Steel Tech-en lehenengo edizioa urriaren 19tik 21era egingo da Bilbao Exhibition Centre-n

Steel Tech, Congress & Expo urriaren 19tik 21era egingo da Bilbao Exhibition Centre-n, eta altzairuaren sektorean Europako hegoaldeko nazioarteko erreferentzia izango den topagune izatea du helburu. Altzairuaren industriako balio-kate osoan izandako aurrerapen teknologikoak eta berrikuntza teknologikoa izango dira azokaren lehen edizioko protagonista nagusiak. Urriaren 19an, asteartea, 09:15etik 09:50era izango da inaugurazio ofiziala, Industriako sailburuorde Mikel Amundarainen eskutik.

Ekitaldiko egitaraua burdingintzaren sektoreko berrikuntzara eta teknologiara dago zuzenduta, eta bi saiotan banatuko da egun bakoitzean: goizeko saioa eta arratsaldekoa. Guztira, hogei bat hitzaldi egongo dira. Haiek gonbidatuaren aurkezpen labur batekin hasiko dira, eta eztabaidara irekitako mahai-inguru batekin bukatuko dira. Azken horietan, sektoreko cluster nagusiek eta enpresek hartuko dute parte, eta hitzaldietako ondorio aipagarrienak eztabaidatuko dira.

Burdingintzaren erronka eta joera handiei heltzeko asmoz, ibilbide bikaina izan duten adituek hartuko dute parte, hala nola Hans-Willi Raedt, Prosimalys-eko zuzendari nagusia, zeinak produktu forjatuak garatzeko erabiltzen diren altzairu-teknologien inguruko egungo joerei buruzko hitzaldi batekin emango baitio hasiera topaketari. Haren ondoren, punta-puntako enpresen ordezkariek (esaterako, Gestamp, Thielmann, Windar Renovables, CENIM eta Tubacex) Steel Tech-en lehenengo jardunaldiko saioetan parte hartuko dute. Besteak beste, hidrogenoak altzairuan dituen ondorioak, altzairu berrien garraiorako diseinu-arauak eta altzairuaren biltegiratzea izango dira hizpide biltzarraren lehenengo egunean. Lehenengo egun horrek ikuspegi estrategikoa eskainiko du altzairuak sektore erabiltzaile estrategikoetan (adibidez, eraikuntza, trenbidea, automobilgintza eta energia) dituen soluzio eta aplikazioei buruz. Mahai-inguruei dagokienez, elkarte eta klusterren presidenteek (hala nola Basque Energy Cluster, Eraikune, Mafex eta Acicae) eta enpresen ordezkariek (adibidez, Vicinay Marine Innovación eta Enagas) hartuko dute parte haietan.

Bigarren egunean, urriak 20, «etorkizuneko altzairua eta erronkak» gaia landuko da. Hitzaldietan, trantsizio digital eta jasangarri bikoitzak (gauzak adimendun bihurtzea, adimen artifiziala eta ekonomia zirkularra –txatarren balorizazioa, birziklapena eta kudeaketa– eta zibersegurtasuna) dakartzan erronkak aztertuko dira. Bigarren eguneko egitarauari hasiera emateko, Carlos Albak hitz egingo du, ArcelorMittal-eko Global R&D- Chief Digital Officer. Carlos Alba ingeniari informatikoa eta adimen artifizialaren garapenean eta hark jarduera siderurgikoan dituen aplikazioetan aditua da, eta enpresaren digitalizazioari eta arrakasta-kasuei buruz hitz egingo du. Idom, Danieli, Celsa Group, Sarralle, Tenova, Sidenor eta beste enpresa batzuen ordezkariek hartuko dute parte paneletan.

STEEL TECH-en erakusketa-eremuan, sektore siderurgikoko balio-katea osatzen duten maila guztietako hornikuntza-enpresek hartuko dute parte. Enpresa horiek kalitate handiko erakusketa-eremu bat izango dute beren produktu eta zerbitzuak ezagutarazi ahal izateko. Enpresa horien artean, hauek nabarmentzen dira: Idom, Sarralle, Hidroambiente – Elecnor, Harsco Environmental, GH Cranes & Components, Tata Steel Layde, Jaso Industrial Cranes, GHI Smart Furnaces, Bonak Coil Processing Lines S.L eta AMV Soluciones. Batez ere negozio-arlo hauek izango dira bertan: altzairugintza, hotzeko eta beroko altzairu-eraldatzaileak, makineriaren, ekipamenduaren, osagarrien, ordezkoen eta lehengaien fabrikatzaileak eta banatzaileak, zerbitzu-zentroak, zentro teknologikoak eta beste zerbitzu batzuk (adibidez, hondakinen kudeatzaileak, garabiak eta makinen garbiketa).

Steel Tech-ek leku berean konbinatuko ditu biltzar-eremua, erakusketa-gunea eta networking eremua. Azken horretan B2B topaketak egingo dira; hau da, aurretik adostutako bilerak egingo dituzte erakusketariek, babesleak eta hainbat herrialdetako nazioarteko VIP gonbidatuek (hala nola Ekuador, India, Pakistan, Oman eta Maroko). Horietako ia bilera guztiak modu presentzialean izango dira.

Halaber, hilaren 20ko gauean, Gala Dinner bat egingo da, eta biltzarkideak, hizlariak, babesleak, erakusketariak eta bisitariak izango dira bertan. Afari horretan, Steel Tech Awards sariak banatuko dira. Sariek bi kategoria dituzte. Kategoria batek burdingintza sektorea sustatzen lagundu duen erakunde baten lana goraipatuko du, eta besteak sektoreko espezialista beten ibilbide profesionala.

Bilbao Exhibition Centre-k eta Siderex-ek (Siderurgia Cluster Elkartea) antolatu dute Steel Tech ekitaldia. SPRI du bazkide instituzionala, UNESID- Burdingintza Enpresen Elkartearen laguntza, eta babesle hauek: IDOM (platinozkoa), Sarralle (urrezkoa) eta Olarra, Tecnalia, Metalia eta Harsco (zilarrezkoak).

-ek idatzirik|2021-10-18T16:07:54+02:0018 de urria de 2021|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top