Maintenanceren zazpigarren edizioa 2027ko otsailaren 23tik 25era bitarte egingo da Bilbao Exhibition Centren. Mantentze industrialari buruzko ekitaldi monografiko bakarra da estatuan eta, hala izanik, merkatua denbora errealean esploratu eta negozio-aukera berriak identifikatzeko bereziki mesedegarriak diren datetan egingo da. Horretarako, hitzorduak oso formatu dinamikoa eta berrikuntzarekin lotuta dagoena izango du. Gainera, erakusketa-eremua eta produktua aurkeztekoa kongresu atalarekin eta networkingarekin bateratuko ditu.
Erakusketarien eremuan, mantentze industrialeko balio-kateko hainbat mailatako enpresa hornitzaileek hartuko dute parte. Honako hauek izango dira, batez ere, ordezkaritza izango duten sektoreak: mantentzea eta lubrifikazioa; mantentze-teknologiak eta zerbitzu industrialak; neurketa, ebaluazioa eta kontrola; software arloko soluzioak; ingurumen-zerbitzuak; aktiboen eta zerbitzuen kudeaketa (Asset management); instalazio eta zerbitzuen kudeaketa (Facility management); eta ingeniaritzak eta aholkularitza-enpresak.
Halaber, nazioarteko alderdia ekitaldiaren balio bereizgarri nagusietako bat da. Azken edizioan, besteak beste, Frantzia, Alemania, AEB, Erresuma Batua, Kanada, Suedia eta Suitzako enpresak aritu ziren erakusketari Maintenancen. Hartara, ezagutza, esperientziak eta negozio-aukerak mundu-mailan trukatzeko topagune-zeregina indartu zuen.
Aktiboen mantentzean teknologia aurreratuak txertatzea faktore giltzarri bihurtu da ekipoen fidagarritasuna hobetzeko, prozesuak optimizatzeko eta planifikatu gabeko geldialdiak murrizteko. Sektorearen erronka eta aukera nagusietan sakontzeko helburuarekin, Maintenancek edukien programa osoa eskainiko du, ezagutza espezializatua, benetako esperientziak eta merkatuko irtenbiderik berritzaileenak konbinatuko dituena.
Proposamenen artean, Innovation Workshop tailerrak nabarmenduko dira. Zehazki, erakusketari eta babesle arituko diren enpresek azken berrikuntza teknologikoak, kasu praktikoak eta sektorearen erronka nagusiei erantzuteko irtenbideak aurkeztuko dituzte.
Kongresuari dagokienez, enpresa industrial ezagunetako eta ospe handiko ikerketa-zentroetako hizlari nazionalek eta nazioartekoek sektoreko erronka nagusietan sakonduko dute eta arrakasta-kasurik onenak azalduko dituzte. Xede horrekin, programan gai giltzarriak jorratuko dira: aktibo industrialen erresilientzia eta jasangarritasuna; datu industrialen plataformak, aktiboen adimenerako eta AArako; eta nolako inpaktua daukaten lengoaia-eredu handiek (LLMs), AA agentekoek eta aktibo autonomoek mantentze-estrategien bilakaeran.
Maintenance 2027 +INDUSTRYren barruan egingo da, herrialdeko smart manufacturing arloko plataformarik handienean. Bertan, zazpi azoka industrial osagarri bilduko dira ingurune berean: AdditƐD, BeDIGITAL, Maintenance, Pumps & Valves, Subcontratación eta weAR, WORKinn Talent Hubekin batera. Elkarrekin antolatzeak fabrikazio aurreratuaren balio-kate osoaren arteko loturak indartzea ahalbidetuko du.
Azoka +INDUSTRYren barruan antolatzeak erabakiak hartzeko gaitasuna duten profesionalak erakarriko ditu funtsezko sektoreetatik, hala nola automobilgintza, defentsa, elikagaiak eta edariak, aeronautika eta aeroespaziala, energia, ekipo-ondasunak, siderurgia, kimika eta petrokimika, trengintza eta beste hainbat arlotatik.
+INDUSTRY nazioarteko ekimena izatea haren nortasunaren bereizgarrietako bat da, erakusketari diharduten enpresen artean eta bisitarien artean nazioartetik etorritakoak ere egoten dira eta. Azken edizioan, 2025ean, +INDUSTRYk 47 herrialdetatik iritsitako 12.120 profesional bildu zituen. Nazioarteko merkatuei dagokienez, ordezkaritza handiena izan zuten herrialdeak honako hauek izan ziren: Frantzia, Italia, Alemania, Portugal, Erresuma Batua, Herbehereak, Belgika, Maroko, Txina, Taiwan eta Hego Korea.
Maintenance Easyfairsek eta Bilbao Exhibition Centrek antolatzen dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta SPRI – Eusko Jaurlaritzaren babesa du kide instituzional gisa.
Iruzkin bat utzi