Dibertsioa balioekin

Umeen Gabonetako Parkea bueltan da Bilbao Exhibition Centren, Gabonak ospatzeko, eta bere oinarrizko sei balioekin duen konpromisoarekin jarraituko du oraingoan ere. Dibertsioa eta ikasketa ez dute zertan aurkakoak izan eta, horregatik, bertara hurbiltzen diren umeen hezkuntzaren ardura zati bat bere gain hartu nahi du PIN/UGPk. Jasangarritasuna, Familia, Bizimodu osasungarria, Elkartasuna, Berdintasuna, eta Zibergizalegea izango dira oraingoan ere penintsula iparraldeko haurrentzako gune garrantzitsuenetako honen ardatz nagusiak.

5.eta 3. pabiloietan, betiko bezala, barrakak eta atrakzioak egongo dira, baina baita txikienei sei balio horiek euren garapenerako barneratzearen garrantziaz jabetzeari zuzendutako hainbat jarduera ere. Gainera, kirol norgehiagokak antolatuko dira, atletismoan, saskibaloian edo eskubaloian, esaterako, eta euskara zeharkako balioa izango da haietan guztietan, haren erabilera bultzatzeko antolatutako ekimen anitzi esker.

PIN/UGPren 55. edizioak abenduaren 18tik urtarrilaren 5a arte irekiko ditu ateak. Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusia izango da inaugurazio ekitaldian, hainbat instituzio, erakunde eta enpresa babeslerekin batera.

Bilbao Exhibition Centre-k Elkartasuna, Familia, Bizimodu osasungarria, Jasangarritasuna, Berdintasuna eta Zibergizalegea balioekin duen konpromiso esplizitua hartu zuen iaz, txikienen artean eragin positiboa sortzearen garrantziari buruz egin zuen hausnarketa sakon baten ondorioz. Helburua dibertsioa ikaskuntzarekin batzea zen. Horrela sortu ziren PIN/UGP siglak osatzen dituzten sei izaki fantastikoak; bakoitza umeentzako ekitaldi honek aldarrikatzen dituen balio bat izanik.

Umeen Gabonetako Parkearen aurtengo ediziorako programatutako jarduera guztien xedea balio horiek guztiak barneratzea da. Iaz gauzatu zen ekimen hori eta, aurten, are gehiago sendotu da. Esaterako, Bilbao Exhibition Centre-k garrantzia handia emango dio hiritarrei birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeari. Horretarako, eta berritasun gisa, hondakinen bilketarako ohiko puntuak hobetuko dira. Jendeak erraz bereizi ahal izango dituen hiru puntu berde sortuko dira, zeinak jasangarritasunaren izaki fantastikoarekin adieraziko den; BECek antolatutako hainbat azokatan gauzatutako gaikako bilketako politika kontrasinatzen duen ekintza, hain zuen ere. Puntu berdeak 3. eta 5. pabiloietako eskaileren ondoan eta azokako bi guneen arteko pasabidean kokatuko dira.

Bestetik, elkartasunak ere izango du tokia BECen: Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Cáritas Bizkaiak jostailuak biltzeko Gabonetako kanpaina antolatu dute. Horretarako, paketeak jasotzeko gune bat jarriko da atariko Gabonetako Zuhaitzaren azpian, informazio-gunearen ondoan. Keinu solidario txiki horrek egoera okerrak bizi dituzten haurren Gabonak desberdinak izatea lor dezake.

JOLASTEN IKASTEKO JARDUERAK

Aurtengo edizioan ere, hainbat instituziok, erakundek eta enpresak hartuko dute parte konpromiso handiko PIN/UGP honetan, eta tailer eta jarduera ugari ekarriko dituzte, aipatutako sei balioak lantzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia, EVE, Emakunde, Garbiker, Interbiak, Bizkaiko Suhiltzaileak, Athletic Club eta BBK Fundazioak, Portuko agintaritza, Telepizza eta Pizza Hut, eta baita zenbait komunikabide ere, besteak beste, EiTB, Deia eta Radio Nervión, izango dira Umeen Gabonetako Parkearen edizio honetan.

Portuko Agintaritza. Jasangarritasuna eta itsas hondoaren garbiketa dira erakunde honen helburuetako bat. Adierazi dutenez, jarduera “berri eta esklusibo” bat ekarriko dute ekitaldira. Parte-hartzaileak, urpekarien avatarren bidez, itsas-hondora jausten den zaborra batzeko mugitu beharko dira. Horretarako, mugimendu-sentsoreko LED pantaila erabiliko dute. Horrez gain, makillaje tailerra ere izango dute, itsasoko hainbat animaliaren marrazki irudikatzeko.

BBK Fundazioak, aldiz, familia harremanak sustatzen dituen bere programa ekarriko du. BBK Family DOMO iglu bat da, non gurasoen eta umeen elkarreragina sustatzen den. Familiei hazkuntzan eta gurasotasun positiboan laguntzea da helburua. Horrez gain, eta beste ekimen batzuen artean, gazteei eta familiei zuzendutako berdintasuna sustatzeko jarduera bat egingo da gune honetan.

Berdintasunaren adierazle izango dugu, besteak beste, Emakunde: Berdintasunerako gunearen autobus ibiltaria ekarriko du. Unitate mugikorraren barruko behin betiko edukiez gain, kanpoan mahaiak eta aulkiak jarriko ditu hainbat jarduera burutzeko, hurrengoak adibidez: Andra ahaztezinen oroigarriak taldeko jokoa, pintatzeko laminak edo txapak egiteko tailerra.

Eusko Jaurlaritzak 18 joko-gune eskainiko ditu, tabletekin, KonEko-V bideo-jokora jolasteko. Joko horretan, Nereak eta Peiok modu dibertigarri eta entretenigarrian Kontzertu Ekonomikoaren erabilgarritasuna ezagutzera ematen digute, eta baita Euskadiko erakundeen antolaketa ere: nork egiten duen zer eta nondik datorren hori egiteko dirua. Bertsio berri honetan, jokoaren 16 mailetan zehar bildu behar ditugun txanponen banaketa on bat eginez, hainbat elementuren sorkuntza sustatu daitekeela ikusiko da, azken helburua zerbitzu guztiak dituen hiri bat eraikitzea izanik.

Kirolak ere badu bere lekua PIN/UGPn, eta haren ordezkari nagusienetako bat Athletic Club Fundazioa da. Txurigorriek futbol zelai txiki bat jarriko dute umeek futbol partidak jolas ditzaten; gainera, giza-futbolina eta puzgarriak ere jarriko dituzte. PIN/UGP azokan zehar, gizonezkoen zein emakumezkoen lehen plantillako hainbat jokalari, eta baita Genuine taldeko hainbat jokalari ere, hurbilduko dira Fundazioaren standera.

Bestetik, EVE erakundeak kart elektrikoak jarriko ditu aurten ere; Bizkaiko Foru Aldundiak izotz-pista arrakastatsua ekarriko du berriro ere, eta Bizkaiko Suhiltzaileek euren zirkuitu ezaguna jarriko dute, non haurrak suhiltzaile txikiz jantzi eta haiei egokitutako entrenatzeko zirkuitua osatuko duten. Gainera, suhiltzaileen kamioira igotzean sentitzen dena probatuko dute, eta ehun horizontal baten bitartez adierazitako kez betetako logela batean jardungo dute.

Telepizzak bere jatetxea irekiko du eta aurpegiak margotuko dizkie umeei, eta Radio Nervión irratiak, 5. pabiloian, soinu-banda jarriko dio azokari, karaokearekin, desfileekin eta baita txikidiskoteka batekin ere, dantza zaleentzat. EiTB-k ere hartuko du parte Umeen Gabonetako Parkean. Zenbait unetan Goazeneko aktoreak eta Gorritxo pertsonaia bertan egongo direla eman du ezagutzera; Deia egunkariak, aldiz, bere Bubbles balls direlakoak ekarriko ditu.

PIN/UGP-n dagoeneko ohitura bihurtu denez, ezin da falta Interbiaken Olentzeroen lehiaketa. Hartan, Bizkaiko ehunka ikastetxetako Lehen Hezkuntzako seigarren mailako eta DBHko lehenengo zikloko hainbat ikasle aurkeztu dira. Garbikerrek ere izango du bere tokia, birziklapena leitmotiv gisa duten jarduera eta joko ugarirekin.

Horiekin guztiekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Gazteria Sailak Gazte Txartela aktibatzeko eta haren inguruan informatzeko eta gomendioak emateko gunea jarriko du. 5. pabiloiko solairuartean, Eusko Jaurlaritzaren Sail horren txartel berriaren abantailei buruzko informazioa emango da. Txartela doakoa da eta hainbat deskontu ematen ditu zenbait dendatan, kirol jardueratan, kulturakoetan eta ludikoetan. Horrez gain, aterpekide gazteen txartela ere barne hartzen du, nazioarteko sare zabal baterako baliagarria, eta baita mundu osorako balio duen doako bidaia asegurua ere.

KIROLAK ERE BADU LEKUA PIN/UGP-N

Kirolak, bizimodu osasungarriak, toki garrantzitsua du beti PIN/UGPn. Urriaren 2an lehiatuko da Gabonetako III. Lasterketa. Hartan, familian lehiatuz gozatuko dute gurasoek eta umeek. Proba 1. pabiloian gauzatuko da eta doakoa izango da bai ikusleentzat bai parte-hartzaileentzat. Gainera, nahi duten guztiek hartu ahal izango dute parte, federatuak egon ala ez, aurretik izena eman eta dortsala jaso behar dutelarik. Guztira, 600 parte hartzailera arte eman ahal izango dute izena kategoria guztiak batuta.

Horrez gain, Miniatletismoko Gabonetako III. Txapelketaren miniolinpiadak ere lehiatuko dira. Bost proba izango ditu: abiadura erreleboak (50 m), erreleboak hesiekin (50 m),  lokotx-biltzea erreleboz, xabalina jaurtiketa egonetik eta jauzi hirukoitza egonetik.  Abenduaren 28an ospatuko den lehiaketa honen parte-hartzea Bizkaiko Atletismo Federazioak koordinatzen du.

Azkenik, Mahai-teniseko, Eskubaloiko eta Saskibaloiko Federazioek euren lehiaketak antolatuko dituzte, eta Beisbolekoak bateaz jotzeko tunela instalatuko du.

5.PABILOIA, ATRAKZIOEN AMETSA

Umeen Gabonetako Parkeak 5. pabiloia parke tematiko bihurtuko du, txikienen gozamenerako barrakekin eta atrakzioekin. Adin guztientzako aukera desberdinak eskainiko ditu. BECera itzuliko dira sorginaren trena, zezen mekanikoa, scalextric-a eta auto-txokeak, eta lekua partekatuko dute beste atrakzio oso ezagun batzuekin: Mario Bros Wipe Out, Olla, Fantasiazko Gaztelua edo ohe elastikoak, esaterako. Aurtengo nobedadea Ninja Dortokak izango dira.

Iaz bezala, jende gehien erakarriko dituzten atrakzio batzuek itxaron-denboraren alerta sistema izango dute atrakzioetan, sortzen diren ilarak arintzeko.

GAUPIN GAU PIRATA

Izen berria du, baina filosofia betikoa da: nagusiek ere haur zirenean PIN/UGPn bizitako urte zoragarri haiek berriro bizitzea ahalbidetzea. Horregatik, GauPIN Gau Piratak abenduaren 28an irekiko ditu ateak. 21.00etatik 02.00ak arteko ordutegia izango du eta helduei egokitutako zona gastronomiko bat izango du.  Zuzeneko ekitaldiak eskainiko dira ere, gaua girotzeko. Bestetik, helduentzat egokiak diren barrakek bisitarien eskura jarriko dituzte haien motorrak eta argiak.

Sarreraren prezioa gainerako egunetakoa izango da: 8 €; eta mozorrotuta etortzen direnentzat sarrera 5 €-koa izango da. Poltsa-opari bat emango zaie sartzen diren lehenengo 1.000 lagunei.

SEGURTASUNEKO ESKUMUTURREKOAK ETA EDOSKITZE-GELA

Urtero bezala, BECek segurtasuneko eskumuturrekoen zerbitzu bat erabiliko du PIN/UGP barruan dauden bitartean txikienak errazago kontrolatu ahal izateko. Hura erabili ahal izateko eta eskumuturrekoak jasotzeko, atariko informazioko gunera joan beharra dago.

Horrez gain, behar dutenek, edoskitze-gela ere edukiko dute, non mikro-uhin labea ere dagoen, haurtxoak oroso elikatzeko. Gela horretan, jolas-txoko bat egongo da, haiekin datozen lagun txikienek itxaroten duten bitartean goza dezaten.

BILBAO EXHIBITION CENTRE-KO GOMENDIOAK

Umeen Gabonetako Parkearen xedea gozatzeko tokia izatea da; umeek emozio biziak izateko eta helduek aurreikuspen apur batekin konpon daitezkeen deserosotasunak saihesteko tokia, alegia. Hori dela eta, Bilbao Exhibition Centre-k hainbat gomendio egin nahi ditu, PIN/UGPn zure esperientzia hobetzeko. Hasteko, gogoan izan sarrerak Kutxabanken kutxazainetan eros daitezkeela aldez aurretik, eta baita aparkalekuan lekua gorde eta haren tarifa aurretik ere ordaintzeko aukera ere baduzula. Jarduera eta atrakzio guztiez erosotasun handiagoz gozatu ahal izateko, BECek gogorarazten du arropazaindegi zerbitzua badagoela, egunero, arratsaldeko 20:30ak arte, abenduaren 24 eta 31 egunetan eta urtarrilaren 5ean izan ezik.

Oraingoan ere, Bilbao Exhibition Centre-k hiritarrak Umeen Gabonetako Parkeaz, haren  5. pabiloiko barrakez eta 3. pabiloiko tailerrez eta jarduerez gozatzera gonbidatu nahi ditu, baina, are gehiago PIN/UGPk defendatzen dituen balioak bere egitera. Eta, hori lortzeko, jardueretan parte hartzeko orduan desabantailaren bat dutenekin solidarioa izanik, familia artean jantokietan atseden-lekuetan eta jatetxeetan eta gainerako erabilera komuneko tokietan gozatuz, eta, gehienbat, ingurumena zainduz eta birziklatze-edukiontziak erabiliz lor daiteke, adibidez. Guztiontzako da garrantzitsua PIN/UGP azoka. Eman diezaiogun balioa!

ORDUTEGIA

11:00etatik 20:00etara
(Leihatilak barrutiaren ordutegia baino 30 minutu lehenago irekiko eta itxiko dira)

MINIATLETISMOKO III. TXAPELKETA

Abenduak 28, larunbata
(goizez eta arratsaldez)

GABONETAKO III. LASTERKETA

Urtarrilak 2, osteguna
10:30etatik aurrera

GAUPIN GAU PIRATA

Abenduak 28, larunbata
21:00etatik – 02:00etara

Abenduak 24, 31 eta urtarrilak 5

11:00etatik – 17:00etara

Abenduak 25 eta urtarrilak 1 eta 6

Itxita

|2019-12-18T17:11:45+02:00December 16th, 2019|Albistea @eu|0 Iruzkin

Utziguzu iruzkin bat