Bilbao Exhibition Centre-ko egutegiaren susperraldiaren protagonista izango da industria

Urrian, World Maritime Week, Steel Tech eta +Industry azokak nabarmenduko dira

Urrian, berriz elkartuko gara Bilbao Exhibition Centre-n, eta hainbat eremu garrantzitsutako profesionalak bilduko dira (esaterako, itsasoa, energia, siderurgia eta fabrikazio aurreratua), harreman zuzena berreskuratzeko eta berrikuntzari, ezagutzari, aliantza pertsonalei eta negozioei beste bultzada bat emateko. Deialdi industrialek zeresan handia izango dute euskal esparruko egutegiaren susperraldian. Hala, hurrengo hilabetean, sektoreko oso azoka ezagunak izango dira bertan, pandemiagatik atzeratu egin behar izan zirenak (esaterako, World Maritime Week eta +Industry), baina baita altzairugintzari buruzko azoka berri bat ere: Steel Tech. Aurrez aurreko jarduera bultzatzeko, guztira, hiru arloetako 39 ekitaldi egingo ditu BECek urte-amaierara arte; hauek ere izango dira tartean: Imaginenano, Expovacaciones, FVO-Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka, Retroclásica eta Rauw Alejandro, Candlelight, Hiriko Soinuak eta Dani Martínen kontzertuak.

Txertatze-kanpainak arrakasta izan duela eta nazioarteko mugikortasunarekin erlazionatutako neurriak pixkanaka malgutuz doazela ikusita, BECek baikortasunez egiten dio aurre urtearen azken lauhilekoari, eta industria izango da protagonista. Hala adierazi du gaur eguerdian prentsaurreko batean haren zuzendari nagusi den Xabier Basañezek. Ondoan izan ditu Siderex (Siderurgiako Kluster Elkartea), GAIA (Ezagutzaren eta Teknologia Aplikatuen Elkartea) eta AFM (Advanced Manufacturing Technologies) klusterretako ordezkariak, haiek guztiek hartzen baitute parte aurkeztutako ekitaldietako askoren garapenean.

“Hilabete asko daramatzagu gure ekitaldi-egutegia lantzen, haren eragin ekonomikoa osorik eta lehenbailehen gauzatzea lortzeko konpromisoarekin lanean. Eta iritsi da unea: zalantzarik gabe suspertzearen eragilea izango diren azoken programazioa aurkezten dugu gaur. Hartan, industria, gure gurea, izango da protagonista nagusia. “COVID-19ak eragindako pandemiak topaketa presentzialek lehenengo mailako ekonomiaren bultzatzaile gisa duten balioa berretsi du”, ziurtatu du Basañezek bere aurkezpenean.

Nazioarteko susperraldiaren testuinguru horretan, BECek World Maritime Week egingo du urriaren 5etik 7ra, Europan erreferentzia diren itsasoaren arloko topaketetako bat. Bi urtez behin izaten da ekonomia urdinarekin erlazionatutako azoka hau, eta aurten, hirugarren edizioan, eduki berriak barneratu ditu, bere nortasuna indartzeko. Agenda zaindua du beti: biltzarrak, B2B topaketak, networking-erako eremuak eta erakusketa-gunea. Berrikuntza nagusien artean, Ocean Energy Conference eta Oil&Gas Conference biltzarrak daude. Arrantza-sektorearen Eurofishing azokari, ontzigintza-sektorearen Sinaval-i eta portuen sektorearen FuturePort-i gehituko zaizkie.

Urriaren erdialderako (19tik 21era), Steel Tech, Congress&Expo azokak burdingintzaren industriako balio-kateko eragile nagusiak bilduko ditu haren lehenengo edizioan. Bilbao Exhibition Centre-k eta Siderurgiaren Kluster Elkarteak (Siderex) antolatu dute ekitaldia. Elkartearen zuzendari nagusi den Asier San Millánek esan duenez, “biltzarrak siderurgiaren sektorean berrikuntzara eta teknologiara zuzendutako erronka eta joeretan jarriko du arreta, garrantzi handiko gaietan, hala nola trantsizio digital eta jasangarri bikoitza, ‘smartizazioa’, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, ekonomia zirkularra, eta txatarren balorizazioa, birziklapena eta kudeaketa”.

Hilabete-amaieran, urriaren 26tik 28ra, BECen +Industry izango da, aurten fabrikazio aurreratuari buruz Estatuan egindako lehenengo topaketa handia. Bere markaren babespean, aldi berean 6 azoka izango ditu —Industry Tools by Ferroforma, Subcontratación, Addit3D, BeDigital, Pumps&Valves eta Maintenance—, eta I+G+Brekin eta industria adimendunaren paradigma berriekin konprometitutako enpresek hartuko dute parte.

GAIAko Kluster Zerbitzuen zuzendari Cristina Murillok adierazi duen bezala, “Euskadin ezagutza- eta teknologia-industria ahaltsua dugu, eta eraldaketa-behar abangoardista eta disruptiboenei erantzuteko moduko ahalmenak. Ziur gaude Euskadiko ekonomia indartu egingo dela 3 trantsizioekin (teknologikoa, klimatikoa eta soziosanitarioa), eta, horri esker, eskaintza berri lehiakorragoa eta globalizatuagoa sortu ahal izango da”. Horrez gain, Murillok azaldu duenez, “4.0 eraldaketan arrakasta izateko, baliabideen kudeaketa aurreratua landu behar dugu, prozesuak berriro diseinatu, azpiegiturak egokitu, eta produktu eta zerbitzuak digitalizatu. BeDigital Euskadiko eskaintzaren eta funtsezko gaitasunen nazioarteko erakusleiho bat da, eta eraldaketa digitaleko gure beharrei erantzuteko aliatu eta osagai guztiak aurki ditzakegu bertan.”

Bestalde, Xabier Ortuetak fabrikazio aurreratuaren gaur egungo egoera aztertu du: “Ia-ia hiruhileko bat kasik erabat geldituta egon ondoren, 2020aren amaieran suspertzeko joera nagusitu zen. Hala, iazkoa urte txarra izan zen, baina 2019ko kaptazioak arindu zuen, jarduerari eustea ahalbidetu baitzuen; horrez gain, urte-amaierako eskaerei esker, zenbaki positiboekin eman genion amaieran. Kaptazio onak 2021ean ere jarraitu du, eta 2019ko mailara iristea espero dugu, nahiz eta fakturazioa motelago joango den. Tamalez, susperraldia oraindik ez da nahikoa, ezta homogeneoa ere, gure industria osoan.”

Ortuetak esan duenez, “erronka asko ditugu etorkizunean, baina baikorrak gara. Gainerako merkatuekin batera, etxekoa ari da pixkanaka mugitzen, Renove hurbilaren eta gure azoken zain: +Industry urrian, eta, noski, BIEMH 2022an. Nazioarteko azokak ere hasiko dira: EMO, +Industry, Fabtech, Blech Expo eta Formnext. Gure industriaren eraldaketan eginkizun nagusia duen sektore modernoa eta dinamikoa izaki, punta-puntako soluzioak, oso digitalizatuak, produktiboak eta jasangarriak eskaintzen jarraituko dugu.”

Sektore industrialak eta azokak aurkezten amaitzeko, Xabier Basañezek azaldu duenez, “teknologian, produktuetan eta zerbitzuetan ahalik eta proposamen onena aurkeztuko dugu, eta ziur gaude erakusketa horiek guztiek eduki nabarmena eta aukera oso interesgarriak eskainiko dituztela; izan ere, trantsizioko urtea da oraindik aurtengoa, baina jarduera finkatzetik hurbilago gaude, 2022rako aurreikusita baitago. Datorren ekitaldirako, dagoeneko ari gara proiektu batzuetan lanean. Tartean ditugu BIEMH —bere bertsiorik onena eskainiz itzuliko da, laster Milanen azalduko dugun bezala—, Wind Europe, Food for Future, Empack eta Logistics & Automation Bilbao, eta nazioarteko beste ekitaldi batzuk, baina berretsiko ditugu.”

 

SEGURTASUNA PROGRAMATUTAKO EKITALDI GUZTIETAN

Segurtasuna lehentasuna izaten jarraitzen du. Hori dela eta, BECek segurtasun-protokolo zorrotza aplikatuko du ekitaldi guztietan, zeinarekin Espainiako Turismoaren Kalitaterako Institutuaren (ICTE) zigilua jaso baitzuen, azoka-esparrua eremu segurua dela ziurtatzen duen bereizgarria. Hala, arreta-gunea, azken hilabeteotan egin den bezala, sarbideen kontrolean, edukieren kudeaketa prebentiboan, urruntze sozialaren monitorizazioan eta ingurumen-higienizazioan eta -segurtasunean ezarriko da.

Urriko azoka industrialez gain, BECen egutegian badira beste ekitaldi batzuk ere urte-amaierara bitartean; esaterako Expovacaciones, FVO-Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka, Desembalaje eta Retroclásica azokak, oso ekitaldi ezagunak (esate baterako, Japan Weekend eta Fun&Serious Game Festival), ikuskizunak (hala nola Deforme Semanal, Rauw Alejandro, Justin Quiles, Hiriko Soinuak, Candlelight, Euskalgym, Dani Martín eta Beret), enpresa-jardunaldiak, azterketak eta hainbat formatutako ekitaldi pribatuak.

-ek idatzirik|2021-09-23T09:28:48+02:0015 de iraila de 2021|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top