Umeen Gabonetako Parkeak ateak irekiko ditu larunbat honetan

Umeen Gabonetako Parkea larunbat honetan itzuliko da eta inoiz baino indartsuago. Bertaratzen den jendeak, eta erakunde eta enpresek ilusio handiz jaso dute edizio honen ospakizunaren berri. Alde horretatik, eta beren lanari esker, UGPk normalean baino pabilioi bat gehiago izango du.

UGPren funtsezko sei balioak indartuta etorri dira eta berriz ere erakutsiko dute ikaskuntza eta dibertsioa ez daudela kontrajarrita. Elkartasuna, Zibismoa, Jasangarritasuna, Berdintasuna, Familia eta Bizitza Osasungarria UGPren nortasunaren eta esentziaren parte dira. Horregatik, Gabonetako hitzordu honetan garatuko diren jarduera guztietan egongo dira presente. Gainera, euskara berriz ere zeharkako balioa izango da, eta haren erabilera sustatzeko ekimen ugari izango dira.

UGPren 56. edizioak abenduaren 17tik urtarrilaren 8ra zabalduko ditu ateak, eta inaugurazio-ekitaldian izango da Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua, Elixabete Etxanobe, baita zenbait erakunde, organismo eta enpresa babesletako ordezkariak ere. Ekitaldia larunbatean izango da, abenduaren 17an, 12:00etan.

Edizio berri honek 3 pabiloi hartuko ditu, aurreko edizioetan baino bat gehiago. BECeko 1. pabilioian bizi-estilo aktibo eta osasungarrira bideratutako eta sedentarismoaren aurka egiteko kirol-jarduerak izango dira. Aurreko edizioetan bezala, UGPren 3. pabilioian UGPrekin lankidetzan aritzen diren eta ikasteko formula gisa dibertsioaren aldeko apustua egiten duten erakundeen eta enpresen standak egongo dira. Horien artean daude Bilboko Portuaren Autoritatea, BBK Banku Fundazioa, Bizkaibus, Bizkaiko Foru Aldundia, Energiaren Euskal Erakundea, Garbiker, Eusko Jaurlaritza, DFB Frantziako Tourra edo Interbiak Bizkaia, besteak beste. UGPko aisialdi-eskaintza osatzeko, 5. pabilioian hainbat atrakzio egongo dira, besteak beste: autotxokeak,  zezen mekanikoak, eltzeak, mini-kangurua eta super-kangurua, sorginaren trena, ninja-dortokak, noria, ohe elastikoak eta wipe out.

Gainera, aniztasun funtzionala duten pertsonek Umeen Gabonetako Parkeaz gozatzeko eta bertara sartzeko aukera ahalbidetzeko, Gabonetako hitzorduak zenbait neurri hartu ditu erabiltzailearen esperientzia hobetzeko eta aisialdi irisgarria eskaintzeko. Hala, abenduaren 19tik 22rako arratsaldeetan, 15:00etatik 19:00etara, desgaitasuna egiaztatzen duen txartela aurkeztuta, erabiltzaileak eta haren laguntzaileak lehentasunezko sarbidea izango dute lehiatiletan, hobaridun prezioaz gain, eta pabiloietan soinua eta argiteria egokitu egingo da. Era berean, arretan inplikatutako langileen eta eragileen sentsibilizazioan (espazioak, jarduerak, atrakzioak…) lan egingo du antolakuntzak.

Oro har, parte-hartzaile guztien esperientzia hobetuko duen UGPa izango da. Online ticketing-tresna berria, azokaren azken egunera arte aktibo egongo dena, sarbide-kontroleko irakurgailuak, azkarragoak eta eskaintza eta espazio handiagoa eragin oso positiboa izango duten alderdiak dira.

Haurrei elkartasunaren garrantzia irakasteko, UGPan Bizkaiko Gurutze Gorriaren Gabonetako jostailu-bilketaren kanpaina ere egongo da. Horretarako, 1. pabiloiaren alboan, atrioko informazio-gunean opariak jasotzeko puntua jarriko da urtarrilaren 4ra arte. Elkartasunezko keinu horri esker, Gabon hauek egoera zailean dauden ume askorentzat desberdinak izan daitezke.

 

AISIALDI HEZITZAILEKO PROPOSAMENAK

Beste edizio batez, erakunde, organismo eta enpresek hartuko dute parte UGPan, eta aipatutako sei balio horiek zabaltzeko jarduera eta tailer ugari egingo dituzte. Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia, EEE, Bizkaibus, BBK Banku Federazioa, Bizkaiko Suhiltzaileak, Emakunde, Athletic Fundazioa, Euskadi Fundazioa, Bilbao Basket, Garbiker, Interbiak, Nerbioi Irratia edo Telepizza ere presente egongo dira Umeen Gabonetako Parkearen edizio honetan.

Portu Agintaritzak lagunduko du portuak iraunkortasunaren arloan egiten duen lana ezagutzen, eta, bereziki, Bilboko Portuko itsas flora eta fauna nola zaindu eta zaintzen. Zuzendutako istorio baten eta hainbat jolas-jardueraren bidez, portu baten barruan itsas hondoa nola zaintzen den jakinaraziko zaie parte-hartzaileei.

Bizkaibusek izango duen espazioan, hainbat jarduera ludiko eta hezitzaile garatuko dira, mugikortasun jasangarria sustatze aldera, batez ere haurrak garraio publikoaren erabilerarekin eta ingurumena zaintzeko beharrizanarekin ohitzeko. Eskulanez eta Mugikortasunaren Antzara Jokoaz gain, autobusaren funtzionamendua ere irakatsiko dute.

BBK Fundazioak hiru gune jarriko ditu: “BBK Klima Abentura”; bertan, parte-hartzaileek egurrezko egitura bat pasatu beharko dute zenbait probarekin; “BBK Klima Abentura Hiria Sabaltuz”, planeta eta mundua salbatzen ikasteko entrenamendu-zentroa; eta “BBK Klima Egunero”, bizimodu jasangarria izateko aholku onenak jasoko dituzten bideoak egiteko.

Berdintasuna eta Gizabidea lantzeko, besteak beste, Emakunde eta Gazteak, Haurrak eta Familia arloetako zuzendaritzak izango dira. Sortzaileen espazio interaktiboa izango dute, emakumeek soilik sortutako edukiak edo zientzian eskaintzeko, edo emakumea bera edo zientzian eta teknologian emakumeek duten parte-hartzea erdigunean duten gaiak lantzeko. Halaber, beste jarduera batzuk egingo dira, hala nola ikerketa-jokoak (Nobel Run) eta diseinu digitaleko biniloa sortzeko tailerrak, zibersegurtasunarekin lotutakoak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun saila tabletetan jokatzeko jokoekin itzuli da UGPra, besteak beste, KonEko-V jokoarekin; bertan, Nerek eta Peiok Kontzertu Ekonomikoaren erabilgarritasuna modu atseginean eta dibertigarrian azaltzen dute, baita Euskadiko erakundeen antolaketa ere, eta hori egiteko dirua nondik ateratzen den.

Kirola ere presente dago UGPan, eta ordezkari nagusietako bat Athletic Club Fundazioa da. Zuri-gorriek futbol zelai txiki bat muntatuko dute, haurrek partidak joka ditzaten, eta gainera, giza futbolin bat eta puzgarriak ere egongo dira. UGPak iraun bitartean, Fundazioko standean lehen mailako emakumezko eta gizonezko jokalarien bisitak izango dira. Bestalde, Bilbao Basket Fundazioak lehen taldeko jokalarien bisita izango du, jaurtiketa lehiaketa bat egiteaz gain, non parte-hartzaileak zozketa ezberdinetan sartuko diren.

Horrez gain, lankidetza aktiboarekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun jasangarriko Foru Sailak, txirrindularitzako Euskadi Fundazioarekin batera, lurraldean mugikortasun aktiboaren politikari balioa emateko helburua partekatu du. Eguneroko garraiobide gisa bizikleta erabiltzea sustatzeko estrategia zabalduko dute, baita horren onura osasungarri eta sozialak ere.

EEE- Energiaren Euskal Erakundea-ri esker, haurrek karts elektrikoez gozatzeko aukera izango dute berriz ere eta lehen eskutik probatu ahal izango dituzte energia elektrikoz propultsatutako ibilgailuak; horrez gain, gazteenen artean automobil horien berezitasunak eta abantailak zabaltzeko balioko du ekimenak.

Bizkaiko Foru Aldundia izotz-pista arrakastatsuarekin itzuliko da, eta Frantziako Tourraren azalpen-eremua ere izango du, Bizkaian tourrak izan duen historia azaltzen duten panelekin, baita lehiaketa horretan parte hartu duten kirolari bizkaitarren panelekin ere. Gainera, bizikleta elektrikoak ere probatu ahal izango dira. Pumpstrucks zirkuitu bat, ginkana bat eta jolas-eremua ere egongo dira.

Bizkaiko Suhiltzaileek zirkuitu ezaguna muntatuko dute berriz ere. Umeek suhiltzaile txikiz jantzi eta haien neurrira jarritako entrenamendu-zirkuitua egin ahal izango dute. Suhiltzaile-kamioi batera igotzean zer sentitzen den ere probatuko dute. Garbikerri esker, berriz, parte-hartzaileek berrasmatutako jokoetan parte hartu ahal izango dute, ingurumenaren ikuspegitik, berrerabilera, birziklapena eta kontsumo jasangarria sustatzeko. Gainera, standera hurbiltzen direnek herritarrek sortzen dituzten hondakinak nola tratatzen diren jakin ahal izango dute, eta edukiontzi bakoitzean zer bota behar den ikasi.

Telepizzak jatetxea irekiko du eta puzgarri batekin animatuko du. Bestalde, Nerbioi Irratiak beste urtebetez soinu-banda jarriko du, karaokea, desfileak eta dantzarienentzat txikidiskoteka barne. Dagoeneko tradizioa da UGPan, beraz, Interbiaken ezingo da Olentzero lehiaketa falta. Bizkaiko ehun bat ikastetxetako DBHko lehen zikloko edo Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak aurkeztu dira lehiaketara. Eskulanak egiteko txokoa, koltxoneta elastikoak eta ibilgailu telegidatuak ere izango dituzte.

 

KIROLA, OSO PRESENTE UGP-AN

Kirola eta bizimodu osasungarria oso presente egongo dira UGPan. Hala, urtarrilaren 7an, Gabonetako V. Lasterketa egingo da, gurasoek eta umeek familian lehiatuz goza dezaten. Eremu horretan izango dira Miniatletismoko Gabonetako IV. Torneoko mini-olinpiadak ere, Bizkaiko Atletismo Federazioarekin koordinatuta. Bestalde, Mahai-teniseko Bizkaiko Federazioa ere joango da prestakuntzak, erakustaldiak eta torneoak eskaintzeko. Beisboleko Bateatze Tunela ere izango da UGPan, Beisboleko Bizkaiko Federazioaren eskutik. Gainera, Eskubaloiko eta Saskibaloiko Federazioek beren txapelketak ekarriko dituzte Umeen Gabonetako Parkera.

 

INFORMAZIO PRAKTIKOA

Urtero bezala, BECek bisitarien eskura segurtasuneko eskumuturrekoak jarriko ditu eskuragarri, UGP esparruan dauden bitartean umeen kontrola errazteko. Eskumuturrekoak erabiltzeko eta jasotzeko, 1. pabilioitik gertu dagoen atrioko informazio-gunera joan beharko da.

UPGren ordutegi orokorra 11:00etatik 20:00etara bitartekoa izango da, abenduaren 24 eta 31 eta urtarrilaren 5ean izan ezik (egun horietan 11:00etatik 17:00etara bitartekoa izango da). Jaiegunetan (abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1 eta 6an) itxita egongo da, eta abenduaren 19tik 22ra bitartean, ordutegia 10:00etatik 19:00etara artekoa izango da.

Sarrerak webgune ofizialaren bidez eros daitezke: https://pin.bilbaoexhibitioncentre.com/eu/informazioa/fitxa-teknikoa/

-ek idatzirik|2022-12-13T15:36:50+01:0013 de abendua de 2022|0 Iruzkin

Iruzkin bat utzi

Go to Top