Sektoreen arteko lankidetza izan da World Maritime Week asteko hiru jardunaldien protagonista

Azoka Bilbao Exhibition Centre esparruan garatu da urriaren 5etik 7ra

 

World Maritime Week-eko sektore parte hartzaileen (ontzigintza, arrantza, portuak, oil&gas eta itsas energia berriztagarriak) arteko lankidetza funtsezkoa izan da azokak iraun duen hiru jardunaldietan zehar. Guztira 1024 aditu parte hartu dute hitzordu honen jardunaldi nagusietan, hala nola kongresuan, erakusketa eremuan edo networking edo B2B programan. Honela, urriaren 5etik 7ra bitartean, Bilbao Exhibition Centre-n aurkeztu dira ekonomia urdina edo itsasoko industrien ekonomia delakoaren azken aurrerapen teknologikoak eta negozio aukera berriak.

Hain zuzen ere, World Maritime Week azokaren inaugurazioan zehar, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak, Arantxa Tapiak, jardunaldi hauen garrantzia azpimarratu zuen, bertan biltzen baitira “errealitate oso desberdinak dituzten baina lekuko eta jarduera ekonomikorako potentzial gisa jarduten duen itsasoa bezalako elementu preziatua eta maitatua partekatzen duten sektoreak”. Era berean, sailburuak gogorarazi zuen: “ekonomiaren suspertze eta berraktibatze fase honetan, gogo askorekin gatoz eta gure enpresa ehunari aukera asko eta asko eskaintzen dioten hitzordu hauek berreskuratzeko beharrarekin ere”.

Bere aldetik, Espainiako Itsas Klusterraren presidenteak, Alejandro Aznarrek, “kongresuen aldi bereko antolaketari esker ekonomia urdinaren arlo guztiak bateratzeko” beharra aipatu zuen. Halaber, sektoreak Espainian duen garrantzia gogorarazi zuen ere Aznarrek: “Itsas sektorea da, zalantzarik gabe, garrantzitsuenetako bat, eta bultzada eragin nabarmena eta zuzeneko eragina du ekoizpenean. Espainian, sektore honen BEGd-a 32.700 milioi eurotik gorakoa da, guztizko nazionalaren % 3, eta 945.000 pertsona ingururi ematen die lana, ia herrialdeko enplegu osoaren % 5. Europan, BEGd-aren % 15 eta enpleguaren %19 sortzen ditu. Zifra hauek bakarrik kontuan hartuta, erraz asko ulertzen da itsas baliabideez elikatzen diren jarduera ekonomikoak motor ekonomikoa direla Espainia osoarentzat”.

Erakusketa eremuan, Luxua aretoan, 90 enpresa erakusketari egon dira, besteak beste ospe handiko Zamakona, Balenciaga, Murueta, Navantia, Gondán edo PYMAR ontziolak eta azokako gainerako sektoreetako enpresa liderrak. Kongresuen atalean, lehen mailako ehun bat adituk beren ikuspegia azaltzeko aukera izan zuten, ezaguera trukeak iraun zituen 85 orduetan zehar. Honela, Sinaval programan, berotegi efektuko gasen isurpenen erregulazioa edo diseinu berriek itsas ugaztunetan duten inpaktua bezalako gaiak jorratu ziren. Gainera, kongresu horren barruan, hiru mahai inguru antolatu ziren deskarbonizazioaren, zibersegurtasunaren edo estatu-ontzien digitalaren moduko gaiak eztabaidatzeko.

Eurofishing ekitaldiaren hitzaldiak arrantza ontzien digitalizazioan eta efizientzian eta sektoreak Euskadin bizi duen egoeran jarri zuen arreta. Lehenengo blokean sakonki aztertu ziren arrantza flotaren digitalizazioa edo arrantza sektorearen energia eraginkortasunerako soluzioak, besteak beste. Euskadiko egoerari dagokionez, pandemiekin eta erakunde eskudunen ekarpenarekin lotutako gaiak aipatu ziren, sektoreak gizarteari egiten dion ekarpenarekin eta sektorearen etorkizuna ziurtatzeko ekintzekin batera, besteak beste.

FuturePort atalaren bloke nagusia Green Deal Implications delakoak izan ziren. Bertan, modu xehatuan aztertu ziren Portuko Agintaritzen ikuspegia, itsas sektorerako karbono aztarna txikiko erregaiak, lurreko energia hornidura edo portuen eta portuetako terminalen elektrifikazioa. Eztabaida sortu zen ere gai hauen inguruan: praktikara eramandako digitalizazioa, etorkizuneko portuak garatzeko teknologiak eta portuen digitalizazioa eta automatizazioa bultzatzeko berrikuntza irekia.

Bere aldetik, Ocean Energy Conference konferentziak lehenengoz bat egin zuen World Maritime Week azokarekin, 2005az geroztik antolatu diren itsas energia berriztagarrien inguruko jardunaldi tradizionalen lekukoa hartuz. Bertan jorratu ziren energia hauen garapenean laguntzeko estrategiak, garapen bidean dagoen sektore bat finantzatzeko aukerak eta olatuen energia modu efizientean ustiatzeko teknologiak garatzen ari diren lehen mailako enpresen esperientzia espezifikoak. Azkenik, Oil&Gas Conference kongresuan, energia ingurunearen analisi eta ikuspegiekin lotutako alderdiak, eraldaketa energetikoa eta petrolioaren eta gasaren industria jorratu ziren, oil&gas sektorearen trantsizio energetikorako soluzioekin eta itsaspeko energiaren trantsizioarekin batera.

Erosleen atalari dagokionez, Mexiko, Kolonbia, Turkia eta Kroaziaren parte hartzea nabarmendu beharra dago, estatu barruko ordezkaritza interesgarriaz gain. Negozioa egiteko modurik onenak face to face eta networking-a direnez, B2B topaketak berriro ere izan ziren harrera onena izan zuten guneetako bat. Parte hartzaileek azpimarratu zuten topaketa hauek sektoreak Espainian bizi duen egoera hobe ezagutzeko baliagarriak direla. Gainera, kasu batzuetan ekitaldiaren formatua hibridoa izan da B2B tapaketetan eta hitzaldietan atzerriko erosleekin.

Aldi berean, agenda sozialak hitzordu honen elementu aglutinatzaile gisa jardun du. Deialdi aipagarrien artean, astearte gauean FINE 2021 Sariak banatu ziren. Sari hauekin itsas sektoreko profesionalen lana goraipatu zen, bederatzi kategoriatan: Ontzi nabarmenaren kategoria (Hodor), Ontziola nabarmenaren kategoria (Zamakona), Armadore nabarmenaren kategoria (Remolques Unidos Santander), Itsas Energia Proiektu nabarmenaren kategoria (T-BOW de ingeniería Cintranaval), Profesional nabarmenaren kategoria (Álvaro Platero Díaz), Erakunde nabarmenaren kategoria (Guardia Zibilaren Itsas Zerbitzua), Arrantza Sektorearen kategoria (Nueva Pescanova), Portuen Sektoreko Aparteko Saria (Algeciraseko Portua) eta Ohorezko Saria (Iñaki Latxaga, Albacorakoa).

-ek idatzirik|2021-10-08T14:21:09+02:008 de urria de 2021|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top