BioCultura Bilbao indarrez itzuliko da BEC-era

2023ko urriaren 6tik 8ra

BioCultura Bilbao, Produktu Ekologikoen eta Kontsumo Arduratsuaren Azoka, Bilbao Exhibition Centrera itzuliko da udazkenean, seigarren edizioan. Urriaren 6tik 8ra izango da azoka, Ireki begiak ekologikoari lelopean.

Ángeles Parrak, BioCulturaren zuzendariak, baieztatu duenez, “prest gaude eta oso animatuta, bisitarien nahiz enpresen aldetik eskaera handia jaso baitugu azoka handikiro ospatzeko, eta ekitaldi handia izan dadin berme osoz; izan ere, 2018tik ez da berriz egin pandemia dela eta”. Bestalde, Xabier Basañezek, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusiak, adierazi duenez, “Euskadiren kasuan, gainera, bio produktuen eskaerak publiko leiala du benetan, ekologikoaz gain kalitate-eskakizunarekin zerikusia duen kontzientziazio handia gehitzen baitzaio. Hori dela eta, BECen bereziki babesten dugu azoka hau, egutegian markatutako hitzordua baita, eta udazkenean berriz ere harrera bikaina izango du”.

Hiru egunez, BioCultura Bilbao profesionalen eta kontsumitzaileen topagune izango da. Hala, bertaratzen direnek ekologikoaren mundua osatzen duten azpisektore ugarietako produktu eta zerbitzu aukera zabala izango dute. Horien artean, elikadurak berriz ere protagonismo nabarmena izango du, baina bertan izango dira terapia osagarriak, eko bizimodu-proposamenak, kosmetika eta higiene eko-natural ziurtatua, etxe osasungarria, moda jasangarria, GKEak eta eko fook truckak.

Erakusketako eremuaz gain, BioCultura Bilbaok jarduera ludikoen egitarau zabala izango du. Publiko ororentzat eta profesionalentzat 150 jarduera inguru izango dira. Parte-hartze aurreikuspenen arabera, 150 erakusketari eta 12.000 bisitari izango dira.

Bio produktuen igoera geldiezina

Euskadin, bio produktuen igoera geldiezina da. Azken urteotan, ekologiko gisa ziurtatuta lurren azalera hirukoiztu egin da lurraldean, eta gaur egungo nekazaritza-azalera erabilgarriaren % 5 izatera iritsi da. Itun Berdearen erronka da 2030ean lurren % 25 ekologikoak izatea. Hain zuzen ere, iaz Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak ekoizpen ekologikora bideratutako 1.199 hektarea berri ziurtatu zituen.

Ekoizpen ekologikoa areagotzeko, eraldatutako elikagaiak merkaturatzeko sareak garatzeko eta bertako elikagai ekologikoen eskaria handitzeko, Euskadiko Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planari (FOPE) jarraipena emango zaio 2023-2026 bitartean. Horregatik, eta BioCulturako zuzendariaren hitzetan, azoken zeregina funtsezkoa da publiko berrietara iristeko, hedapen handia baitute. Gainera, Euskadi da marka ekologiko propioa duen erkidego bakarra. Ekolurra bereizgarria Kontseiluak 2021aren amaieran sortu zuen. Europar Batasunekoaren ondoan agertzen den bereizgarri horrek euskal ekoizleen elikagai ekologikoak identifikatzeko balio du, baita haien jatorri-balioak eta kalitatea identifikatzeko ere, eta horrek ekologikoaren alde aurrerapauso handia ematea ahalbidetzen du.

BioCultura azoka VidaSanak eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute.

-ek idatzirik|2023-07-04T13:04:54+02:004 de uztaila de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top