+INDUSTRY 2023 aurkezpena

Produktuekin, prozesuekin eta soluzioekin lotutako punta-puntako berrikuntzak eta garapenak elkartuko dira ekainaren 6tik 8ra bitartean +INDUSTRYn industrian bikaintasuna eta lehiakortasuna bultzatzeko. Topaketa Smart Manufacturinga oinarri duen herrialdeko plataforma handiena da eta 20 herrialdetako 800 enpresa erakusketari eta mila produktu baino gehiago bilduko ditu.

Gaur goizean aurkeztu da ekimena Bilbao Exhibition Centren prentsaurreko bidez eta bertan parte hartu dute: Xabier Basañez, Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia; Iñigo Usandizaga, Gipuzkoako Bazkundeko Subcontex arduraduna; Juan Carlos Ibarrola, Lanbideko Enplegurako Lanbide Heziketako zuzendaria; Xabier Ortueta, AFM Clusterreko zuzendari nagusia eta M. Carmen Gorostiza, Industria, Energia eta IKT arloko zuzendaria Bilbao Exhibition Centren.

Hiru egunez, +INDUSTRY topaketak BECeko 1. eta 3. pabilioietan sustapeneko erakusleiho bikaina eskainiko du eta bertan ikusgai egongo dira industriarako, digitalizaziorako, fabrikazio aditiborako eta 3D inprimaketarako fabrikazio-prozesuen eta horniduren berritasun nagusiak, prozesu industrialetarako ekipamendua eta aktiboak mantentzeko ekipoak.

Maila goreneko negozio-foroa izango da, eta bertan, sektorearteko lankidetza bultzatuko da. Gainera, harreman komertzialak erraztuko ditu beren sektoreetan liderrak diren hainbat azoka aldi berean egingo direlako: ADDIT3D, BeDIGITAL, MAINTENANCE, PUMPS&VALVES eta SUBCONTRATACIÓN. Gainera, horniduren eta burdindegi industrialaren sektoreak eta WORKinn Talent Hubek ere beren tokia izango dute bertan.

 

Ezagutza eta negozioak transferitzeko gunea

+INDUSTRYk negozioetarako eta ezagutza transferitzeko gune gisa indartu du bere profila edukien programa zabalari esker. Besteak beste, honako hauek biltzen ditu: Innovation Worshops-ak, networkingerako eta bisitarien eta erakusketarien arteko elkarrekintzarako guneak eta +INDUSTRY TALKS konferentziak.

Azken horietan, protagonismo berezia izango dute industria aurreratuko garapeneko azken estrategiekin lotutako funtsezko alderdiek. Eztabaidarako 23 ordu baino gehiago izango dira eta, horietan, berrogeita hamar adituk baino gehiagok industriarako interes handiko gaiak landuko dituzte; besteak beste, ondorengoak: fabrikazio aditiboa eta 3D inprimaketa; digitalizazioa eta prozesuen automatizazioa; metabertsoa eta biki digitalak, zibersegurtasun industriala eta 5.0 mantentzea.

Gainera, +INDUSTRY egiten den bitartean, B2B topaketak eta negozio-bilerak egingo dira. Horien artean, Azpikontratazio Industrialaren Europako XX. Topaketa nabarmendu behar da. Estatuko eta nazioarteko erosle handiekin hitzartutako elkarrizketen programa da eta mila bilera inguru itundu dira.

+INDUSTRY nazioartean erreferentziazko ekitaldia izango da eta espezializazio handiko bisitariak erakarriko ditu munduko txoko guztietatik. Zehazki, kanpainak iraun duen bitartean, merkatu oso garrantzitsuetatik iritsitako ia 80 herrialdeko profesionalek adierazi dute hitzordura joateko interesa: Alemania, Txina, Arabiar Emirerri Batuak, Estatu Batuak, Frantzia, India, Italia, Mexiko, Portugal eta Erresuma Batua. Era askotako sektoreak dituzte jatorrian: aeronautika, automobilgintza, ekipo-ondasunak, trengintza, ingeniaritzak, makina-erreminta, ontzigintza, petrokimika eta banaketa-kateak (hornidura industrialen biltegiak, burdindegien kooperatibak edo erosketa-taldeak, adibidez).

+INDUSTRYk SPRIren laguntza jaso du erakunde mailako partner gisa.


Fabrikazio aditiboan eta 3D inprimaketan eragile nagusiak elkartuko dira ADDIT3Dn

Teknologia berriak, merkatu berriak eta aukera berriak izango dira ADDIT3Dren proposamen nagusiak. Zazpigarren edizio honetan, Espainian fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketaren sektorean erreferentziazko azoka gisa posizionatuta egongo da.

ADDIT3Dk erakusketa eremua eta produktua aurkezteko eremua biltzarraren atalarekin konbinatuko du, eta teknologiak eta merkatuak aztertzeko, informatzeko, aukerak aztertzeko eta nazioartean sustatzeko gune bihurtuko da. Hala, ekainaren 6an, Additive Talks egitean, adituak diren enpresetako ordezkariek teknologia aditiboaren bilakaera, ezarpena eta erronka nagusiak landuko dituzte. Hala, beren esperientziak eskaini eta era askotako gaiak jorratuko dituzte: energiaren kudeaketa eta produkzioa industrian; laser-konfigurazioak metalaren fabrikazio aditiborako; berrikuntza eta 3D inprimaketarako softwarea, eta 3D inprimaketarako prozesaketa osteko berritasunak, besteak beste.

ADDIT3Deko enpresa erakusketariek, gainera, Azpikontratazio Industrialeko Europako XX. Topaketako B2B bileretan parte hartu ahal izango dute. Topaketak, jardunaldietako batean, sektore aditiboko eta 3D inprimaketako erosleak izango ditu.

Topaketa ADDIMATek (Fabrikazio Aditiboko Teknologien eta 3Dren Espainiako Elkartea) eta Bilbao Exhibition Centrek antolatu dute.

 

BeDIGITAL: Eraldaketa digitala industriaren lehiakortasunaren ardatz

Digitalizazioa enpresa arloan sendotuta eta teknologia digitalek aurrez frogatutako prozesu industrialei eskaintzen dizkieten hazkunde- eta negozio-aukerak oinarritzat hartuta, BeDIGITALen bosgarren edizioa eskaintza teknologiko berritzaileenarekin egingo da oso dinamikoa den formatuaren bidez. Gainera, segmentatuta dauden zonaldeak egongo dira produktu eta zerbitzuen erakusketa praktikoa egiteko, networkingerako eta ezagutza transferitzeko.

Bestalde, Startup Village eremuan, fabrikazio aurreratuko startup ugari eta energia, aeronautika, automobilgintza edo antzeko bestelako sektore erabiltzaileei lotutakoak egongo dira.

Ekainaren 7an, punta-puntako enpresetako ordezkariek digitalizazioaren bilakaera, ezarpena eta erronka nagusiak landuko dituzte Digital Talks-etan. Hitzaldiak industriako funtsezko gaietara bideratuta egongo dira: partekatutako datuen guneak, digitalizazioa eta prozesuen automatizazioa, eta zibersegurtasun industriala, besteak beste.

BeDIGITAL AFM,  Advanced Manufacturing Technologies eta Bilbao Exhibition Centre erakundeek antolatzen dute eta erakunde mailako bazkidea Bizkaiko Foru Aldundia da.

 

Mantentze eta aktiboen kudeaketa arloko azken berrikuntzak MAINTENANCEn

Mantentze industrialeko profesionalek MAINTENANCEn, Mantentze Industrialaren Nazioarteko Azokan, sektoreko beste profesional batzuekin harremanak izateko, informazioa trukatzeko eta hainen produkzio-prozesuak hobetzeko interes handiko punta-puntako soluzioetara, teknologietara eta materialetara sarbidea izateko bereziki diseinatutako foroa topatuko dute. MAINTENANCE 2023n batez ere arlo hauetako enpresa erakusketariak bilduko dira: neurketa, ebaluazioa eta kontrola; tribologia eta lubrifikatzaileak; mantentze arloko teknologiak eta zerbitzu industrialak; software industrialeko soluzioak; ingurumen-zerbitzuak; ingeniaritzak eta aholkularitza-enpresak.

Bestalde, ekainaren 8an, Maintenance Talks-ek mantentze industrialarekin lotutako azken joerak eta berritasunak ezagutzeko aukera bikaina eskainiko dute: zuzenketarako mantentze-lanak, erabateko mantentze produktiboa, predikziozko mantentzea eta mantentze prebentiboa barne. Punta-puntako adituek arrakasta-kasu onenak ezagutarazi eta sektoreak aurre egin beharko dien erronka nagusiak sakonduko dituzte. Horietako batzuk ondorengoak dira: aktiboen kudeaketarekin lotutako jasangarritasuna eta mantentze-lanek green economy izenekoan betetzen duten rola; metabertsoa eta biki digitalak; mantentze-lanekin lotutako robotika eta 5.0 mantentzea, besteak beste.

Topaketa Easyfairs-ek eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute.

 

PUMPS&VALVES, esperientzia eta ezagutza oinarritzat hartuta, ponpa eta balbulen industria bultzatzen duen hitzordua

PUMPS&VALVES, Industria Prozesuetarako Ponpen, Balbulen eta Ekipamenduko Sistemen Nazioarteko Azoka, sektoreko banatzaileek eta fabrikatzaileek hitzorduaren bosgarren edizio honetan beren punta-puntako teknologiak eta berritasunak erakutsiko dituzten gune espezializatua izango da.

Erakusketarien eremuan parte hartuko duten enpresen artean, batez ere, honako hauek fabrikatzen eta banatzen dituztenak topatuko ditugu: prozesamendu-ekipoak, ponpa industrialak, kontrol-balbulak eta balbulak, iragazte-ekipoak eta neurketarako, probetarako eta kontrolerako teknologia eta ekipamendua.

Topaketa Easyfairs-ek eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute.

 

SUBCONTRATACIÓN, ETE azpikontratistentzako erreferentziazko foroa

SUBCONTRATACIÓNen 21. edizioak fabrikazio-prozesuetan zehar egindako ibilbide osoa eskainiko du. Azpikontratazio industrialeko prozesu oinarrizkoenak eta teknologia aurreratuenak, fabrikazioko prozesu osoak, eta ekipo eta hornidurak bilduko dira bertan. Azokaren erakusketa eremua enpresek, merkataritza-ganberek eta sektoreko elkarte nagusiek osatuko dute, eta partaidetzak elkartuta iritsiko dira hitzordura.

Guztiek osatuko dute Azpikontratazio Industrialeko Europako Topaketa, hitzartutako B2B elkarrizketen herrialdeko programa nagusietako bat. Aurtengoa, gainera, hogeigarren edizioa izango da. Zalantzarik gabe, herrialdeko industria azpikontratistan aliatu gisa lanean 40 urte eman ostean pilatutako ibilbide horretan mugarria izango da. Topaketako lehen jardunaldian, azpikontratazioko enpresek hartuko dute parte oro har. Aldiz, bigarrenean automobilgintzako, energia berriztagarrietako eta mundu plastikoko ordezkariak izango dira. Ekainaren 8an, azken egunean, fabrikazio aditiboa, defentsa eta aeronatuka sektoreak izango dira protagonistak.

Topaketa Bartzelonako Merkataritza Ganberak antolatzen du, Bilboko Ganberarekin eta BECekin batera, Espainiako merkataritza-ganberen laguntzarekin. Aurten, topaketan, herrialde askotako ehun erosle handi inguru bilduko dira: Frantzia, Italia, Maroko, Txekiar Errepublika, Alemania, Eslovenia, Finlandia, Holanda, Portugal, Suedia, Suitza, Tunisia edo Espainia.

SUBCONTRATACIÓN 2023 azoka Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du.

 

INDUSTRIA ARLOKO HORNIDUREK ETA BURDINDEGIEK indar handia izango dute 2023KO +INDUSTRY AZOKAN

Hornidura eta burdindegi industriala oinarri dituen +INDUSTRY 2023 azokaren erakusketako guneak honako hauekin lotutako berritasunak eskainiko ditu: burdindegia eta finkagailuak, mozte-tresnak, industriarako eta elektrizitaterako hornidurak eta esku-erremintak eta erreminta elektro eramangarriak.

Industriarako interes handiko topaketa izango da. Sektore hauetako profesionalak izango dira bertan: industriarako hornigaiak; erosketa-taldeak eta -zentralak; kooperatibak; txikizkako burdindegiak; eta brikolajeko saltoki handiak. Halaber, honako hauek ere erakarriko ditu hitzorduak: industria handietako profesionalak; mantentze-lanetako, kalitateko eta ekoizpeneko zuzendari teknikoak eta arduradunak; azken erabiltzaileak; gremioak; eta instalatzaileak.

Topaketa Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du.

 

WORKinn Talent Hub, erreferentziazko enplegu industrialaren foroa

Talentua identifikatzea eta enpresei profilik kualifikatuenak eskaintzea da WORKinn Talent Hub foroaren helburu nagusietako bat. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta ehun enplegu-eskaintza baino gehiagorekin itzuliko da. Foroa lehen aldiz egingo da pabilioian, eta ekainaren 7 eta 8an, +INDUSTRYren baitan, industria arloko talentuaren eremu integrala eskainiko du aktiboan dauden eta ezaugarri hauek betetzen dituzten profesionalei zuzenduta: laneko baldintzak hobetu nahi dituztenak, langabezia-egoeran daudenak, azken ikasturte akademikoan dauden ikasleak edo graduatu berri direnak.

Horri esker, WORKinn Talent Hub enpresen, unibertsitateen, lanbide-heziketako zentroen, hautaketa-enpresen, ABLE-en, garapeneko eta enpleguko agentzien, ikasleen eta langileen arteko topagune estrategiko bihurtuko da.

AFM Cluster for Advanced Manufacturingek eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute WORKinn Talent Hub, eta Eusko Jaurlaritzaren, Lanbideren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren babesletza du.

-ek idatzirik|2023-05-30T12:46:16+02:0030 de maiatza de 2023|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top