2025eko ekainaren 3tik 5era bitartean egingo da, +INDUSTRY azokaren baitan

Erronka industrialak negozio-aukera bihurtuko dira enpresa txiki eta ertainentzat 2025eko Subcontratación azokan, azpikontratazioari buruz Estatuan egiten den ekitaldi monografiko bakarrean. Bilbao Exhibition Centren egingo da, ekainaren 3tik 5era, smart manufacturing arloko topagune nagusietakoa den +INDUSTRYren baitan.

Ekitaldiak, gainera, bi gune azpimarragarri izango ditu. Erakusketa eremuan, fabrikazio-prozesu funtsezkoenetatik teknologia aurreratuenetara arteko produktu eta zerbitzuak egongo dira. Horrez gain, 22. edizio honetatik aurrera, azokak hornikuntza industrialen sektorea ere jasoko du. Eta bestetik, XXI. Azpikontratazio Industrialaren Europar Topaketan, erakusketariek Estatuko eta nazioarteko punta-puntako erosleekin B2B elkarrizketak egiteko aukera izango dute.

Negozio-foro horrek 1.000 bilera inguru jaso zituen aurreko edizioan eta Bartzelonako Cambra, CamaraBilbao eta BEC dira antolatzaileak. Urtez urte, gainera, Europako B2B ekimen handiena bihurtzen da eta produktuen eta zerbitzuen eskaintzaren arabera hautatutako erosleekin ad hoc elkarrizketa eraginkorrak bultzatzen ditu. Pertsonalizazio-lan horri esker, Subcontratación fabrikazio aurreratuaren arloko nazioarteko erreferentea da.

Hitzorduaren eskaintza zabalak erosketetako buruak, ekoizpen-, I+G+b eta berrikuntza arloetako zuzendariak, hornidura-arduradunak eta ekoizpen-kateen arduradunak, teknikariak eta ekonomiaren sektore estrategikoetako azken erabiltzaileak erakarriko ditu nagusiki. Sektore estrategiko horien artean, hauek dira nabarmendu beharrekoak: aeronautika, automobilgintza, makinen fabrikatzaileak, trengintza, defentsa, energia, garraioa eta azpiegiturak, siderurgia eta ekipo-ondasunak, besteak beste.

Gero eta globalizatuagoa den ingurunean, produktibitaterako funtsezkoa da azpikontratazio industriala eta, ondorioz, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da. Gaur egun, Espainian, sektoreak sektore tradizionaletako eta aurreratuetako ETE ugari ditu eta horiek, aldi berean, ziurtagiri eta homologazio maila altua dute. ETE horiek enpresa-egitura dinamikoa eta berritzailea osatzen dute (herrialdeko BPG industrialaren % 10 inguru biltzen dute).

Industriaren bilakaerari erantzuna emanez, +INDUSTRY azoka ere hedatzen ari da eta horren helburua izango da fabrikazio aurreratuarekin lotutako sektore guztiak jasotzea. Horregatik guztiagatik, 2025eko azokak automatizazioko eta weAR robotikako azoka berria jasoko du: industria guztietarako zeharkako egitasmoa. Hitzordu berri horrekin batera, + INDUSTRYren ibilbide sektorizatua osatzeko, dagoeneko sendotuta dauden beste ekitaldi batzuk ere egingo dira: AdditƐD, BeDIGITAL, Maintenance eta Pumps & Valves. Gainera, WORKinn enplegu-foroak industrian talentua bilatzeko erronkari erantzuna emango dio beste behin.

Subcontratación Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du eta erakunde mailako partner edo bazkide gisa, SPRI Taldearen (Eusko Jaurlaritza) laguntza jasotzen du.