Egurtek 9. edizioa prestatzen ari da 2022rako

Zurezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Foroak sektorearekiko konpromisoari eutsi dio, eta handitu egin da nazioartean duen eragina

Bilbao Exhibition Centre Egurtek-en 9. edizioa prestatzen ari da dagoeneko. Egurtek hitzordu saihetsezina da arkitektoentzat eta zurezko eraikuntzaren arloko beste profesional batzuentzat. Datorren urteko urriaren 19an eta 20an, bi urtez behingo foro honek arkitekturako, ingeniaritzako eta eraikuntzako profesionalak bilduko ditu, zurez egindako nazioarteko proiektu garrantzitsuenak erakusteko.

Aurreko zortzi edizioetan, Egurtek-ek sektorearekiko konpromisoari eutsi dio, eta baliabide natural oso garrantzitsu baten alde lanean jarraitu du; hala, urtez urte, zurezko arkitekturaren eta eraikuntzaren erdigune bihurtu da. Eraikuntza jasangarriaren esparruan oso ongi kokatuta dagoen eta ekonomikoki gero eta sendoagoa den arlo honen dinamismo handia agerian geratuko da azoka osatzen duten jarduera guztietan: kongresua eta jardunaldi teknikoak, erakusketa-gunea eta sariak. Oraingoan, basoetan eta haien industria laguntzailean sakonduko du kongresuak. Topaketa honen dinamikari esker, parte hartzen duten profesionalek zuzenean jardun dezakete interakzioan hitzaldiak ematen dituzten arkitektoekin, eraikuntzen xehetasunak azaltzen dituzten eztabaida arinetan.

Azken edizioetan izandako arrakasta dela eta, ekitaldia gero eta garrantzitsuagoa bihurtzen ari da, eta nazioartean gero eta ezagunagoa. Egurtek-ek ospe handiko arkitektoak bildu ditu bere historian zehar; besteak beste, Shigeru Ban, Michael Green, Sou Fujimoto, Alex de Rijke, Alvaro Siza, Cazu Zegers, Marcel Baumgartner, Alpo Ranta Maunus eta Georg Wolfgang Reinberg.

Azkeneko edizioak mugak gainditu zituen bere online formatu apartari esker, eta bertan, nazioko eta nazioarteko (esaterako, Frantzia, Argentina, Estatu Batuak, Suitza edo Finlandiako) 600 profesionalek baino gehiagok zuzenean ikusi zuten ospe handiko hainbat arkitektok osatutako programa. Arkitekto horiek zurezko eraikuntzaren inguruan duen ikuspegi berezia erakutsi zuten.

Bilbao Exhibition Centre-k antolatu du Egurtek, Baskegur-en (Euskadiko Egurraren Elkartea) eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren babesarekin.

-ek idatzirik|2021-12-22T12:10:25+01:0022 de abendua de 2021|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top