Udazken honetan, Bilbao Exhibition Centre zurezko arkitekturaren eta eraikuntzaren topagune bihurtuko da berriro ere Egurteken hamaikagarren edizioarekin. Urriaren 28an eta 29an izango da. Nazioarteko foroak profesionalak, enpresak eta adituak bilduko ditu BECen, eraikuntza jasangarriagoarekin eta berritzaileagoarekin lotuta zurak material estrategiko gisa izan duen gorakada aztertzeko.

Nazioarteko profil handia izango du kongresuak, eta arkitektura garaikidearen erronka handienetako batzuk jarriko ditu mahai gainean, hasi etxeko eta lurraldeko eskalatik eta konplexutasun tekniko handieneko proiektuetaraino. Gaur egun sektoreak dituen erronka klimatiko, urbano eta sozialei aurre egiteko garaian egurrak gero eta protagonismo handiagoa duela erakutsiko du programak.

Arkitekturaren, hirigintzaren eta ingeniaritzaren arloetako eta hainbat herrialdetako erreferentziazko profesionalek hizlari gisa parte hartuko dutela baieztatu dute dagoeneko. Horiek guztiek jasangarritasunaren, berrikuntzaren eta zuraren erabilera estrukturalaren alde egiten duten apustua dela eta nabarmentzen diren estudio eta enpresak ordezkatuko dituzte. Bertan izango direla baieztatu duten adituen artean, Estatu mailakoez gain, Austria, Frantzia, Txile, Norvegia, Italia edo Txinatik iritsitako hizlari adituak izango dira. Ondorioz, aurtengo edizioak maila goreneko ezagutza-trukea indartuko du beste behin.

Programak, gainera, Euskadirekin lotura handia duten eta arkitektura eta eraikuntza inguruneko garapenean egindako ekarpena dela eta erreferenteak diren bi profesionalei toki berezia emango die. Sektorearen dimentsio teknikoa eta diziplina anitzekoa Borja Gómez Martínek ordezkatuko du. Borja Gómez Martínez arkitekto seniorra eta IDOMen proiektuen zuzendaria eta nazioarteko obra konplexuen kudeaketa teknikoan aditua da. Bere lana berrikuntza teknologikoa, eraginkortasun energetikoa eta paisajismoa uztartzeagatik nabarmentzen da. Horren guztiaren erakusgarria da sariak eskuratu zituen Bodegas Beroniaren proiektua.

Bestalde, Andrea García Crespo, arkitektoa eta BABELstudioren sortzaileetako bat, gaur egungo euskal arkitekturan gero eta garrantzi handiagoa duen kidea da. David Chipperfieldekin jaso zuen prestakuntza, eta eraikuntza-tradizioa zehaztasun tekniko eta estetiko zainduarekin berrinterpretatzeagatik nabarmentzen da. Bere estudioa erreferentea da birgaitze-lanetan eta eskala txikian. Bere proiektu esanguratsuenetako batzuk dira, adibidez, hauek: Azkarraga baserria edo Cabaña Aralar.

Kongresuarekin batera, Egurtekek erakusketa-gunea eskainiko du, produktu eta zerbitzu berritzaileekin. Orain arte, Estatu mailakoez gain, Italiatik, Frantziatik, Alemaniatik eta Errumaniatik iritsitako enpresa eta erakunde erakusketariek parte hartuko dutela baieztatu dute.

Baskegur-Euskadiko Egurraren Elkarteak antolatutako jardunaldi teknikoek, Innovation Workshopek eta networkingeko jarduerek osatuko dute kongresua. Gainera, bertako mugarri esanguratsua izango da Egurtek Sarien banaketa-ekitaldia. Hain zuzen ere, 80 lan inguru aurkeztu dituzte sarietarako. Sariek arkitekturarekin, interiorismoarekin, produktuaren diseinuarekin eta zuraren balioaren hedapenarekin lotutako proiektu eta ekarpen onenak aitortzen dituzte.

Egurtek Bilbao Exhibition Centrek antolatu du, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du erakunde mailako partner gisa, baita Infoeditaren, Bilboko Ingeniaritza Eskolaren/Euskal Herriko Unibertsitatearen, Baskegur-Euskadiko Egurraren Elkartearen eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren laguntza ere.