Egurtekek, Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza Foroak, 9. edizioa egingo du urriaren 19an eta 20an eta sektoreko aditu eta enpresa entzutetsuak elkartuko ditu Bilbao Exhibition Centren

Egurraren ezaugarrien inguruan sentsibilizatzea eta eraikuntzarako material jasangarri gisa truke komertziala bultzatzeko horren erabilera sustatzea dira foroaren helburu nagusiak. Bertaratzen direnek etengabeko bilakaeran dagoen, eraikuntza jasangarriaren arloan oso ondo posizionatuta dagoen eta gero eta pisu ekonomiko handiagoa duen material horren perspektiba ugariak arakatzeko aukera izango dute. Dinamismoa agerian geratuko da azokaren esparru ugarietan.

Oraingoan, Kongresuan beren lan adierazgarrienak erakusteko aukera izango dute punta-puntako hizlariek: Carlos Castanheira (Carlos Castanheira Architects), batez ere bizitokien sektorearen inguruan lan egiten duen arkitekto entzutetsua eta eraikuntzaren eta naturaren arteko elkarrekintzaren isla gisa egurraren erabilera berezia egiten duelako ezaguna; Laura Álvarez (Laura Álvarez Architecture), Europa mailan 40 urte baino gutxiagoko arkitekto eta diseinatzaile ezaguna, diseinu arrakastatsua eta integratua lortzeko funtsezko osagai gisa hiriko arkitekturaren, paisaiaren eta esperimentazioaren aldeko apustua egiten duena; Stefan Prins, altuerako eraikinetan egurra lantzen espezializatuta dagoen arkitektoa eta mareekin batera igotzeko diseinatuta dagoen Rotterdameko Bulego Flotatzaile ikonikoaz arduratu den Powerhouse Company enpresako bazkidea; eta Vittorio Salvadori austriarra, arkitekturan doktorea eta CREE Buildingsen Negozioen Garapeneko gerentea (egurra oinarri duten aurrez fabrikatutako elementuak erabiliz eraikin jasangarriak eta osasungarriak egiten dituena).

Jasangarritasunaren alde egindako apustu argiaren baitan, bertan izango dira hizlari hauek:  Iñaki Archanco, BOA Arquitectura Sostenibleko taldearekin batera, ingurumenarekiko eta pertsonen ongizatearekiko sentsibilitatearen filosofia oinarritzat hartuta lan egiten duena; eta Elizabeth Ábalo & Gonzalo Alonso (Estudio Ábalo-Alonso), 2020an Egurtek Eraikuntza saria jaso zutenak A Estradako (Pontevedra) A Baiuca haur-eskolaren proiektuarekin lotuta.

Kongresuaren bigarren egunean, urriaren 20an, Danimarkako Lone Wiggers (C.F. Møller Architects) arkitektoa izango da. Eraikuntza berriekin zein eraikin zaharragoen birmoldaketarekin eta zaharberritzearekin lotutako proiektu ugaritan lan egin du, berak zuzendu zuen Danimarkako kultura Ministerioaren kanon kulturalerako arkitektura-batzordea eta, 2003tik, Ondare Kulturalaren Batzorderako Eraikinen Ikuskapeneko Batzorde Bereziko partaidea da; Sheila Blanco eta Iñaki Del Prim (Blancodelprim Arquitectura Ecopasiva) arkitektoak, 2005etik haien sistemetan egurrezko eraikuntzaren alde egiten dutenak eta Passivhaus estandarrean espezializatu direnak. Hala, arkitektura deskarbonizazioko agertoki bikoitzean proposatzen dute: erabilera-fasean eta eraikitzeko eta fabrikatzeko fasean; María Barcina, ostalaritzako eta bizitokien arloko neurri handiko proiektuetan espezializatuta dagoen arkitektoa, eta BxD Arquitectura bulegoaren sortzailea; eta Jonathan Tuckey (Jonathan Tuckey Design), egurra modu dotore eta eragingarrian erabilita eraikin zaharrak berreraikitzeko eta berrerabiltzeko lana defendatzen duen arkitekto britainiarra.

Hitzaldietan honako gai hauek aztertuko dituzte besteak beste: “Egurrezko eraikuntzaren estrategiak”, “Egurrarekin lan egitea”, “Egurrarekin egindako azken lanak”, “Arkitektura bernakularra”, “Egurrez egindako arkitektura” eta “Geometria, materialtasuna eta sistematizazioa”. Hitzordu horren dinamikari esker, partaideek hizlariekin zuzenean elkarri eragiteko aukera izango dute eraikuntzen xehetasunak zerrendatu ahal izango dituzten eztabaida arinen bidez.


ERAKUSKETEN EREMUA, SPEAKERS’ CORNER ETA JARDUNALDI TEKNIKOAK LUXUA ARETOAN

Aldi berean, Egurtek topagunera bertaratzen direnek Expo Eremuan soluzio berritzaileenak eta zurezko eraikuntzaren inguruko azken joerak aurkituko dituzte. Eremu horretan, 70 enpresa erakusketari bilduko dira, Estatukoak eta atzerrikoak, sektorearen egoeraren argazki osoa erakutsiz. Guztiek arkitekturarekin, egurrezko etxeekin, zurarentzako tratamenduekin, eraikuntza jasangarriarekin, aldizkariekin, elkarteekin, ingeniaritza eta dekorazioarekin, eraikuntzarako egurrarekin, egituren softwarearekin eta zuraren, elementuen eta materialen inportatzaileekin lotutako produktuak eta zerbitzuak eskainiko dituzte Luxua aretoan.

Gainera, eta azokaren izaera berritzailea areagotu nahian, erakusketa gune honetan Speakers´Corner gunea egokituko da; txoko horretan, erakusketariek, modu arin eta dinamikoan, topagunera ekarritako berritasun nagusiak aurkeztuko dituzte. Hala, 15 minutuko saioetan, gai hauekin lotutako era askotako zerbitzu eta produktuak ezagutaraziko dituzte: “Eraikuntza jasangarria CLT panelekin”, “Nola murriztu instalatzeko denbora?”, “Egurraren erabilera zentzuzkoa eta

jasangarria”, “Isolamendu akustikoaren garrantzia egurrezko eraikuntzan” eta “Ulertzen badugu baino ez dugu erabiliko egurra inteligentziaz”.

Expo Eremuaren ondoan egingo dira Egurteken Jardunaldi Teknikoak. Euskadiko Egurraren Elkarteak, BASKEGURek, antolatutako jardunaldi teknikoetan egurrezko eraikuntzarekin lotutako Europako hainbat proiektutan egindako lana ezagutaraziko dute (elkartea lan horietan sartuta dago). Gainera, Basoko Bioekonomia Zirkularra sustatzeko Euskadiko estrategiaren balioa nabarmenduko dute eta BEHS, enpresek, ikerketa-zentroek eta irakaskuntzako zentroek osatutako hezkuntza-sarea, aurkeztuko dute. Horren helburua da etorkizun laburrean basoko-egurraren sektorean lan egingo duten pertsonak trebatu ahal izateko baterako estrategia sustatzea.

Urriaren 19ko goizean landuko duten lehen gaiaren bidez, Eusko Jaurlaritzak Basoko Ekonomia Zirkularra sustatzeko abian jarritako estrategia sakon ezagutu ahal izango dugu. Hala, bertan izango da Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikadura Politikako sailburuordea, Bittor Oroz. Produktu berriak lortzeko I+G+b arloko proiektuak bultzatzen ari diren neurri askotako enpresekin elkartuko da han. Ekimen horietako batzuk hasierako prozesuan daude, eta beste batzuk, aldiz, merkaturatze-fasean.

Asteazken arratsaldea Tecnaliak zuzendutako Basajaun proiektua ezagutzeko izango da. Horren helburua da egurrezko eraikuntza-kateak optimizatzea basoetako kudeaketa jasangarritik landatar garapena eta hiriko eraldaketa indartzeko. Europa mailan erreferenteak diren eragileen lanari esker, Ipar Karelian eta Akitanian bi eraikin pilotutan probatu ahal izango dituzten bi produktu berri lortu dituzte, eta denboraren poderioz horiek duten eragingarritasuna zein den ezagutzeko baliagarriak izango dira. Basajaun proiektuaren baitan, Baskegur erakundea arduratu da proiektuan parte hartzen ari diren eskualdeetan (Euskadi, Finlandiako bi eskualde, Ipar Karelia eta Poloniako eskualde bat) egurrezko eraikuntzaren egoerari buruzko txosten zehaztua prestatzeko lana koordinatzeaz. Lan horren bidez, errealitate ugariak eta denboran zehar izandako bilakaera alderatu ahal izango da.

Baso Egur Hezkuntza Sarea (BEHS) da Baskegurrek Hazi Fundazioarekin eta Hezkuntza eta Ekonomia Garapen sailekin batera bultzatutako proiektua. Horren helburua da sareko lanaren bidez sektoreko enpresek dituzten beharrak unibertsitateetako eta LH zentroetako prestakuntza-planekin uztartu ahal izatea. Ostegun goizean ezagutu ahal izango dugu sakontasunez ekimen hori eta sarea hobetzeko garaian lagungarriak izan daitezkeen beste errealitate batzuk. Besteak beste, University of Northern British Columbia unibertsitateko Asif Iqbal doktoreak erakutsiko du Kanadako eta Zeelanda Berriko irakaskuntza-zentroek eta enpresek nola egiten duten lan, bi errealitate horiek ondo ezagutzen baititu.

Eguralt proiektuaren inguruan Egurteken egingo duten aurkezpenak emango die amaiera jardunaldi teknikoei. Ekimenaren xedea da SUDOE (Europako Hego Mendebaldeko Esparrua) baitan egurrezko eraikuntzari balioa ematea. SUDOE osatzen duten eskualdeetan (horien artean dago Euskadi) egindako inkestei erantzundako preskribatzaileen, profesionalen eta jabeen testigantzekin prestatutako txostena ezagutaraziko dute. Arkitektura arloko profesionalek, aparejadoreek eta eraikuntzari lotutako gainerako pertsonek egurrarekin eraikitzea zergatik erabakitzen duten edo, aldiz, ez egiteko argudiatutako oztopoak zein diren azaltzeko arrazoiak sakontzen ditu. Gainera, Europako hegoaldean azken urteotan egurrarekin egindako lan nagusiak jasotzen dituen 600 orrialde baino gehiagoko argitalpena aurkeztuko dute. Gida horrek eraikin horiek egiteko garaian erabilitako plano eta ezaugarriak biltzen ditu etorkizunean egurrarekin egingo dituzten beste eraikuntza-proiektu batzuetan kontuan har ditzaten.

 

VI EGURTEK SARIEN BANAKETA

Halaber, Egurtek 2022k VI. Sariak banatuko ditu urriaren 19an, 14:00etan, eta sei kategoriatan banatuko dira lanik onenak: Basque Quality-Tokiko Zuraren Sari Berezia Manuel Sanchez-Villanuevaren eta Carol Beuterren Casal Porta Trinitat proiektuak jasoko du; Bois/Egurra/Madera Sari Berezia (BEM) Beñat Saratxagaren eta Gentzane Goikuriaren Last Chance For A Slow Dance lanarentzat izango da; Eraikuntzaren Saria Marta Perisen eta José Manuelen Viviendas Sociales proiektuak eskuratu du; Interiorismoaren kategorian, Óscar Andrés eta Iván Andrés arkitektoek eskuratu dute saria, Casa Pris proposamenarekin, eta Produktuaren Diseinu Saria Silvia Ceñalen Mesa Laga lanak lortu du. Azkenik, Argitalpenaren kategorian, saria José María Marzo arkitektoak aurkeztutako Archi lanak eskuratu du, baita José Enrique Peraza arkitektoak aurkeztutako Revista Aitim lanak ere.

2012an sariketa hau sortu zenetik, kalitate handiko ehun proiektu inguru aurkezten dira urtero Egurrezko Arkitektura Sarietara, eta sektoreko aitorpenik ospetsuenetako bat bilakatu dira. Lehiaketako merkataritza eremuaren alboan jarriko dira erakusgai parte hartu duten hautagaien panelak.

 

ERRONKA GARBIA ZIGILUA

Bilbao Exhibition Centre bere ekitaldiak Erronka Garbia zigiluarekin ziurtatzen hasi da 2030eko Garapen Jasangarriko Helburuak biltzen dituen agendarekin eta jasangarritasunarekin lotutako konpromisoa ibilbide-orritzat hartuta. Hurrengoa Egurtek, Nazioarteko Zuraren Arkitektura eta Eraikuntza IX. Foroa, izango da. Topagune horrek hasieratik azpimarratu du arlo honek duen funtzio eraldatzailea, eta eraikuntza jasangarrian egurrari eman dioten balioaren erakusle argia da. Hortaz, guztiz bat dator ziurtagiri honek defendatzen duen filosofiarekin.

Horrekin lotuta, Ihobe-Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoak ematen duen ziurtagiriak ingurumenaren gaineko balizko eragin negatiboak minimizatzeko diseinuan eta antolaketan ingurumen-neurriak integratzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu. Aurreikusitako sei jarduera-ardatzak honako hauek dira: mugikortasuna, energia, ura, erosketak, azpiegiturak eta hondakinak. Honako ekintza hauek, beste gauza askoren artean, erabakigarriak dira ekitaldi bat jasangarri bilakatzeko: argiaren intentsitatea eta tenperatura ordu-faseen arabera doitzea; standen erabilera energetikoa murriztea; seinaleetan elementu jasangarriak erabiltzea; edo sentsibilizazio-mezuak indartzea, komunikazioen, sare sozialen eta webgunearen bidez.

 

Egurteken inaugurazio ofiziala urriaren 19an izango da, 09:30ean. Bittor Oroz izango du buru, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika sailburuordea.

-ek idatzirik|2022-10-13T13:00:00+02:0013 de urria de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top