Streaminga eta zibersegurtasuna, Euskal Encounter 27-aren bi apustuak

  • Euskal partyak Stream IT izango du lelotzat eta zuzeneko programak streaming bidez igortzeak dakartzan negozio eta komunikazio aukera berriak izango ditu aztergai.
  • Zibersegurtasuna topaketa informatikoaren apustuetako bat izango da. Publikoari irekia eta doakoa den Opengunek teknologia berrien arriskuak ekiditeko eta erabilera egokia bermatzeko hitzaldiak eta tailerrak eskainiko ditu, Zibersegurtasun Euskal Zentroaren (BCSC) eskutik.
  • Opengunek jarduera eskaintza zabala eskainiko du: nazioarteko marka ospetsuen standak, prestakuntza tailerrak eta hitzaldiak, nahiz errealitate birtuala, 3D-inprimagailuak, robotika eta bideo-jokoak erabiltzeko eremuak.
  • Euskaltel Konekta Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, SPRIren bitartez. Euskaltelek segundoko 60 gigabiteko Interneterako konexioa eskaintzen du, topaketa hau munduko ekimen azkarrenen artean kokatuz.

Aurtengo Euskal Encounterrek protagonismoa emango dio ikus-entzunezko edukien kontsumoa goitik behera aldatzen ari den streamingari. Uztailaren 25etik 28ra Barakaldoko BEC-en burutuko den topaketak gai ugari jorratuko dituen arren eskainiko dituen prestakuntza saioetan, streamingari buruzko edukiek leku garrantzitsua izango dute aurten. Izan ere, gero eta gehiago hazten ari den erreminta honen bitartez, Internetetik zuzenean igorri daitezke ikus-entzunezko edukiak eta honek negozio aukera handiak sortzen ditu. Era berean, zibersegurtasuna ere jorratuko da, eta teknologia berrien arriskuak ekiditeko eta erabilera egokia bermatzeko hitzaldiak eta tailerrak emango dira Opengunen.

Aurtengo leloak, Stream IT, garbi uzten du antolatzaileen helburu nagusietako bat: streaming bidezko transmisioek sortzen dituzten aukera berrietan sakontzeko nahia. Izan ere, bideo-jokoen partiden eta eSportsen txapelketen zabalpenean liderra den Twitch plataformak 15 milioi ikusle ditu egunero, 2017ko datuen arabera, eta kopuru hori hazten doa etengabe, duela urte batzuk pentsaezinak ziren negozio aukerak sortuz. 2017an, plataforma honek 27.000 streamer zituen bazkide (bideo-joko batera jolastu edo joko bat komentatzen eta zuzenean igortzen duten pertsonak) eta 150.000 streamer afiliatu, plataforma honetan dirua irabazten duten pertsonen kopurua %223 igotzea ahalbidetu duen merkatu-nitxo berria.

Komunikazio bide honi esker, internautek Twitch bidez jarraitu ahalko dute partya, baita edizio honetako proposamen erakargarrienez gozatzeko aukera izan ere. Proposamen horien artean egongo da Euskal Encounterretik igorriko den eta bideo-jokoen gaurkotasuna aztertuko duen GameguneTV programaren edizio berria, baita Omnis Clubak antolatutako eta Estatuko streamer onenak publikoaren bozketa bidez sarituko dituen Omniscon sari-banaketa ere. Gainera, Euskal Encounterrek Podcast Gune izeneko eremu berria izango du aurten, irratsaioak zuzenean grabatu eta ondoren streaming bidez entzun ahal izateko Euskadigital plataformaren bitartez.

Zibersegurtasunari dagokionez, doako tailerren eta hitzaldien bitartez jorratuko da gai hori: Spri Enpresa Digitalak, Zibersegurtasun Euskal Zentroaren (BCSC) eskutik, teknologia berrien erabilera egokia bermatzeko jarraibideak eskainiko ditu, eta Opengunen emango diren hitzaldiek arriskuak nola ekidin azalduko dute.

Inoiz baino eskaintza zabalagoa Opengunen

Ostegunetik larunbatera publikoari irekia egongo den espazioa, Opengune, inoiz baino jarduera erakargarri gehiago eskainiko ditu. Prestakuntza tailerrez eta hitzaldiez gain, bertaratzen diren bisitariek errealitate birtualean murgiltzeko aukera izango dute, baita robotikarekin, bideo-jokoekin eta 3D-inprimagailuekin esperimentatzeko eta jolasteko aukera izan ere. Marka ospetsuek euren nobedadeak aurkeztuko dituzte, Nintendo, Razer edo Thermaltake, besteak beste.

Opengunek gonbidatu famatu berria izango du aurten: Nate Gentile, Estatuko modding (ordenagailuen eraldaketa eta pertsonalizatzea) aditu handiena eta 454.000 jarraitzaile dituen youtuberra. 42 milioi aldiz ikusi dira Nate Gentileren bideoak Youtuben. Gentilek zuzeneko saioa egingo du hardware gunetik eta nitrogeno likidoarekin ordenagailua nola hoztu azalduko du tailer batean, beste sorpresen artean.

Euskaltel Konekta Fundazioak antolatzen du Euskal Encounter, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin, SPRIren bitartez. Gainera, Euskaltelen teknologiari esker, topaketak segundoko 60 gigabiteko Interneterako konexioa eskainiko du. Abiadura horrek munduko ekimen azkarrenen artean kokatzen du Euskal Encounter.

-ek idatzirik|2019-07-22T14:49:19+02:0022 de uztaila de 2019|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top