Egurrezko eraikuntzaren eta bioekonomiaren arloko europako proiektuen inguruan eztabaidatuko dute Egurtek Jardunaldi Teknikoetan

Proiektu hauek errepasatuko dituzte topaketetan: Eguralt, Basajaun, “Baso Egur Hezkuntza Sarea” Euskadiko baso-egurraren prestakuntza-sarea eta Bioerkidegoen sarea.

Egurtekek, Egurrezko Arkitekturari eta Eraikuntzari buruzko Nazioarteko Foroak, Jardunaldi Teknikoen programa bat eskainiko du, hiru ardatz nagusiren inguruan: egurrezko eraikuntzaren arloko Europako proiektuak; unibertsitateetako, Lanbide Heziketako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako prestakuntza; eta Bioerkidegoen sarea. Hitzaldiak urriaren 19an eta 20an izango dira. Hasteko, gonbidatutako adituak azalpen labur bat egingo du eta, amaitzeko, mahai-inguru bat egingo dute, eztabaidatzeko. Baskegurrek antolatutako lau egunetako bakoitzean bi saio izango dira, bata goizean eta bestea arratsaldean.

Jardunaldi Teknikoetan hizpide izango dituzten eta martxan dauden Europako bi proiektuak Eguralt eta Basajaun dira. Lehenengo proiektuak material naturalen erabilera sustatzen du, iturri jasangarri eta berriztagarrietatik datozen materialena, hain zuzen ere. Horretarako, zentro teknologikoen, autoritate publikoen eta industriaren artean ezagutza partekatzea sustatzen du, eragileen mahaien bidez; produktu eta prozesu berrien aplikazioaren esperimentazioa sustatzen du; ezagutza kapitalizatzen du, eraikuntza arloko egurraren preskriptoreei zuzendutako prestakuntzaren bidez; eta herritarrak eta autoritate publikoak sentsibilizatzen ditu.

Bestetik, Tecnalia buru duen proiektua da Basajaun, eta Baskegurrek bertan parte hartzen du 12 herrialdetako beste 28 erakunderekin batera. Proiektuaren helburu nagusia basoko lehengaiak optimizatzea da, tamaina ertaineko eraikinak ahalik eta baso-hektarea gutxien erabilita –basoko espezieen eta tokiko ezaugarrien (klima, lurzorua…) araberakoa izango da– eraikitzeko.

“Baso Egur Hezkuntza Sarea” prestakuntza-sareari dagokionez, honek barne hartzen ditu egurraren baso-sektorearekin lotutako prestakuntza-eragileak eta horietako bakoitzaren prestakuntza-eskaintza; eta, aldi berean, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan basoen kudeaketa jasangarriaren garrantzia ezagutzera emateko beharra nabarmentzen du. Haren lan-ardatzen artean hauek nabarmentzen dira: basoko egurraren sektorean prestakuntza dualaren ezarpena egituratzea, sustatzea eta sendotzea; eragileekin batera prestakuntza-sarea dinamizatzea eta sendotzea; eta proiektu berriak bilatzea, sektorea modu bateratuan garatzeko eta ikusgarritasun handiagoa emateko.

Sare honek BioAkademy Finlanden aholkularitza eta lankidetza estua ditu, eragile dinamizatzaile gisa. Eta hezkuntzarekin eta lehen sektorearen eta produkzio-ehunaren garapenarekin lotutako Eusko Jaurlaritzako sailen laguntza ere badu.

 

Bioerkidegoen sarea

Bioerkidegoen proiektuak Europan duen lurralde bultzatzaileetako bat da Euskadi, Basoko Bioekonomia Zirkularraren sustapenerako estrategiaren barruan. Baskegur Jardunaldi Teknikoetan zehar, egurrezko eraikuntzak Euskadin duen panoramika eskainiko duen txosten bat aurkeztuko dute, eta hiru lurraldeetako bioekonomia arloko proiektuen adibide zehatzak azalduko dituzte. Sare berri honek Europa osoan etorkizuneko ikuspegia duten erkidegoak batzen ditu, erkidegoak duen indarra dinamizatzeko eta basogintzaren bioekonomia zirkularra sustatzeko elkarlanean aritzeko. Iparraldeko Karelia (Finlandia), Iparraldeko Renania-Westfalia (Alemania) eta Euskadi dira egitasmo honen erkidego sustatzaileak. EFIren, Europako Basogintza Institutuaren, laguntza du egitasmoak.

Bioekonomiak 18,6 lanpostu sortu ditu dagoeneko Europan eta 2,3 mila milioi euro fakturatzen ditu, hau da, Europako ekonomia osoaren % 9. Eredu ekonomiko horretaranzko eraldaketa errealitate argia da Finlandia edo Alemania bezalako herrialdeetan, eta Euskadi ere aurrera egiten ari da norabide horretan. Izan ere, Euskadin, eraldaketa eta ekoizpen bioekonomikorako gehien erabiltzen den baliabide naturala egurra da. Zuhaitzez osatutako basoen azalera % 55ekoa da, Europako batez bestekoaren oso gainetik (% 40) dago.

 

Egurtek 2022

Estatuko arkitekturaren eta egurraren gaineko kongresu bakarra da Egurtek, eta erreferentzia oso garrantzitsua da sektorean. Bederatzigarren edizio honetan lehen mailako pertsonek parte hartuko dute, eta erakusketa eremu bat izango du, merkatuko azken berritasunak erakusteko.

Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du Egurtek 2022, Baskegur – Euskadiko Egurraren Elkartearen eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak diruz babestuta.

 

 

-ek idatzirik|2022-07-19T13:54:52+02:0019 de uztaila de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top