Retro Clásica Bilbao-k XI. edizioa hasiko du bere Motorshow klasikoa berreskuratuz

  • Espainiako iparraldeko azoka ezagunena zaletuen topagune bihurtuko da beste behin.
  • Klasikoen aparkalekuak azken edizioan aplikatutako eredu arrakastatsua errepikatuko du eta, horri esker, ahalik eta ibilgailu kopuru handienari egingo dio tokia.
  • Ekitaldiarekin batera egiten den Motorshow egingo da berriro ere, une hartan indarrean zeuden murrizketak zirela eta, azken edizioan bertan behera geratu zena.

Retro Clásica Bilbao-k desiratutako itzulera egingo du BECeko instalazioetara eta hauxe izango da bere hamaikagarren edizioa. Azaroaren 11tik (ostirala) 13ra (igandea) arte egingo da eta, aurten, ekitaldiarekin batera egiten den Motorshow tradizionala jasoko du berriro ere.

Omenaldien eta erakusketa berezien egitarau anitzari eta osoari esker, antolaketa taldeak espero du milaka zale bertaratzea Espainiako iparraldetik bai eta Frantziako hegoaldetik etorriak ere, ohikoa den bezala.

Azokako hamaikagarren edizio honetako ezinbesteko edukien artean, oraingoan protagonismo berezia izango du Torre Loizaga Museoak, Rolls Royce ibilgailuen mundu osoko bilduma pribatu handienetako bat jasotzen eta Retro Clásica Bilbao-rekin duen hitzorduarekin beti bat egiten duenak. Oraingoan, bere standean Miguel de la Vía bilduma bikainak jasotzen dituen autoetako batzuk miresteko aukera egongo da. Aurtengoan, hiru Rolls Royce ibilgailu bikain izango dira (1955eko Silver Dawn, 1961eko Silver Cloud II eta 1970eko Silver Shadow Coupé), baita 1934ko Bentley 3.5 Saloon zoragarri bat ere.

Aurtengo edizioko beste stand izarretako bat izango da, zalantzarik gabe, 50 urte bete dituen R5 autoari eskainitakoa. Horregatik, Club Clásicos Renault 3, 4, 5, 6, 7 taldearekin elkarlanean, Frantziako etxe hori maite dutenek Frantziako ibilgailu utilitario horren bertsio ugariak erakusgai egongo diren espazioaz gozatzeko aukera izango dute: 950 TL bat, R5 Turbo 2 bat, TS, TX, GT Turbo modeloak eta abar.

Plentzia Classic klubak Honda motozikleten markari eskainitako monografikoa eskainiko die bisitariei. Bere espazioan, “errepideko” zein “off-road”eko unitateak egongo dira ikusgai eta, horien artean, haien originaltasuna edo bitxitasuna dela eta, honako hauek nabarmendu behar dira: crosseko CR 125 Elsinore “agua”, trialeko TLR 200,  PF50 ziklomotorra edo C110 bat.

Euskadiko Berebil Klasikoa elkartearen standak oso pieza berezia izango du barruan. Mundu mailan fabrikatutako Bristol 402 modeloaren 26 unitateetako bat, joan den mendearen erdialdean saldu eta Bilbon matrikulatu zutena, da. 70 urte baino gehiago ditu eta, denboraren eragin nabarmenak jasan ondoren, Britainia Handiko ibilgailua osorik zaharberritu dute eta jabe berriak azokan aurkeztuko du.

Bestalde, Clásicos del Este klubak omenaldia egingo dio markaren entseina nagusia izan denari, Lada Nivari, 45. urteurrena ospatuz. Horretarako, modeloak izan dituen aldakuntzen katalogo txiki bat erakutsiko dute: hiru atekoarena, 2022ko Dakarrean parte hartu zuena; eta mendebaldeko Europan oso mugatuta egon zen unitateko 5 ateko beste bat.

Gainera, beste modelo batzuk ere ikusgai egongo dira bere standean: 1979ko VOLGA bat, Belgikatik iritsitakoa, KGB erakundearen eta aro sobietarraren enblematikoa; 1983ko Skoda 120 bat, gorria eta oso gutxi ikusitakoa, txekiar herriaren autoa ere deitu izan zaiona; eta beste Skoda bat, 1989ko Forman bat, markak Volkswagen Taldearekin hitzartutako aliantzaren aldeko apustua egiteko baliatu zuen serieko lehen modeloa.

Erakusketa osatzeko, honako auto hauek ere ikusgai izango dira: Lada 2101 eta 2102, sedan eta automobil familiarraren bertsioetan, Lada 2106 bat eta Lada etxeko beste modelo batzuk: 2104 bertsio familiarra, 2105 oinarrizko bertsioa eta Mercedes errusiarra deitzen ziotena, 2107 modeloa. Amaitzeko, bi Lada Samara egongo dira: oinarrizko unitate bat eta jatorrizko kirol-kita duen beste bat.

Bestalde, Goggomobil talde animatuak azokaren edizio honetan made in Euskadi produktu batzuk aurkeztuko ditu berriro. Bere standean, bestek beste, 350 cc.-ko toldoa duen furgoneta berezi batez gozatu ahal izango dugu, 1964an MUNISAn fabrikatutako serie txikiko ibilgailuetako batez (bizirik irauten duen gutxietako bat da gainera). Goggomobil fabrikatu zuen Beltrán y Casado talde bera arduratu zen aurtengo edizioan ikusgai egongo den eta parekorik ez duen 1954ko Peugeot Movesa TC 125 fabrikatzeaz (duela gutxi zaharberritu dute). Bestalde, Luis Bejaranoren lizentziapean Lutxana-Barakaldoko fabrikan eraikitako NSU Max ahaltsua ere ikusi ahal izango dugu. Ikusgai egongo den beste bitxikeria bat izango da 1964an Honda lizentziaren pean muntatutako C-100 ziklomotor gutxietako bat (huraxe izan zen, gainera, Japoniako marka ez zen fabrikatzaile batek Europan muntatzeko Soichiro Hondak baimena eman zuen lehen aldia).

Eremu horiez eta beste hainbat erakusketaz gain, azokak bere ohiko atalak mantenduko ditu: ordezko piezena, osagarriena, opariena edo zaletuek beren ibilgailuak salgai jarri ahal izateko erreserbatutako gunea: Corral Garage.

 

Motorshow dena emanez itzuliko da

Protagonismo berezia izango du aurten Retro Clásica Bilbao azokara itzuliko den Motorshow-k. Azken edizioko murrizketak zirela eta antolatu ezin izan ondoren, BECeko 1. Pabiloian bi egunez egongo da ikusgai penintsulako iparraldeko kirol-automobil klasikoen indoorreko ikuskizunik handiena. Bertan, erlojuaren kontrako lasterketak, drift-ak, jazarpenak eta abar egongo dira. Kirol arloaren antolaketaz, beste behin, Usansoloko Racing Taldea eskuderia arduratuko da eta ekimena berriro ere gure artean izango dela ospatzeko asmoz gidari entzutetsuak bilduko direla baieztatu du.

Hala, ekimenean izango da Joseba Iraola, Espainiako mendiko txapelketa bi aldiz irabazi duena eta Europako txapelketan automobilismoko euskal selekzioko kidea dena. Bestalde, bertan izango dira Txus Jaio auto-gidari geldiezina eta Xabier Lujua bere Hyundai R5 bikainarekin. Gainera, bertan bilduko dira Drifteko Espainiako Txapelketako hainbat partaide, tartean Aitor Galan, AM 2017 kategoriako irabazlea. Horrekin lotuta, noski, nabarmendu beharrekoa da bertan izango ditugula emakumezko bi auto-gidari bikain: Maddalen Toledo eta Yaiza Hermosilla, AM kategorian Drifteko Espainiako txapelduna gaur egun. Zerrenda osatzeko, rallyen eta mendi-igoeren euskal txapelketako auto-gidari eta Kantabriatik eta Asturiasetik iritsitako partaide ugari bilduko dira. Kartcross kategorian, bestalde, Ioritz Zallo gaztea izango dugu eta txanda baten eta hurrengoaren artean, kartingeko hainbat gidarik zer egiten dakiten erakutsiko digute.

 

Klasikoen aparkalekua eta aldez aurreko salmenta

Klasikoen aparkalekua da, zalantzarik gabe, Retro Clásica Bilbao azokaren gune erakargarrienetako bat. Bertan bildu ohi dira beren bitxiak garajetik atera eta ekitaldira eramaten dituzten ibilgailu klasikoen ehunka zaletu haien mantentze- edo zaharberritze-lanen sekretuak beste zaletu batzuekin batera partekatzeko asmoz. Matrikula historikoa duen edo 30 urte baino gehiago dituen ibilgailuan joaten direnek aparkaleku hori erabilgarri izango dute eta, gainera, sarreran beherapen berezia (auto bakoitzeko gehienez bi pertsonarentzat baliozkoa) eskuratuko dute.

Uneotan ibilgailu batek historikotzat hartzen da gutxienez 30 urteko antzinatasuna izan behar duen arren, ahalik eta zaletuen kopuru handienaren eskaerara egokitu ahal izateko, antolakuntzak aparkaleku osagarri bat egokituko du azaroaren 12an, larunbatean, 25 eta 30 urte arteko ibilgailuetarako.

Bi aparkalekuetarako sarrerak (7 €/pertsona) eta sarrera orokorra (10€/pertsona) ekitaldiaren webgune ofizialean daude eskuragarri (www.eventosmotor.com) baita ekitaldia egiten den bitartean txartel-leihatilan ere. Dena den, online erostea gomendatzen da, beharrezkoak ez diren pilaketak saihesteko. 10 urtera arteko umeak doan sartu daitezke.

Erakusketaren ordutegia honako hau izango da: ostiralean, hilaren 11n, 16:00etatik 20:00etara. Larunbatean, hilaren 12an, 10:00etatik 20:00etara, eta azken egunean, hilaren 13an, 10:00etatik 20:00etara.

-ek idatzirik|2022-11-09T12:48:45+01:009 de azaroa de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top