Ezagutzaren transferentzia, networking-a eta lidergo jasangarria, Steel Tech-en protagonista nagusiak

Erakusketaren bigarren edizioa 2023ko urriaren 24tik 26ra izango da BECen

Ezagutzaren transferentzia, networking-a eta lidergo jasangarria izan dira Steel Tech, Congress & Expo azokaren lehenengo edizioaren protagonista nagusiak. Urriaren 19tik 21era izan da, eta Bilbao Exhibition Centre-k eta Siderex-ek (Siderurgia Cluster Elkartea) antolatu dute. Azokan, 576 partaide profesional izan dira eremu nagusiak ikusten, eta dagoeneko bigarren ediziora begira dago, zeina 2023ko urriaren 24tik 26ra izango baita. Azokaren helburua da Europako hegoaldeko erreferentzia-topagune bihurtzea altzairuaren sektorerako.

Hain zuzen ere, Steel Tech-en irekiera-ekitaldian, Bilbao Exhibition Centre-ren zuzendari nagusi Xabier Basañezek nabarmendu zuen berrikuntzarekin konpromiso sendoa duela altzairuaren sektoreak, zeina oso presente baitago lurraldearen DNAn. Horrez gain, gogorarazi zuen BECek erreferentzia-esparru izateko asmoz egiten duela lan: “ekonomia berriak aukera berriak ekarri behar dizkie enpresei, ezagutza, teknologia berriak, aliantzak, negozioak, etab. erabilita, eta Steel Tech konpromiso horren fruitua da”.

Zalantzarik gabe, itxaropenak beteta eman dio amaiera azokak lehenengo edizioari. Amaierako ekitaldian, Siderex-en zuzendari nagusi Asier San Millánek adierazi zuenez, “biltzarrak iraun duen bi egunetan, orientazio globala eskaintzen saiatu gara, altzairuak sektore bezeroetan dituen soluzioak eta aplikazioak aztertuz eta arreta etorkizuneko altzairuan eta gai oso garrantzitsuen inguruko erronketan jarriz”.

Horrela, azokako biltzarren egitaraua sektore siderurgikoaren berrikuntzara eta teknologiara bideratuta egon da; hogei hitzaldi baino gehiago eman dira eta, amaieran, eztabaidara zabaldutako mahai-inguruak egin dira. Azken horietan, sektoreko kluster eta enpresa nagusiek hartu dute parte, eta hitzaldietako ondorio aipagarrienak eztabaidatu dituzte.

Lehenengo egunean, altzairuak eraikuntzaren, automobilgintzaren, trenbidearen eta energiaren sektoreei eskaintzen dizkien soluzioak izan dira hizpide. Steel Tech-eko Batzorde Zientifikoaren presidente eta Sidenor-eko I+Gko zuzendari Juan José Laraudogoitiak zehaztu duenez, “mahai-inguruetan aritu diren batzordekideen hitzaldi eta esku-hartzeetan, altzairuak beste material batzuekin alderatuta dituen lehia-abantailak aurkeztu dira”. Bigarren egunean, automatizazioa, digitalizazioa, zibersegurtasuna eta beste gai batzuk aztertu ziren, eta “algoritmo egokiak elikatzeko lehengai gisa datuak duen garrantzia” erakutsi zen; gai horiez gain, ingurumena, ekonomia zirkularra, birziklatzea eta beste alderdi batzuk ere landu ziren. Laraudogoitiaren arabera, “gaur egun, industriek lehengaiak eta kontsumigarriak jaso eta prozesatzea nahi dugu, eta, industria-prozesuaren ondoren, beste aplikazio industrial batzuetarako edo amaierako kontsumorako lehengai berriak soilik ateratzea gure unitate produktiboetatik”.

Bestalde, STEEL TECH-eko erakusketa-eremuan, sektore siderurgikoaren balio-kateko maila guztietako hainbat enpresa hornitzailek hartu dute parte, eta beren produktu eta zerbitzuak ezagutarazi dituzte erakusketarako jarritako eremuan. Era berean, Steel Tech-ek eremu berean konbinatu ditu innovation workshop-ak eta networking eremua. Azken horretan B2B topaketak egin dira; hau da, aurretik adostutako bilerak egin dituzte erakusketariek, babesleek eta hainbat herrialdetako nazioarteko VIP gonbidatuek (hala nola Ekuador, India, Pakistan, Oman eta Maroko). Ia bilera guztiak modu presentzialean izan dira.

Era berean, asteazken gauean, hilak 20, Gala Dinner izan zen, eta Steel Tech Awards sariak banatu ziren. Haien bidez, Steeluniversity erakundearen lana aintzatetsi zen, Communication Forum Award kategorian, sektore siderurgikoa sustatzen laguntzeagatik, baita Prosimalys-eko kudeatzaile nagusi eta produktu landuetarako altzairuaren teknologian gaur egun dauden joeretan aditu Hans-Willi Raedtek egindako ibilbide profesionala ere, Achievement Award kategorian. Ekitaldian, Siderex-ek Room4Steel-en sartuta dauden enpresen lana aintzatetsi zuen. Eremu horretan, enpresen euren prestakuntza, birziklapena, proiektuak eta erronkak bilduko dira. Horrez gain, Xabier Basañezek plaka bat eman zion Siderex-i, bere 25. urteurrenagatik, baita 1996tik elkartearen ibilbide bikainean zeresana izan duten pertsona eta enpresa guztiei ere. Basañezen hitzetan, “zalantzarik gabe, sektore siderurgikoko enpresen erreferentzia nagusi bihurtu duzue Siderex”. Amaitzeko, gaur goizean, hilak 21, partaideek Sarralle-ren eta IDOMen instalazioak bisitatu dituzte.

Steel Tech-en lehenengo edizioak SPRI izan du bazkide instituzional, UNESID – Burdingintza Enpresen Elkartearen laguntzarekin, eta babesle hauekin: IDOM (platinozkoa), Sarralle (urrezkoa) eta Olarra, Tecnalia, Metalia eta Harsco (zilarrezkoak).

-ek idatzirik|2021-11-17T15:50:06+01:0017 de azaroa de 2021|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top