Euskal Encounter 31ren balantze oso positiboa: 3.600 ordenagailu eta 4.300 parte-hartzaile baino gehiago elkartu ditu egunero

  • Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketa teknologikoaren koordinatzailea, pozik agertu da amaitzear dagoen edizio honen emaitzarekin, eta azken urteotako partaidetzaren gorakadarekin. Laster pandemiaren aurreko zifretara hurbilduko delakoan dago.
  • Edizio honetako datu aipagarrien artean, azpimarratzekoa da Opengunera, enpresa teknologikoen standak hartu dituen eremura, jende ugari bertaratu dela. Bertan doako 30 hitzaldi eta tailer baino gehiago eskaini dira.
  • Ekitaldiaren antolatzaileek, halaber, programatutako 150 jardueretan izandako parte-hartze handia nabarmendu dute. Aurreko edizioarekin alderatuta, lehiaketetan izena eman dutenen kopuruak nabarmen egin du gora.
  • Euskaltel Fundazioak antolatu du Euskal Encounter, eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBKren eta Euskaltelen babesa izan du. Gainera, Euskaltelek eman du Interneterako sarbide bizkorra, segundoko 60 gigabitekoa.

 

Euskal Encounter 31 topaketak balantze oso positiboarekin itxi ditu ateak: 3.600 ordenagailu baino gehiago konektatu dira sarera eta 4.300 parte-hartzailetik gora elkartu dira BECen egunero. Edizio honetako datu aipagarrien artean, nabarmentzekoa da programatutako 150 jarduera baino gehiagotan parte hartze handia izan dela eta Opengunera pertsona ugari bertaratu direla, enpresa teknologikoen standak bisitatu eta 30 hitzaldi eta tailerretan parte hartzera.

Lau egunez, uztailaren 22tik 25era, Euskal Encounterrek hartutako 35.000 metro koadroak topagune digital erraldoi bihurtu dira, eta parte-hartzeak gora egin du aurreko edizioarekin alderatuta. Bertaratuen arteko giro ona eta elkarlanerako gogoa, beste behin ere, ekitaldiaren ezaugarri nagusi izan direla nabarmendu dute antolatzaileek, baita parte-hartzaileen jarrera eta lankidetza eskertu ere.

Euskaltelek emandako Interneterako sarbideak, segundoko 60 gigabitekoak, konexio oso egonkorra eskaini du, eta programatutako jarduera guztiak, eta bereziki bideojokoen lehiaketak, baldintza ezin hobeetan garatu ahal izan dira.

Edizio honetako berrikuntza gisa, sarrerak denbora errealean kontrolatzeko sistema berri bat ezarri dute ekitaldiaren antolakuntzako kide diren ingeniariek, ekitaldirako bereziki sortua. Arrakasta handia izan du sistemak, bilkurako eremuen arteko pasabideak azkar eta eroso kudeatu ahal izan baitira.

Era berean, lehen aldiz jarri da martxan ‘super core’ berri bat, hazteko ahalmen handia duena eta segundoko  800 gigabiteko konektibitatea eskaini dezakeena. Bere funtzionamendua oso positiboa izan da, egonkortasun handia eman baitu. Beraz, hurrengo edizioetako sare-prestazioak handitzeko funtsezko pieza izango dela aurreikusi dute.

 

Zifrak berreskuratuz

Sabino San Vicente, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketa teknologikoaren koordinatzailea, pozik agertu da amaitzear dagoen edizio honen emaitzarekin. Bereziki nabarmendu du parte-hartzaileen kopuruak gora egiten jarraitzen duela eta dagoeneko pandemiaren aurreko zifretara hurbiltzen ari dela.

San Vicentek adierazi duenez, hurrengo edizioan Openguneak are eduki gehiago izango du, agerikoa baita interes handia pizten duela, bai ekitaldiko partaideen eta bai bisitarien artean.

Datu gisa, topaketara gero eta familia gehiago etortzen direla egiaztatu ahal izan da edizio berri honetan. Nagusiki Euskal Encounterreko parte-hartzaile beteranoak dira euren haurrekin bertaratzen direnak. Egoera hau kontuan hartu du antolakuntzak adin guztietarako jarduerak planifikatzeko orduan.

Euskaltel Fundazioak antolatu du Euskal Encounter, eta babesleak Eusko Jaurlaritza (SPRIren bitartez), Bizkaiko Foru Aldundia, BBK eta Euskaltel dira.

-ek idatzirik|2023-07-26T14:10:24+02:0026 de uztaila de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top