Egurtek 2020k emakumearen presentzia indartuko du

Egurtek Sariek “BEM saria” kategoria berria dute

Egurtekek, Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroak, 8. edizioa egingo du urriaren 14an eta 15ean Bilbao Exhibition Centre-n. Topaketa, Estatuko arkitekturaren eta zuraren inguruko biltzar bakarra, oso erreferentzia garrantzitsua da sektorean bere biltzarkideen mailari eta haien lanen bikaintasunari esker. Orain arte, hainbat herrialdetako arkitekto eta ingeniari ospetsuk parte hartuko dutela baieztatu dute, eta han izango dira beren lanik garrantzitsuenak erakusteko. Alde horretatik, Egurtek kongresuak, bere oraingo ediziorako emakumearen presentzia indartzearen aldeko apustua egin duenak, emakume ugari ditu dagoeneko.

Horien artean, McGarry-Moon Architects estudioko Jessica McGarry Irlandako arkitektoak parte hartuko du topaketan, eta zurez egindako lanak erakutsiko ditu; besteak beste, Fallahogey House eta Kingshill House eraikinak, non zura sentikortasun handiz lantzen baita.

Halaber, Laura Álvarezek, Amsterdamen egoitza duen Madrilgo arkitektoak, eta eraikuntza pasiboarekin eta zuraren erabilerarekin sentsibilizatuta dagoenak, bere esperientzien analisia aurkeztuko du. Bai eta Oreka Arkitektura-ko arkitekto-taldeak ere, bioeraikuntzaren arloan lan egiten duenak eta irizpide bioklimatikoak aplikatuz zurez eta lastoz egindako eraikinak eraikitzen parte hartzen duenak. Bartzelonako LACOL Arkitektoen Kooperatiba ere izango da kongresuan. Kooperatiba honek arkitekturaren bidez eraldaketa sozialean lan egiten du, eta ingurune hurbilenean modu kritikoan esku hartzeko tresna gisa erabiltzen du. Horren adibide da Bartzelonako La Borda etxebizitza sozialen proiektua, zurez eraikitako Estatuko eraikinik altuena bilakatu dena. Bestalde, Mario Cerreño arkitekto txiletarrak ere parte hartuko du biltzarrean, zeinak bere sorkuntzetan zuraren erabileran gustu aparta erakusten duen.

“BEM SARIA”, EGURTEK SARIEN 5. EDIZIOAREN KATEGORIA BERRIA

2012an sortu zirenetik, Egurtek sariak gero eta nabaritasun handiagoa hartzen joan dira sektorean, eta gaur egun arkitektoentzat, ingeniarientzat eta arlo horretako profesionalentzat ezinbesteko topaketa bihurtu da.

Bosgarren edizio honetan, Egurtek sariek sei kategoria dituzte: “Eraikuntza”, “Interiorismoa”, “Produktuaren diseinua”, “Argitalpena”, “Tokiko zura (Basque Quality)” eta “BEM saria”, aurten sartu den kategoria berria. Bertan, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdean administrazio publikoak bultzatutako eraikin edo ekipamendu nabarmenak bereiziko dira.

Datorren otsailaren 10ean bukatuko da sarietan izena emateko epea, eta apirilean emango da aditzera epaimahaiaren erabakia. Epaimahaikideak arkitektura, diseinua, fabrikazioa eta zuraren arloan ospe handia duten adituak izango dira, hurrengo erakundeetakoak, besteak beste, Euskal Herriko Unibertsitatea, Baskegur-Euskadiko Egurraren Elkartea, Infoedita-Komunikazio profesionalen taldea, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, EIDE-Euskadiko Diseinugileen Elkartea, eta Egurtek 2018 Sarien irabazleak.

Sariak banatzeko ekitaldia Bilbao Exhibition Centre-n izango da, urriaren 15ean, Egurtek-en esparruan.

Bilbao Exhibition Centre-k Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren eta Baskegurren -Euskadiko Zuraren Elkartea- laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren babesarekin antolatu du Egurtek 2020.

-ek idatzirik|2020-01-23T16:44:52+01:0023 de urtarrila de 2020|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top