bertan, makina-gela, ikastaroak eta igerilekua izango ditu, besteak beste, atariaren ipar-gurutzaduran. Be Up gimnasioaren kirol-ereduak, funtsean, kirolaren familia-kontzeptua du bereizgarri, eta proposamen espezifikoak egiten ditu adin guztietarako.

 

 

 

-ek idatzirik|2021-01-15T13:53:15+01:0014 de urtarrila de 2021|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top