Gustoko azokari esker, kalitatezko produktuen merkatu handi bat bilatuko da asteburu honetan BEC

Asteburu honetan, martxoaren 4tik 6ra, Gustoko azokaren laugarren edizioa egingo dute Bilbao Exhibition Centren. Nekazaritzaren munduko erreferente gisa sendotzen ari da azoka hau. Hala, kalitatezko produktuen merkatu handi bat bilakatuko da azokaren eta kongresuen esparruko 1. pabiloia. Hainbat puntu geografikotatik (hala nola Euskadi, Menorca, Andaluzia, Portugal, Extremadura edo Frantziatik) etorritako 240 enpresa erakusketarik haien ekoizpen jasangarri, autoktono eta artisauaren emaitza erakutsiko diete bisitariei, elikaduraren etengabeko bilakaerari erantzuna emateko.

Gustoko unibertsoan, herrixka baten gisara egongo da banatuta espazioa, hainbat kalerekin: Jatorri Deituraren kalea, Gozoen eta Edarien kalea, Slow Food eta Ekologikoen kalea, eta Nekazari-Baserritarren kalea. Gainera, hornidura-azoka tradizional honetan hauek ere izango dira: EuskoLabel kalitate ziurtatuko produktuen txosna bat, jarduera-areto bat, hainbat piknik eremu standetan erositako produktuak dastatu ahal izateko, atsedenerako eremu bat eta Ludoteka; beUp BECek kudeatuko du azken hori.

Gustoko azoka paregabea da, eta profesionalei zein publiko orokorrari dago zuzenduta. Hala, dastatze libre pribatuak antolatu dituzte lehen kolektiboarentzat, eta Makro izango da espazio horren laguntzailea. Alderantzizko Misioa ere antolatu dute: erakusketarien eta erosleen ordezkarien arteko (gourmet kanaletakoak, hoteletakoak, denda espezializatuetakoak, saltoki handietakoak…) bilerak izango dira. Publiko orokorrari irekitako programazioari dagokionez, hainbat jarduera antolatu dituzte, hala nola dastatzeak eta uztartzeak, aurkezpenak, produktuen salmenta zuzena eta zozketak. Esteka honetan kontsulta daitezke jarduera guztiak: https://gustoko.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/jardunaldiak/publiko-orokorra/

ERREFERENTEA TOKIKO PRODUKTUENTZAT

Produktuen salmenta zuzena eta dastatzea oso presente egongo dira Gustokoren laugarren edizio honetan. Autonomia-erkidego ia guztietako ekoizleek izango dute standa BECen. Horietako asko, gainera, haien lurraldeko erakunde edo instituzioren baten aterkipean multzokatuta egongo dira, hala nola Burgos, Salamanca, Asturias, Kantabria, Errioxa, Extremadura edota Baena Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzailea. Era berean, estatuko hainbat jatorri-deituratako ekoizleak, landa-garapenerako elkarteetako ekoizleak eta Slow Food eta ekologikoen munduko ekoizle ugari ere bertan izango dira.

Produktu hauek egongo dira erakusgai Gustokon, besteak beste: gaztak, tomate bereziak, marmeladak, pastelgintzako artikuluak, eztia, arrautzak, ostrak, txarkuteria, olioa, txokolatea, taloa, kremak, hanburgesak, sobaoak eta quesada pastelak, salda, kafea, ogi bereziak, hostopilak, txakolina, garagardo artisaua, sagardoa, ardoa… kalitate goreneko ehunka produktu, zentzumen guztiak esnatzeko.

Bilbao Exhibition Centren antolatutako gainerako ekitaldietan bezala, Gustoko azokan ere segurtasun-protokoloa aplikatuko da. Orain dela gutxi, Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuaren Safe Tourism Certified zigilua berritu du BECek protokolo horrekin. Azoka esparrua espazio segurua dela ziurtatzen du bereizgarri horrek.

Gustoko 2022 azokak martxoaren 4an, ostiralean, irekiko ditu 1. pabiloiko ateak. Goizean sektore profesionalarentzat baino ez da egongo irekita, baina 14:00etatik aurrera publiko orokorra ere sartu ahal izango da. Larunbatean, hilaren 5ean, 11:00etatik 21:00etara izango da ordutegia, eta igandean 11:00etatik 19:00etara. Sarrera online eros daiteke esteka honetan: https://gustoko.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/bisitaria/txartelak-eta-sarrerak/. 2 euroko kostua izango du, eta doakoa izango da 13 urtez azpikoentzat eta akreditazioa duten profesionalentzat. Gainera, azokaren sarreran doako kontsigna bat jarriko dute, egindako erosketak bertan utzi eta egunaz gozatzen jarraitzeko.

Honako hauen laguntza du Gustokok: Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Ostalaritza Elkartea, Bizkaiko Landa Garapenerako Elkarteak eta Hazi.

Gustokoren inaugurazio ofiziala ostiralean egingo dute, martxoaren 4an, 12:00etan. Bittor Oroz izango du buru, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika sailburuordea.

-ek idatzirik|2022-03-02T13:16:10+01:002 de martxoa de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top